Alia Salinas Pipaón
Bilbo, 1985

Bilbotarra sortzez, azken urteak Arabako Parke Naturaletan lan egiten eman ditu, ingurumen hezitzaile eta basogintzako lanetan. Gaur egun, Nafarroako herri txiki batean bizi da, eta basoa eta mendia ditu pasio. Eskolan, gaztelaniaz ikasi zuen, baina gaztetan piztu zitzaion euskaraz bizitzeko nahia.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Gaztetako giroa euskalduna izan nuen, eta horrek euskararekiko jakin-mina garatzera bultzatu ninduen. Euskaraz komunikatzeko ezintasunak txarto sentiarazten ninduen, gaizki egiteak lotsa handia ematen baitzidan; beraz, 18 urte nituelarik, euskaltegian eman nuen izena. Uda hartan barnetegi batera joan, eta giltzarria izan zen, euskararekin oso modu dibertigarrian konektatu nuelako eta jendaurrean euskaraz egiteko ausardiarekin itzuli nintzelako. Urte askoan nire kabuz, hau da, euskara erabiliz eta sentituz, ikasi nuen. Hamaika urtera, berriro bueltatu nintzen euskaltegira, C1 egiaztagiria eskuratzeko asmoz.
Zergatik erabaki zenuen ikastea?
Euskaraz bizitzeko nahia eta beharra piztu zitzaizkidalako.
Nolako prozesua izan da?
Hasieran, frustragarri samarra izan zen, ezgaitasunaren mamuak agerian zeudelako, baina berehala gustua hartu nion eta hobekuntzak igarri nituen nire euskara mailan.
Zer izan da zailena zuretzat?
Hiztegia ikastea eta jendaurrean berba egiten ausartzea.
Eta errazena?
Gramatikaren logika ulertzea.
Une barregarriak ere sortuko ziren…
Bai, asko! Unerik barregarrienak barnetegian bizi izan nituen: ikaskideen artean, hitz eta esaldi asmaketa itzela zen, eta euskararen antza zuen guztia, ongi etorria. Irakasleekin, aldiz, pixka bat gehiago mozten ginen, eulitu ez zitezen... kar-kar!
Gustuko hitza edo esamoldea?
Hitza, harreman (hartu eta eman). Eta ez naiz oso esamoldezalea, baina bati estimua diot, C1eko ahozko azterketan erabiltzea gainditzeko gakoa izan zela uste dudalako: Hamaika ikusteko jaioak gara.
Trikimailuren bat?
Lotsa eta beldurrak galdu. Emozio horiekin apurtuz gero, euskararekiko duzun harremana erabat aldatzen da. Lagun euskaldunik eduki ezean, berbalagunak egiteari ezinbestekoa deritzot. Horretaz gain, irratia entzuteak eta euskarazko abestiak aztertu eta ulertzeak asko motibatu ninduen.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.