Fernando Rey Escalera
Iruñea, 1961
Medikuntza eta Kirurgia ikasketak egina bada ere, 1988tik itzultzaile ari da Nafarroako administrazioan. Literatur lan ugari ekarri ditu euskarara italieratik eta gaztelaniatik, eta itzulpengintzako Euskadi Literatur Saria ere jaso zuen, 2007an. Itzuli duen azkena, Pier Paolo Pasoliniren Kale gorriko umeak (Igela).
Nolatan iritsi zinen euskarara?
Hamalau urte nituela, nire auzoan, Txantrean, euskara eskolak ematen hasi ziren. Banekien Nafarroan bazela beste hizkuntza bat, nik ezagutzen ez nuena. Frankismoaren bukaerako urte haietan, gizartea aldatzeko nahiarekin batera piztu zen auzoan gure beste hizkuntza horrekiko zaletasuna. Eta iruditu zitzaidan ikasi egin behar nuela. Langile askorekin batera hasi ginen gau eskola batean euskara ikasten.
Zergatik erabaki zenuen ikastea?
Gure aldarrikapenen artean, bazegoen aski baztertua eta ahul zegoen beste hizkuntza hori aupatzea. Niri bi kontzientzia piztu zitzaizkidan batera: ezkerreko kontzientzia (gurea langile auzoa da) eta abertzaletasuna, euskaltzaletasuna. Uste nuen kontzientzia horiek ez zirela izan behar apaingarria, baizik eta benetan bizi ditudan gauzak. Euskara funtsezko osagarria zen horretan.
Nolako prozesua izan zen?
Hamazazpi urte nituenerako franko ongi moldatzen nintzen. Gero, Arantzako baserri batera joan nintzen, eta hantxe murgildu nintzen egiazko euskaran. Iruñeko gau eskola AEK sortu berrian sartu zen, eta euskaldundu ginen batzuk han hasi ginen irakasle. Orduan murgildu nintzen gehiago eta, segi eta segi, euskararekin maitemindu nintzen. Harrezkero, beti egon naiz euskararekin bat eginik.
Zer izan zen zailena zuretzat?
Egia esan, ez zitzaidan zaila iruditu. Aldi berean ikasi nituen euskara, gauez, eta ingelesa, institutuan. Bigarrena ez nuen maite eta zaila egiten zitzaidan; euskara, ordea, maite nuen, eta erraza iruditzen zitzaidan. Gainera, euskaltzaletasunaren suarekin, berehala saiatzen ginen lagunon artean euskaraz egiten eta eguneroko bizimoduan txertatzen, eta, ondorioz, ez zitzaidan zaila iruditu.
Eta errazena?
Euskara aski hilik zegoen Iruñerrian garai hartan, baina mila erreferentzia genituen. Gure ondoan zeuden gauza askori begiratzen hastea ere izan zen, nolabait: abizenak, toponimia... Oso hizkuntza logikoa iruditu zitzaidan, eta oso polita. Eta funtzionamendua zoragarria da.
Trikimailuren bat?
Nik askotan egiten nuen euskaraz neure buruarekin. Eskolatik etxerako bidean, “gaur zer egin dudan kontatuko diot neure buruari”. Eta bakarrizketan hasten nintzen. Izan ere, sarritan, gauzak behin eta berriz esan behar dira, barneratzeko. Segur aski baten bati irudituko zaio zoroen kontua dela, baina nik hala egiten nuen.