Lia Jachelini
(Bolzano, Adige Garaia, Italia, 2001)

Kortezubira etorri zen au pair 2020an eta, bide batez, Foruko barnetegian 9 hilabete egin zituen, goizez euskara ikasten. Orain, Donostian bizi da, eta Antropologia ikasketak egiten ari da EHUn. Hizkuntzak bizitzea, erabiltzea, atsegin du. Nabari zaio: euskaraz gain, italiera, alemana, ingelesa, gaztelania eta portugesa dakizki.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Txikitatik banekien Euskal Herria existitzen zela eta beste hizkuntza bat hitz egiten duzuela. Au pair programan izena eman nuenean, Bizkaiko familia batek idatzi zidan, eta hona etortzea erabaki nuen. Gaztelania eta euskara ikasi nahi nituen. Barnetegia bazegoela eta Kortezubiko Udalak diruz laguntzen zuela jakin nuen, orduan erabaki nuen barnetegian ikastea. Goizetan barnetegira, eta arratsaldeetan umeekin.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Hemengo hizkuntza delako. Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit. Tira, jendearekin hitz egitea eta komunikatzea gustatzen zait eta, horretarako, hizkuntza behar dut. Ez dut gustuko gramatika-eta ikastea, baina hizkuntza biziz ikastea bai.
Nolako prozesua izan duzu?
Hasiera, oso gogorra. Gogoan dut lehen eguna: ez nuen ezer ulertzen. Irakasleak euskaraz bakarrik hitz egiten zuen. Hitz bat ulertzen ez bagenuen, euskaraz azaltzen zuen esanahia. Beraz, oso gogorra. Baina gero hitz egiten hasi ginen, konturatu barik, naturalki. Bat-batean, elkarrizketa serioak izaten ari ginen.
Zer izan da zailena zuretzat?
Agian, hizkuntzan sartzea. Beste hizkuntzen oso desberdina denez, zaila da sartzea. Baina behin hori lortuta, ongi.
Eta errazena?
Komunikatzea. Beti saiatzen nintzen euskaraz egiten, eta, adibidez, arratsaldeetan, umeekin parkean, beste gurasoak euskaraz aritzen ziren beti. Hortaz, ederto.
Erabiltzen duzu?
Bai. Ikasketak euskaraz egiten ari naiz, esaterako. Orain arte, nahiko ondo moldatu naiz.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Musu-truk. Esanahia asko gustatzen zait.
Trikimailuren bat?
Ausartzea, beti euskaraz egiten saiatzea. Nahiz eta, agian, hitz egiteak lotsa eman, akatsak egiten dituzulako edo, saiatu beti euskaraz egiten. Izan ere, euskara ikasten ari bazara, aukera unean bertan aprobetxatu behar duzu. Beharbada, ikasturtea bukatu eta beste leku batera joango zara, eta ez duzu beste aukerarik edukiko. Hortaz, hitz egin eta praktikatu, horrela oso-oso arin ikasten da. Aprobetxatu unea, euskaraz.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.