Iñaki Errea
Erroibar, 1965

Telebistatik da ezaguna Errea kazetaria, ETBren Iruñeko korrespontsalian urteak baitaramatza. Lehenago Radio Euskadin eta Euskadi Irratian ere lan egin zuen. Nahiz eta bere ama hizkuntza euskara izan, Frankismoak galarazi zien etxean. Hala, Iruñera joan zenean berreskuratu zuen, eta ordutik euskaraz bizi izan da nagusiki. Eñaut Mitxelena.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Aitak bazekien euskara, baina Frankismoan debekatu egin zioten. Nik ere garai horretan ikasi nuen, Zilbetiko eskola publikoan, kutsu frankista zuena. Franco hil zen urtean Iruñera etorri eta hasi nintzen euskara ikasten. Argi eta garbi esanda, militantziagatik ikasi nahi nuen, euskara nirea zelako: familian lapurtu egin ziguten, debekatu, zigortu, eta horregatik erabaki nuen berreskuratu behar nuela.
Nolako prozesua izan zenuen?
Oso berezia. Joan d'Amendux gau eskolan hasi nintzen, Iruñeko Vazquez de Mella eskola zaharrean. Badut orduko egundoko bitxikeria: 1981eko estatu kolpe saialdiaren gauean, eskola nuen; ikasleak iritsi ginen, baina irakaslea ez, hanka egin zuelako. Guk erabaki genuen hobe genuela etxera joatea. Ondoren, Arturo Campion euskaltegian ibili nintzen, garai hartan AEK barruan zegoen. Kazetaritza ikasketak egiten ari nintzenean hasi nintzen. Biribiltzeko, ohiko eskolez gain, udan edo irailean egiten ziren ikastaro trinko guztiak aprobetxatzen nituen. Azkeneko bultzada, askok eta askok bezala, barnetegi batean jaso nuen. Funtsezkoa izan zen niretzat.

Zer izan zen zailena zuretzat?
Ez dut sentsazio txarrik. Militantziagatik hasi nintzen euskara ikasten, gustura, eta niretzat euskara ikastea aisialdia bezalakoa zen. Arturo Campion euskaltegiko oso-oso oroitzapen politak dauzkat, are politagoak barnetegikoak, gau eskolan egindako pausoak ere ederrak izan ziren... Tira, beti esaten genuen aditzak eta bestelakoak, deklinazioak eta, zailak zirela ikasteko; atzera begira jarrita, ordea, niretzat ez zen gauza zailik izan, oso gustura ikasten nuen.
Eta errazena?
Oso erosoa zen, adibidez, Arturo Campion euskaltegiak erabiltzen zuen irakasteko eredua. Boligrafoak eta koadernoak alboratuta aritzen ginen beti. Mintzatu, antzezlanak egin... horretan eroso sentitzen nintzen.

Gustuko hitza edo esamoldea:
Segi bizkor. Aitari ikasitakoa, beti erabiltzen dut.
Trikimailuren bat?
Nik bizi izandakoa argi dut: burua alde batera utzi eta bihotzarekin ikasten hasi. Orain, askok helburuak jartzen dituzte aurretik, tituluak. Nik ez nuen horren presiorik garai hartan. Horrek bultzatu egiten zaitu. Hasi, eta erreka batean sartzea bezala da: urak berak eramaten zaitu.



Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.