Adrian Cervetto
Alacant, Herrialde Katalanak, 1992
Duela bi urte eta erditik ari da euskara ikasten Alacanteko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Katalan Filologia ikasia, valentziera irakaslea da. Duela zenbait hilabete, bat-batean egin zen ezaguna euskaldunon artean, Twitterren euskara praktikatzeko kontua zabaldu eta denbora gutxian jarraitzaile eta animo oldea jaso ostean.
Nolatan iritsi zinen euskarara?
Katalana eta euskara konparatzeko lan bat egin nuen unibertsitatean, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gero, Alacanteko Hizkuntza Eskola Ofizialean euskara irakasten zela jakin nuenean, berehala eman nuen izena.
Zergatik erabaki zenuen ikastea?
Bi arrazoirengatik. Lehenengoa, hizkuntza oso interesgarria iruditzen zitzaidalako. Desberdina da. Ez da hizkuntza erromanikoa... Bigarrena, hizkuntza gutxituek hiztun gehiago behar dituztelako. Uste dut hizkuntza gutxituak babestu egin behar ditugula. Euskal Herrira banoa, euskaraz hitz egin nahi dut.
Nolako prozesua izan duzu?
Oso interesgarria eta dibertigarria izaten ari da. Lan asko izaten dut, baina euskara eskolak dira nire motibazio nagusia. Euskara eskola dudan egunetan, oso pozik egoten naiz, aste barruko nire mementorik gogokoena izaten dira.
Zer izan da zailena zuretzat?
Gramatikalki, nire ustez, sintaxia. Adibidez, esaldien ordenan akats asko egiten dut. Subjektua, aditza... Bestela, hitz egiteko orduan, zailena da ez dudala jenderik praktikatzeko. Batzuetan, ikaskideekin edo Internetez hitz egiten dut jendearekin.
Eta errazena?
Beste guztia. Esaterako, aditzak errazak dira, gaztelaniaz baino errazagoak. Zailak dirudite, baina ez da egia, nire ustetan. Zer gehiago? Beste guztia. Batez ere, irakaslearen lanari esker: oso ona da eta oso erraza egiten du.
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Nire une dibertigarriak eskolak dira; oso barregarriak dira. Halere, barregarriena da ingelesez hitz egiten saiatzen naizenean euskarazko zerbait ateratzen zaidala beti: bai, noski... Beti esaten dut zerbait euskaraz.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Hitz asko poetikoak iruditzen zaizkit, beren etimologiarengatik. Esate baterako, harreman oso polita da. Eta ilargiaren etimologia ere oso interesgarria da.
Trikimailuren bat?
Nik ez dut, baina lotsarik eza trikimailu ona da. Beti egingo ditugu akatsak, normala da... baina garrantzitsuena da lotsa baztertzea, hitz egitea eta praktikatzea.