Viveca Tallgren
Tornio, Suomi/Finlandia, 1992

Tallgren 2016an etorri zen Eskoziatik Hendaiara urtebeteko boluntario proiektu bat egitera. Ondoren, bertan gelditzea erabaki eta negozio bat ireki zuen lagun batekin. Gaur egun, kafetegi txiki bat du Hendaian, eta Euskal Herrian betiko geratzeko asmoa. Hendaiako Gau Eskolako B2 taldea. Argazkia: Ruben Cordon.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Hendaiara heldu berritan nintzelarik, Sagarno Egunera joan nintzen. Hantxe, neska bat ezagutu nuen, gerora nire lagun handia bilakatuko zena. Hendaiako gaztetxea irekitzeko sinadurak biltzen ari zirela esan zidan, eta margotze lanak egiteko laguntza behar zutela ere bai. Gonbidapena onartu, eta egun batean hara joan nintzen. Bertan ezagutu nuen euskara, baita gaur egungo nire lagun taldea ere.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Nire lagunei esker hasi nintzen. Haiek ulertarazi zidaten Euskal Herrian hizkuntzak duen garrantzia. Hala, 2017an ekin nion ikasteari, eta orain B2 mailan nago. Hastapenean, arno beltza eskatzen baino ez nekien.
Nolako prozesua izan duzu?
Euskara ikasteak denbora eskatzen du, beste hizkuntza batzuetan bezala. Zorionez, nire eguneroko bizimoduan asko entzuten dut. Esaterako, nire lagunek euren artean euskaraz hitz egiten dute, horrek asko laguntzen dit. Gainera, neure buruari erran nion euskaltegia ez uzteko, eta horrela beti gauza berriak ikasten segitzen dut.
Zer izan da zailena zuretzat?
Zailena mintzatzea da. Baina jendea ezagutzen ez badut, errazagoa da; kafetegiko bezeroekin, adibidez.
Eta errazena?
Errazena Euskal Herriko kulturan sartzea izan da. Izan ere, euskaldunak ezagutzea eta haiekin harremanak ukaitea naturaltasun osoz bizi izan dut. Euskara gehiago maitatzeko eta balioesteko balio izan dit.
Erabiltzen duzu?
Nire lagunekin eta bikotekidearekin oraindik ez dut askotan erabiltzen, oso lotsatia naizelako. Haiekin euskaraz mintzatzea ez zait batere erraza egiten, eta horixe dut
orain erronka. Lanean eta ezezagunekin askoz gehiago erabiltzen dut, eta AEKko ikaskideekin ere bai, bistan denez!
Gustuko hitza edo esamoldea?
Begi gose, tripa ase. Nire bikotekideak anitzetan aipatzen dit esaldi hau, jatetxeetan askotan janari gehiegi eskatzen dudalako.
Trikimailuren bat?
Trikimailurik onena euskaltegira joatea da. Nahiz eta batzuetan nekatua izan, pazientzia ukaitea oso garrantzitsua da: ikasteko, denbora behar da; hortaz, ez utzi ikasteari eta aurrera beti!.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.