Raul Lozano Otero
Ortuella, 1968

Pixkanakakoa, baina etenik gabea, halakoa izan du harremana euskararekin Lozanok. Txikitan ahal zuen moduan eta eskura zituen baliabide apurrekin ikasten hasi, eta unibertsitateko ikasketak amaitu ostean burutu zuen ikasprozesua, AEKn. Egun ere AEKn dabil, baina lanean: IKT Saileko kide prestua1 da. Eñaut Mitxelena.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Erabakia baino, prozesu naturala izan da, jaio nintzen eta beti bizi izan naizen herrialdeko hizkuntza baita. Txikia nintzenean, euskararen presentzia ez zen oso handia Meatzaldean, eta normalean agurretan, karteletan eta herri aldarrikapenetan baino ez zen agertzen. Denbora joan ahala, presentzia hori indartu egin da, baina ez da erabat aireratu. Euskararen garapenean oso inplikatuta dauden pertsona eta kolektibo batzuek lan handia egin duten arren, oraindik bide luzea dago egiteko.
Nolako prozesua izan zenuen?
Kristau eskola batean ikasi nuen eta fraide batzuk euskaldunak ziren. Euskararekin izan nuen lehen harreman akademikoa OHOko 5. mailan izan zen, testulibururik gabe, ikasteko baliabide gehiegirik gabe, errepikapenean eta ahozko ariketetan oinarritutako ikaskuntzarekin. Euskara irakasgaietako bat izan nuen UBI amaitu arte. Ikasturtez ikasturte, baliabideak handiagoak ziren, behintzat, eta testuliburuak bagenituen. Ahaleginduz, euskaraz gutxi gorabehera moldatzeko oinarria lortu genuen. Unibertsitateko ikasketak bukatu ondoren, AEKn matrikulatu nintzen eta pixkanaka mailak gainditu nituen. Baliabide didaktikoak handiagoak ziren eta metodologiak ez zuen zerikusirik aurretik ikusitakoarekin.
Zer izan zen zailena zuretzat, eta zer errazena?
Gogoan dut ikasten hasi nintzenean kosta egin zitzaidala ergatiboa ulertzea; borroka hutsa izan zen subjektuaren amaieran -k eranstea plurala izan gabe. Beste hizkuntza batzuekin alderatzen2 nuelako kostatu zitzaidan logika ulertzea. Gaur egun ere, antzeko soinua duten aditz batzuk badirenez, erabiltzen ditudanean ondo pentsatu behar izaten dut, ez nahasteko. Errazena, ez dakit... baina, aurrera egin ahala, ohartzen zara logika batzuk errepikatzen direla, eta horrek ikaskuntza errazten du. Adibidez, zer-nori-nork baldintzari heltzen diozunean.
Erabiltzen al duzu?
Batez ere, lanean, eta lanetik kanpo lagun euskaldunekin; horietako asko AEKn ezagutu ditut.
Trikimailu edo aholkuren bat orain ikasten ari direnei emateko?
“Zeure burua igerilekura botatzea”, akatsen beldurrik ez izatea eta burugogor3 samarra izatea, etengabe hobetzen saiatzeko. Halaber, giro euskaldunetan murgiltzen saiatzea, batik bat euskara hitz egiten den herrietara joanez edo euskal kulturako ekintza eta ekitaldietan parte hartuz. l

1. Prestu: formal, serio.
2. Alderatu:
konparatu, erkatu.
3. Burugogor:
obstinado, -a (es), obstiné, -ée (fr).

 


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.