Maialen R. Barcena
Habana, Kuba, 1989
2008an etorri zen Habanatik Donostiara bizitzera eta, astirik galdu gabe, familian bi belaunaldi atzera galdutako euskara berreskuratzeari ekin zion. Berreskuratu eta transmititu, bai familia barruan bai familiatik kanpo: irakasle ikasketak egina, 2018tik irakaslea da Donostiako Amara auzoko AEK euskaltegian. Eñaut Mitxelena.
Nolatan iritsi zinen euskarara?
Hegazkinez, kar-kar! Etorri bezain pronto hasi nintzen euskara ikasten. Kuban, euskal komunitate batean murgilduta nengoen, baina guraso erdaldunak neuzkan. Etxean ez nuen euskara jaso; gure komunitateari esker jaso nuen zerbait. Hitz gutxi batzuk bakarrik nekizkien. Hortaz, hona uztailean iritsi eta urrian dagoeneko euskaltegian nintzen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Nolabait, jada erabakita zegoen nire bizitzan. Gurasoek ez zidaten transmititu euskara, ez zekitelako, baina euskararekiko maitasuna bai. Txiki-txikitatik. Beraz, gorputzak eskatzen zidan, automatikoki egin nuen. Nire birraitona-amonak euskaldunak ziren, baina orduan galdu zen euskara familian. Bi belaunaldi behar izan ditugu berreskuratzeko. Neuk egin nuen, eta semea euskaldun zaharra dut. Familiarentzat altxorra izan da euskaldun zaharrak berreskuratzea.
Nolako prozesua izan zenuen?
Zoragarria, egia esan. Jolas moduan hartu nuen hasieratik eta asko disfrutatu nuen. Eskoletara joaten nintzen, gozatzen nuen, eta hortik kanpo beti saiatzen nintzen irratia entzuten, kalean adi entzuten, dendetan-eta euskaraz egiten... Bizitzen saiatzen nintzen, modu naturalean. Ez naiz gogor ikastekoa izan. Lau urte egin nituen euskaltegian, eta tartean bi barnetegi Arantzan. Barnetegiak funtsezkoak izan ziren nire burua askatzeko eta lotsa galtzeko. Barnetegia erabakigarria da ikasleen bizitzan. Eraldatzen zaitu, erabat. Euskara ikasleontzat, lotsa zama handia da, gaizki hitz egiteko beldurra gainean daramagu beti, baina nik lotsa han utzi nuen.
Zer izan da zailena zuretzat?
Lotsaren zama kentzea.
Eta errazena?
Beharrezko laguntza eskuratzea. Atzerritarra izanik Euskal Herrian euskara ikasten ari zarela diozunean, euskaldunek dena ematen dizute berehala laguntzeko. Asko eskertzen da. Zorte handia ere eduki nuen hemen, Amarako euskaltegian. Nik, adibidez, Koldo Alduntzin eta Aurea Sarasola irakasle izan nituen, eta beti sentituko naiz haien ikasle. Lehen irakasle eta orain lankide, etengabe ikasi dut haiekin.
Trikimailuren bat?
Ni euskararekin hasieratik maitemindu nintzen, eta pasioz egiten duzun edozer erraza da, egingarria, ez du aldaparik. Hortaz, gogoz eta ilusioz ikastea, zeure buruari oztoporik jarri gabe. Erraza dela sinetsiz gero, erraza da. Bestalde, funtsezkoa iruditzen zait umorearen bitartez ikastea, eta ikasteko prozesua jolas gisa hartzea.