Laura Medina Molina
Mirimire, Venezuela, 1981

Medina erizaina da, Barakaldon bizi da eta Osakidetzan egiten du lan, Basurtoko ospitalean. Bederatzi urteko semea dauka, Unax. Haurdun geratu zenean, umeak euskalduna izan behar zuela erabaki zuen. Ikasprozesua ez omen zen gozoa izan, baina euskarak gauza asko eman dizkio: lana, lagunak... M. Egimendi.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Txikitan, aitaren ezagun euskaldun batek piztu zidan jakin-mina. Eta izebak mapamundia oparitu zidanean, handitan bidaiatu egingo nuela erabaki nuen. Unibertsitatean, arbaso euskaldunak zituzten ikaskideak ezagutu nituen, eta ikasketak amaitutakoan Europara etorri nintzen. Euskal Herria ez zen lehen helmuga izan, baina hemen ezagutu nuen semearen ama izango zena eta bertan geratu nintzen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Haurdun geratu nintzenean hasi nintzen ikasten. Bikotekidea euskalduna zen, gustatzen zitzaizkidan hizkuntza, euskal kultura, Euskal Herria... Unax jaio zenean ere euskaltegian jarraitu nuen, etenik gabe. Bost urtean lortu nuen B2a, duela lau urte.
Nolako prozesua izan duzu?
Lehen urtea oso gogorra izan zen, ez nekien ezer! “Non sartu zara?!” esaten nion neure buruari, baina gero martxa hartu nuen eta gaur arte! Ez diot inoiz ikasteari utzi.
Zer izan da zailena zuretzat?
Ezin nuen beste ezerekin konparatu, anestesiarik gabeko prozesua da. Ez zen gozoa izan: lana, ume txikia, euskaltegia... Hala ere, ez uztea erabaki nuen, berriro hastea oso zaila izango zelakoan.
Eta errazena?
Ezer ez! Euskara ez da erraza izan niretzat, erronka baizik. Diziplina behar izan dut, baina polita izan da. Euskarak gauza piloa eman dit: lan finkoa, semea, emazte ohia, lagunak, giroa, kultura... dena!
Erabiltzen duzu?
Unaxekin beti, elkarrekin ikasten dugu. Txarto edo ondo, euskaraz egiten dugu, euskara gurea ere badelako. Berbalagun talde batean ere banabil. Dagoeneko lagunak gara, astero elkartzen gara, baita bertso afarietara joateko ere. Euskara oso presente dago nire bizimoduan, semearen ikastolako edo kiroldegiko langileekin ere bai.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Likatsu’ asko gustatzen zait. Eta askotan esaten dut “Besterik ez genuen behar!” edo “Ez dut ur handitan sartu nahi”. Buruz ikasten nituen horrelakoak, azterketa idatzietarako hitz asko zirelako, kar-kar!
Beste trikimailuren bat?
Egunero hitz berri bat ikastea, gutxienez; gaur egun ere egiten dut. Niretzat, erraztasunez eta konfiantzaz hitz egiteko, oso garrantzitsua da hiztegia edukitzea.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.