La Furia (Nerea Lorón)
Cascante, 1983
Erriberakoa da La Furia musikaria, euskarak oso presentzia txikia duen eskualdekoa, baina beti egon da euskarari lotua. Egun, Arrasaten bizi da, bertako AEKn dabil “super gustura”, eta euskaraz “asko” bizi da: “Erosketak egitean, kalean, semearen eskolan...”. Sorkuntzan ere gero eta gehiago baliatzen du euskara. Eñaut Mitxelena.
Nolatan iritsi zinen euskarara?
Euskara hasieratik egon da nire bizitzan. Hasteko, izenarekin: nire familian eta Erriberan ez zegoen jende askorik euskal izenarekin. Txikitan, Tuterako Argia ikastolan hasi nintzen, hor hasi nuen euskararen bidea. Ondoren, Cascanteko eskola publikoan. Familian eskola publikoaren aldekoak ziren eta amak, Cascantekoan maistra izanik, konpromiso handia zuen. Besteak beste, euskara ikasgai izatea lortu zuen. Euskal udalekuetara joaten nintzen, eta institutuan ere euskararekin jarraitu nuen. Helduaroan, Bilbon eta Donostian ibili izan naiz euskaltegian.
Helduaroan zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Pixka bat kontraesankorra da nire bizitzan. Batetik, euskara nire barneko parte dela sentitzen dut. Bestetik, ez da egia erakundeak euskararen demokratizazioa bultzatzen ari direnik, eta zaila egiten zait hori ikustea. Euskara, askorentzat, negozioa da, eta askok sufritzen dugu. Bestalde, dena pentsamendu bakarrerantz doa garaiotan, eta euskara ikastea politikoki nire herriaren erresistentzia ekintza iruditzen zait. Justiziagatik ere bada: euskara hitz egiteagatik isilduak izan zirenengatik.
Erabiltzen al duzu?
Batez ere, umearekin eta haren ingurunearekin. Oso eroso sentitzen naiz Arrasateko lagunekin, eta asko hitz egiten dut euskaraz. Beste testuinguru batzuetan, ez. Dena ezin dut euskaraz egin. Halere, ikasi nahi dut eta zera nabarmendu nahi dut: euskara ikastea ez da sekulako ahalegina; nik izugarri disfrutatzen dut, eta oso pozik nago. Niretzat, euskaraz komunikatzea nire iraganari eta nire familiaren erabakiei justizia egitea da. Halere, ostiak ere jasotzen ditut alde guztietatik.
Erasoak jasan dituzu?
Txikia nintzenean, Erriberan, denetik entzuten nuen euskara ikasteagatik. Orain ere bai: euskara gaizki hitz egiten dudala… Korrikaren abestia egin nuenean ere asko kritikatu ninduten, gero sare sozialetan gaztelania erabiltzen nuela esanez. Jakina, oraindik ez dut euskaraz ongi egiten! Horretan nabil, ikasten. Bidea egiten ari naiz poliki-poliki. Orain, nire burua euskaldun gisa legitimatzen ari naiz.
Zer izan da zailena zuretzat, eta zer errazena?
Zailena, nor-nori-nork. Errazena, lagunekin edozein gairi buruz hitz egitea naturaltasunez. Niretzat errazagoa da euskara kalean bizi dudanean, nahi gabe barneratzen dudalako.
Trikimailuren bat?
Euskaldunez inguratzea. Euskara zure bizitzaren parte bada, zure aisialdiaren parte, ikasteko gogo handiagoa izango duzu.