Lori Sundstrom
Brooklyn, New York, 1954

Maitasunak ekarri zuen Sundstrom Euskal Herrira. 1977an, bost hilabetez egon zen hemen, eta ondoren, 1979tik aurrera egundaino. Ingeles irakasle eta itzultzailea, lanak uzten zionean saiatzen zen euskara ikasten. Erretiroa hartuta, aurten Donostiako Gros auzoko Irrintzi euskaltegian ibili da, B1 mailan, eta jarraitzeko asmoa du. Eñaut Mitxelena.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
New Yorken, batez ere Brooklynen, ehunka hizkuntza entzuten ziren. Beti gustatu izan zitzaidan hori. Hala, eskolan, frantsesarekin hasi nintzen, gogo handiz. Irakaslea oso ona zen. Argazkilaria ere bazen, eta oso txirrindularitzazalea. Ipar Euskal Herrian ibilia, eskolan bere bidaiak kontatzen zizkigun, eta hari esker jakin nuen zer diren euskara eta Euskal Herria. Gero, unibertsitate garaian, ahizparekin Europara etorri nintzen motxilero. Ahizpa itzuli egin zen, baina ni ez, eta urte eta erdiz Londresen aritu nintzen lanean. Behin Donostia bisitatu eta orduan ezagutu nuen gerora nire senarra izango zena, euskalduna.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Zergatik ez ikasi? Hemen bizi zara, eta bi leiho daude: bat irekia eta bestea itxia. Zergatik ez duzu irekitzen? Niri pena ematen dit gehiago egin ez izanak.
Nolako prozesua izan duzu?
1977an ez zegoenez euskaltegirik, senarraren lagun baten anaiak ematen zizkidan eskola partikularrak. Gero, AEBetara joan nintzen, eta 1979an etorri ginen hona senarra eta biok. Ilazki euskaltegian hasi, baina hasi eta utzi ibiltzen nintzen, lanak ateratzen zitzaizkidalako. Urte askoan ibili izan naiz horrela. Aurten, bizitzan lehen aldiz hasi eta amaitu dut ikasturtea euskaltegian.
Zuk jakin ez, baina familian bazenuen Euskal Herria ezagutzen zuenik.
Aitona Ternuakoa zen, marinela, baina 1929an, Depresio Handian, New Yorkera joan zen eraikuntzan lan egitera. 1977an, Gabonetan, familia batu ginen eta non bizi nintzen azaltzen saiatu nintzen. Bada, aitona euskal kostaldeko herrien izenak aipatzen hasi zen: Bermeo, Lekeitio... arrantzaleei entzunda ezagutzen zituen izenak. Niretzat oso polita izan zen.
Zer izan zen zailena zuretzat?
Jende askok dio oso zaila dela, baina niretzat ez. Nire plazerik handiena irakurtzea da, eta esaldi bakoitza desafioa da. Igual den-dena ulertu ez, baina irudika dezaket eta hariari jarrai diezaioket. Oso logikoa da, eta gramatika ez zait zaila iruditzen. Aditz taulak, aldiz... horiek dira zailenak niretzat. Arazoa ez da ulertzea, gogoratzea eta erabiltzeko erreflexuak izatea baizik.
Trikimailuren bat?
Niretzat, munduko gauzarik tristeena da jendea euskararen kontra hitz egiten entzutea, beste hizkuntza bat ikasi nahi ez izatea. Ez zait hain zaila iruditzen, desberdina da, besterik gabe. Eta hori polita da. Munduan ez dut hizkuntza bakarra nahi.

 


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.