Aritza Bergara
(Sestao, 1972)
Nagusiki euskal mitologia eta thrillerra lantzen dituen idazlea, euskal mitologiaren eta kulturaren dibulgatzailea, musikaria eta musika tresna tradizionalen sustatzailea... Bere “pasioei” jarraikiz, arlo askotan aritzen da euskara gaztetan ikasi zuen sestaoarra.
Nolatan iritsi zinen euskarara?
Sestaoarra naiz, eta Sestaon oso jende gutxik egiten zuen euskaraz. Garai hartan D eredua abian jarri zuen Euskal Herriko lehen eskola publikoa izan zen nirea. Gurasoak, beste guraso batzuekin batera, hori lortzeko borrokan aritu ziren. Halere, D eredura pasatzeko, ikasturte bat galdu behar nuen. Hortaz, gaztelaniaz egin nituen ikasketak; gero, 15 edo 16 urterekin, euskaltegian hasi nintzen, gustukoa nuelako eta gure kultura ezagutzeko.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Inongo beharrik gabe ikasi dut beti. Batzuek ikasten dute lan ona behar dutelako, edo oposizioak egiteko... Nik ez, gure hizkuntza ezagutu nahi nuelako ikasi nuen. Hau da, nirea nahia izan zen, ez beharra. Gustuko nuelako ikasi nuen.
Nolako prozesua izan duzu?
Lehenengo udan ikastaro trinkoak egiten hasi nintzen. Uda aprobetxatzeko modu ona zen euskaltegira joatea, goizez bost orduz, eta euskara ikastea. Batzuek pentsatuko dute: zelako oporrak! Baina bai, oso ongi pasatzen genuen euskaltegian. Ez zen euskara ikaste hutsa, baizik eta bizitzea ere bai. Kalera ateratzen ginen, asteburu batean Zugastietara joan ginen... Hau da, nik ongi pasatu eta, aldi berean, euskara ikasten nuen. Bai, batzuetan aspergarriak izaten ziren eskolak, aditzak ikasteko orduan eta, baina gehienetan oso-oso ongi pasatzen nuen euskaltegian. Esango nuke prozesu laburra izan nuela, eta polita.
Zer izan da zailena zuretzat?
Nork bere lana bakardadean egin behar duenean: ariketak... Beti gustatu izan zait talde lana. Badakit norberaren lana ere beharrezkoa dela, baina hori izan zen zailena. Euskara hizkuntza bat da, eta hizkuntzek zentzua dute gutxienez bi pertsonaren artean komunikazioa izateko balio dutenean.
Erabiltzen duzu?
Bai. Euskara erabiltzea ohitura kontua ere bada, eta, batzuetan, ohiturak aldatzea zaila da. Horretarako, oso ongi daude egiten diren kanpainak eta. Baina ohitura daukazunean, edo ondoko pertsonak euskara badakiela jakinez gero, erabili egin behar da. Armintzan bizi naiz, eta beti gaztelaniaz hitz egiten duen jende askok eta askok euskaraz egiten du nirekin. Hori ere ohitura da.
Une barregarriak emango zizkizun...
Bai, bai. Adibidez, guk batua ikasi genuen. Behin, parrandan ibili ondoren aterpetxera bueltatzeko taxi bat hartu, eta Otxandioko gure irakaslea eta Gernikako bat bizkaieraz hitz egiten hasi ziren. Jakina, atzean gindoazen ikasleok harrituta: baina zer demontre ari gara ikasten! Barre piloa egin genuen. Beti aipatzen dut, baina Kutsidazu bidea, Ixabel! gogorarazi zidan. Barre asko egin dugu euskara ikasten. Gauzak txarto esaten dituzunean eta hanka sartzen duzunean... Onera hartu behar duzu, normala delako. Behin hanka sartzen baduzu, birritan ez duzu sartuko; eta birritan sartzen baduzu, barre egin eta hirugarrenerako jada ikasita duzu. Horrela izan behar da.
Trikimailuren bat?
Trikimailurik ez dakit, baina gomendatzen dut, eta badakit zaila dela, euskalduntzeko prozesua gauza polit gisa hartzea. Hizkuntzarekin ate bat zabaltzen zaizu kultura oso bat eta herri oso bat ezagutzeko. Beraz, alaitasunez helduko nioke. Nahiz eta titulu bat behar izan, ez begiratu bakarrik horri, begiratu beste guztiari, mundu oso bat zabalduko zaizu eta. Munduari begiratzeko modua aldatzen dizu euskara jakiteak.