“Manga modan dago, eta oraindik ere izango ditu urte batzuk osasuntsu”

Mikel Muro
Kabe zigiluaren arduraduna
Harriet argitaletxean egiten du lan Murok (Urnieta, 1984): maketazioa, diseinu grafikoa... Kabe zigiluaren arduraduna ere bada. Hots, mangak, Japoniako komikiak, euskaraz argitaratzeko sortutako zigiluarena. Egun, zazpi dituzte, eta aurten beste bi argitaratuko dituzte. Harrera ona du mangak. Adibidez, Durangoko Azokan “2024an baino gehiago saldu genuen, eta orduko salmentak oso onak izan ziren”. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Eñaut Mitxelena.
Harrieten denetik duzue: Europako komikia, manga... Zer da arrakastatsuena?
Euskal Herrian, oraindik, Frantzia eta Belgikako komikiak. Hemen komikiaren kultura oso sakona dugu, batez ere Ipurbeltz aldizkariak bere garaian egindako lan handiari esker. Ez dakit Frantzia oso gertu dugulako den, hango kultura hartu dugulako, edo guk bakarrik sortu dugun gurea, kultur nortasun oso indartsua dugulako, baina badugu komiki kultura eta nabaritzen da.
Manga modan dago, ezta?
Bai. Mangak hiru olatu handi izan ditu. Lehenengoa, 80ko eta 90eko hamarkadetan, Dragoi Bolari esker, batez ere. Bigarrena 2000. urtearen inguruan hasi zen. ‘Mangako handiak’ izendatutakoak izan ziren lan nagusiak: One Piece, Naruto eta Bleach. Halere, eztanda handiena 2020. urtean gertatu zen. Pandemiaren ondorioz mundu guztia etxean, plataformen bidez anime pila bat jarri zen jendearen eskura. Nolanahi ere, horien denboraldi berrien zain ez egoteko, jendea manga irakurtzen hasi zen. Orain modan dago, baina nabari dugu apaltzen ari dela. Gutxiago saltzen ari dira, gehiegizko1 eskaintza dagoelako. Dena dela, oraindik ere izango ditu urte batzuk osasuntsu.
Mangak eskuinetik ezkerrera irakurtzen dira, formatu jakina dute... Oztopoa al da jendea erakartzeko?
Ez. Formatuarekin, adibidez, uste dut kontrakoa gertatzen dela: aldean eramateko2, etxean gordetzeko... hain erosoa denez, jende askori gustatzen zaio. Gainera, zuri-beltzean direnez, oso merke sal daitezke, nahiz eta orri asko izan. Ondorioz, jendeak pozik erosten ditu.
Zure aita, Gregorio Muro Harriet, Europako komiki estiloaren zalea da. Mangak argitaratzeko konbentzitzea kostatu zitzaizun?
Bai. Harriet argitaletxeak 10 urte dauzka, ni duela 7 edo 8 hasi nintzen bertan lanean, eta hasieratik esaten nion manga sortzea ideia ona izan zitekeela. Hark “ikusiko dugu” zioen beti. Urtero ikusten genuen jende mordoa manga bila, batez ere Durangoko Azokan. Han, behin, ume bat amonak erosi zion komikia lurrera botatzen ikusi genuen, zer eta manga nahi zuelako. Orduan izan zuen aitak bere epifania. Orduan hasi ginen borrokan, manga eskuratzea borroka handia baita.
Zaila da Japoniatik mangak ekartzea?
Bai. Oso burugogorrak3 dira, oso zorrotzak, oso diziplinatuak, eta, batez ere, haien burokrazia oso-oso geldoa eta frustragarria da. Gainera, kanpotarrari ez diote kasurik egiten. Hasieran, argitaletxe batzuei ingelesez idatzi genien, baina ez genuen erantzunik izan. Iker Alvarez gure itzultzailea ezagutu genuenean, mezu bera japonieraz bidali, eta agentzia batek erantzun zigun. Japonian, argitaletxeekin ezin duzu zuzenean hitz egin, baizik eta bitartekari4 jarduten duten agentzien bidez. Haren bitartez Shinchosha argitaletxearekin harremanetan jarri eta lanak ekartzen hasi ginen. 2022ko azaroan, Hernaniko komiki azokan hasi ginen lehen lana saltzen: Cube Arts. Urte hartan, Durangoko Azokan dena saldu genuen.
Komikia euskaraz loraldi5 betean da. Inoiz baino egoera hobea bizi du?
Bai, sasoi onean dago orain. Halere, merkatua gehiegi betetzen hasi da. Ez bakarrik euskaraz; adibidez, Estatuan ere komiki asko daude. Bestalde, Euskal Herrian egile ugari dugula nabari dut, eta gehiago sortzen ari dela. Gazte andanak du komikiak egiteko zaletasuna. Hori ospatzekoa da, eta osasungarria. Espero dut luzerako izatea.
Zure ametsetako bat, egingarria, manga handietakoren bat euskaratzea da, ezta?
Bai, nire ametsa eta helburua, subjektiboki eta objektiboki, Dragoi Bola lortzea da. One Piecen zale amorratua6 naiz, baina badakit euskararen munduan Dragoi Bolak inpaktu handia daukala. Euskal mangaren munduan Dragoi Bola euskaraz edukitzea aparta litzateke.

DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Musikak.
Eta tristatu? Albisteek, batez ere.
Zerk eragiten dizu barrea? Jendea erortzen eta kolpeak hartzen erakusten duten YouTubeko bideoek.
Eta negarra? Gizarteak.
Zerk haserrarazten zaitu? Gizarteak!
Plazer txiki bat: Egun oso bat etxean geratzea, ezer egin gabe.
Plazer handi bat: Bidaia on bat.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Aktorea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Abokatua.
Bizio bat: Bideojokoak.
Komiki bat: Conan.
Marrazkilari bat: Luis Royo.
Manga bat: One Piece.
Komikiko pertsonaia bat: Corto Maltes.
Mangako pertsonaia bat: Sanji (One Piece).
1. Gehiegizko: desmedido, -a (es), démesuré, -e (fr).
2. Aldean eraman: llevar consigo (es), porter avec soi-même (fr).
3. Burugogor: obstinado, -a (es), obstiné, -ée (fr).
4. Bitartekari: intermediario, -a (es), intermédiaire (fr).
5. Loraldi: florecimiento (es), essor (fr).
6. Amorratu: ferviente (es), passionné, -ée (fr).
