Adrián Ríos
Madril, Espainia, 1991

Ríos 2019an heldu zen Gasteizera bere txakur Irisekin batera. Egun, Agurainen bizi dira. Naturaz gozatu eta liburu bat izaten du beti eskuan. Hasieratik hasi zen euskara ikasten, eta harro dago horretaz. Orain, erabili, defendatu eta bultzatzeko asmoa du. Ruben Cordon.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Lagunartean, Euskal Herriko musika entzuten genuen, ska eta punka, batez ere. Beraz, beti esaten dut Fermin Muguruza izan zela nire lehen irakaslea. Bestalde, politikak interes handia sorrarazten zigun, eta horren bidez ere hitz batzuk ikasi nituen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Errespetuagatik. Hemen biziz gero, euskaldun jendearekin hitz egin nahi nuen, baina haiek beren hizkuntza aldatu behar izan gabe. Gainera, euskal giroan murgiltzea garrantzitsua iruditzen zitzaidan.
Nolako prozesua izan duzu?
Gasteizera ailegatu bezain pronto, Errekaleorreko Asketegia egin nuen, eta gero AEKn ikasi nuen bost urtez jarraian. Bestalde, euskaldunek nirekin izan duten jarrera oso gertukoa izan da eta, ondo hitz egin ez arren, beti aurkitu izan dut behar nuen laguntza hori.
Zer izan da zailena zuretzat?
Agian, denbora. Hau da, Gasteizen, euskaltegiko eskolak astelehenetik ostiralera ziren; astean bost egun eta bi ordu egunero-egunero, eta horrek denbora kentzen du. Beharbada, hori izan da niretzat gogorrena, zeren teoriari eta halakoei dagokienez euskara hizkuntza bat da, poliki-poliki ikasten dena, eta kito!
Eta errazena?
Nire ustez, euskara oso logikoa da; hortaz, zatitxo bat ikasitakoan hurrengoa errazagoa da. Adibidez, atzizkiak: nongo galdera ikasten duzunean, ondoren beti da berdina.
Erabiltzen al duzu?
Egunero eta 24 orduz. Hemengo lehengo egoera nik ez dut ezagutu, baina baiezta dezaket orain euskaraz bizitzea posible dela. Batzuetan, estres linguistikoaren ondorioz ez dugu jakiten zein hizkuntza erabili; hala ere, nire inguruan, behintzat, euskararen ezagutza nabarmena da.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Madarikatua. Hitzaren soinua gustatzeaz gain, ikasi nuen lehen hitzetako bat da, Zu atrapatu arte abestiari esker.
Trikimailuren bat?
Hasieran, ireki begiak eta belarriak! Hots, entzun jendeari, irakurri kartelak, so egin publizitateari... Ondoren, sakelako telefonoan zein ordenagailuan ezar ezazu euskara hizkuntza gisa, irakurri euskaraz eta, batez ere, mintzatu lotsarik gabe.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.