Jose Antonio Lopez Villegas
Bilbo, 1948

Banketxeko langile jubilatua, gaztetatik ibili izan da euskara ikasten; eskolak jasotzen beti ez, baina euskara lantzen bai, batez ere asko irakurriz. Egun, Lizardi AEKn dabil, C1 mailan, beste euskaltegi batean egon ostean. Lehenago Santutxuko AEKn aritu zen ikasten, “hortaz, iturrira etorri naiz berriz, AEKra”. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Maider del Olmo.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Zorretan gaude hemengo jendearekin. Kanpotarrentzat, Euskal Herrian bizi garenok vascos gara. Vascos horren barruan, euskaldunak eta erdaldunak daude. Ni orain arte erdalduna izan naiz, baina hori aldatu eta euskalduna izan nahi dut. Nire xedea ez da titulua lortzea, baizik eta titulua lortzeko beharrezko guztia jakitea. Euskaraz berba egitean ez dut euskara guztiz zuzena egingo, gutxi gorabeherakoa izango da, baina zenbat eta hobea egin, hobeto.
Nolako prozesua izan duzu?
Euskaltzaindiaren lehen egoitzan hasi nintzen euskara ikasten, 24 urterekin, ezkonberria nintzenean. AEK ez zen existitzen. Juanjo Zearreta, Ricardo Badiola... izan nituen irakasle. Zera pentsatzen nuen: gu ez bagara euskaldunak, gure seme-alabak izango dira. Horregatik hasi nintzen. Zeren, arraioa!, urduri jartzen nau kalean jendea seme-alabei “Ion, etorri pa’cá a coger la merienda” esaten entzuteak. Egin euskaraz pixka bat gehiago! Edo jendea txakurrekin eta zerbitzariekin euskaraz egiten, baina gero batere ideiarik ez! Bestelakoan, euskararen arlotik kanpo ez naiz inoiz egon. Batez ere irakurri egin dut. Halere, hori ez da nahikoa. Hitzak elkartzeko eta bai, baina beste pertsona batekin euskaraz ongi konpontzeko, AEKra edo beste euskaltegi batera joan behar duzu.
Zer izan da zailena zuretzat?
Betiko leloa da: euskara oso zaila da. Antzina esaten zen ezin zela euskara ikasi, ez bazen amaren bularretik. Hori sabinokeria hutsa zen. Ez da hainbesterako. Ongi ikasten baduzu, ez dago gauza zailik. Niretzat zailena hiztegia da. Aditza oso zaila dela ere esaten da, baina nik uste errua ez dela euskararena, guk eskaintzen diogun denborarena baizik.
Erabiltzen al duzu?
Ahal dudan guztietan. Baina txakurrik ez daukadalako, ezin dut txakurrekin berba egin. Andreak ez daki, baina alabekin eta ilobekin euskaraz egiten dut. Kalean ere bai, lagunekin.
Trikimailuren bat?
Trikimailu bakarra lotsa galtzea da. Ongi ala txarto, baina euskaraz egitea. Eta ukondoak mahai gainean jarri, besterik ez. Nik faltan sentitu dut, eta egin beharrekoa dut, irratia entzutea eta telebista ikustea. Bestalde, nola ez, irakasleari kasu egin behar zaio. Hori da kontu nagusia. Tira, eta hari neurria hartzea, kar-kar! Hau da, irakasleek gauza asko dakizkite, baina ez dena; eta nik gauza gutxi dakizkit, horien artean irakasleak ez dakizkien zenbait gauza.

 


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.