Ana Colomo Cantero
Iruñea, 1965

AEKn ikasi zuen euskara eta orain Pirinioetako AEK-ko irakaslea da Garraldan (Nafarroa), baita AEKren ikasmateriala diseinatzen duen taldeko kidea ere. Argi dauka onena dela “gelan ikasitakoa berehala ipintzea praktikan, lehenengo egunetik, gaizki ala ongi”. M.Egimendi.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Nire auzoan ez zen euskararik entzuten. Institutuan, oraindik nire bikotekidea dena ezagutu nuen: Josu, ikastoleroa. Haren bidez jakin nuen bazela euskaraz hitz egiten zuen jendea. Eta Bilbora unibertsitate ikasketak egitera joan nintzenean, kalean ere entzuten nuen.
Zergatik erabaki zenuen ikastea?
Josu euskara hutsez mintzatzen zen lagunekin eta, ez nuenez ezer ulertzen, sekulako amorrua sentitzen nuen, niri buruz gaizki esaka ariko zirelakoan. Zer esaten zuten jakin behar nuen!
Nolako prozesua izan zen?
AEKn eman nuen izena. Iruñean haur euskaldun batzuk zaintzen hasi, eta haien gurasoek matrikula ordaintzen-eta lagundu zidaten. Bi urtean eskuratu nuen EGA. Egunero joaten nintzen euskaltegira; eta bi udatan barnetegira ere bai. EGA ikastaroa barnetegian egin nuen, orain lankide ditudan bi irakaslerekin, eta, artean azterketa egin gabe, Noainen hasi nintzen AEKn eskolak ematen.
Zer izan zen zailena zuretzat?
Lexikoa, dudarik gabe. Gaztelaniaz, lexiko aberatsa dut, eta maila bera lortu nahi nuen euskaraz. 2017an C2 maila aterata, agur esan nion konplexu pila bati. Orain C2 irakasten dut, eta ikasleekin batera jarraitzen dut ikasten.
Eta errazena?
Aditza, matematika hutsa da. Ez naiz matematikazalea, baina bai oso logikoa eta pragmatikoa. Eta oso irakasle onak izan ditut.
Ikasle garaiko anekdotaren bat?
Hasieran, “adibidez” hitzak “adivinar” esan nahi zuela pentsatu nuen. Irakasleak “adibidez” esaten zuenean, nik beti botatzen nuen gaiarekin lotutako hitzen bat, irakaslea asmakizunetan zebilelakoan. Aurrerago, beste irakasle batek ea zer esan nahi zuen galdetu zidan, eta nik “adivinar...”. Denak barrez, eta ni gorri-gorri!
Euskara ikasi izanak laguntzen dizu orain lanean?
Bai, badakit ikasleak zer ari diren pentsatzen, eta aurreratu egiten naiz. Haientzat oso berezia da jakitea irakaslea orain beraiek dauden lekuan egon zela.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.