Mikel Saiz Liendo
Bilbo, 1973

Saiz Bilboko Zorrotza auzokoa da, “zorrotzar peto-petoa”: bertan bizi da, bertan egiten du lan eta Zorrotzako AEKn dabil euskara ikasten. Lanean gaupasa eginda joaten da euskaltegira, “askotan, irinez zikinduta”, okina delako. B2 mailan dabil, baina bere helburua ez da tituluak lortzea, “ikastea eta erabiltzea” baizik.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Betidanik entzun izan dut, alde batetik edo bestetik. Eskolan irakasgai eduki nuen, baina 16 urterekin lagunekin batera hasi nintzen serioago ikasten, eskolan sortu zuten talde batean. Urtebete pasatuta, utzi egin nuen, baina lanean hasi nintzenean berriro ekitea erabaki nuen.
Zergatik erabaki zenuen hori?
AEK-k etxe azpian ireki zuen euskaltegia, oso alferra izan behar nuen ez joateko! Urtebetera, ordea, berriro utzi nuen, parranda pixka bat ere gustatzen zitzaidan... Gero, ezkondu egin nintzen; emazteak euskaltegi honetan ikasi zuen euskara, EGA lortu arte, eta alaba euskaraz egiten ari da ikasketak. Hortaz, duela bost urte eman nuen izena berriro, eta orain B2 mailan nago, jo eta ke bukatu arte! Baina helburua ez da tituluak ateratzea, baizik eta ikastea eta erabiltzea.
Nolako prozesua izan duzu?
Bi orduz etortzen naiz euskaltegira, astelehenetik ostegunera. Berbalagun taldeetan ere hartzen dut parte, hori da gehien gustatzen zaidana: noizean behin txangoak mendira, Durangoko mintzataldekoekin; ostegunetan, kafetegira euskaltegitik irten ondoren; baita mintzo-potea ere, nik horrela esaten diot pintxo-poteari, kar-kar! Eta ostiraletan, ez daukagunez eskolarik, kafea hartzeko geratzen gara, pixka bat gehiago hitz egiteko.
Zer izan da zailena zuretzat?
Gramatika, oro har. Aditzak...
Eta errazena?
AIZU! aldizkaria irakurtzea, kar-kar! Eta denbora-pasak egitea, nahiz eta batzuetan soluzioak begiratu.
Erabiltzen duzu euskara?
Bai, gero eta jende euskaldun gehiago ezagutzen dut. Abantaila handia da, eta Euskaraldiak ere asko lagundu du.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Musu-truk hitza asko gustatzen zait, baita duela gutxi Iñigok (euskaltegiko irakaslea) irakatsi didan Ogi gogorrari, hagin zorrotza atsotitza ere.
Trikimailuren bat?
Batez ere, mintzataldeetan praktikatzea. Eta Bizkaia Irratia ere entzuten dut orduero. Gero eta gehiago ulertzen dut bizkaieraz ere!

 


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.