Mertxe Rodriguez Serrano
Lasarte-Oria, 1968
Marimotots ezagunak gaztetan ikasi zuen euskara, baina oraindik ere euskaldun berritzat du bere burua, “harro, gainera”. Murgiltze prozesua etengabea duela dio aktore eta pailazoak, eta egunero ikasten duela zerbait. Horretan, hizkuntzarekiko maitasuna eta ingurukoen laguntza ezinbestekoak direla uste du, asko errazten diotelako euskaraz bizitzeko ahalegina. Eñaut Mitxelena.
Nolatan iritsi zinen euskarara?
Lasarte-Oria, garai hartan, oso erdalduna zen. Nik ingurune osoa erdalduna nuen: gurasoak, familia, lagunak, eskola... Euskara ez nuen ezagutzen; eskolan, irakasgai izan nuen, besterik ez. Institutuan, ordea, lagun euskaldunak egin nituen eta orduan hasi nintzen ezagutzen euskal mundua, euskara... Lagunekin, euskaraz hitz egiten hasten zirenean, ez nuen ezer ulertzen. Inbidia eta lotsa sentitzen nituen. Hortaz, hemengo hizkuntza izanik eta ni hemen bizita, bai edo bai ikasi behar nuela pentsatu nuen; ulertzeko, behintzat. Eta izena eman nuen AEKn.
Nolako prozesua izan zenuen?
AEKn zenbait urte eman nituen. Gutxieneko batzuk ikasi, eta barnetegi batera joatea erabaki nuen, murgiltzera. Errigoitin egon nintzen. Lau hilabeteren ondoren ulermena hobetu nuenez, hitz egiteko urratsa egin nahi nuen. Kuadrillan banuen lagun bat Iruñeko ikastola batean andereñoa zena. Euskaraz egiten zidan beti, nahiz eta nik gaztelaniaz egin. Eta, azkenean, aldaketa egiteko prozesua ailegatu zen. Harekin, erraza izan zen. Konparazioa egiteko, ikas prozesua zortzimilako bat egitea bezala izan zen niretzat. Pentsatzen dut zortzimilako bat igotzea poliki-poliki eta pausoz pauso prestatu behar dela. Horixe egin nuen nik. Euskara pixka bat menderatzen hasi nintzenean, beste ate bat ireki zitzaidan. Kultura, bertsolaritza, antzerkia euskaraz... hizkuntzak leiho hori zabaldu zidan, eta beste era batera bizitzea ekarri. Poliki-poliki egindako murgiltzea izan zen, baina etengabea.
Zer izan zen zailena zuretzat?
Hasiera haiek. Ni oso lotsatia izan naiz beti, eta barnetegira bakarrik joatea, hizkuntza menderatu gabe... gogorra egin zitzaidan.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Maite dut.
Trikimailuren bat?
Hasi nintzenean, hitz egiteko orduan, esaldiak neurera ekartzen nituen. Hau da, esaldi bat zaila izanez gero, erraztu, nik ondo dakizkidan hitzekin eta aditzekin. Aholku bat? Leiho hori ireki eta beste hizkuntza bat badela jabetzen zarenean, beste kultura bat, bizitzeko beste era bat, oso aberasgarria da, eta hasierako ahalegin horrek merezi du. Zeren eta gero, segituan egiten baituzu pausoa, konturatu gabe. Bizitza horrelakoa da: urratsak eginez, benetan maite duzun hori lortzen duzunean, zortzimilakoaren tontorrera ailegatzea bezala da ia-ia. Ni pozik bizi naiz, hori lortu dudalako eta gaur egun euskaraz bizitzeko gai naizelako.