“Antzerki profesionala eta amateurra anai-arrebak bezalakoak dira”

Idoia Uranga
Aktore eta antzerki-zuzendaria
ETB1eko Goenkale telesail ezagunean aktore hasi zenetik, antzerkian eta telebistan ibili izan da Uranga (Azkoitia, 1972). 2009tik, Go!azen-en ari da, zuzendari laguntzaile hasieran eta aktoreen zuzendari ondoren. Segurako Xirikara antzerki-talde amateurreko zuzendari, 80ko hamarkadako Ama begira zazu lan arrakastatsua antzezten ari dira, harrera “izugarri onarekin”. Eñaut Mitxelena.
Go!azenek Abadia saria jasoko du gazteen artean euskararen erabilera sustatzeagatik. Pozik?
Bai, taldekide guztiok pozarren1 gaude. Ohorea izan da. Beteta sentitzen gara, euskaraz egiten dugulako lan, gure hizkuntza delako, eta babestu eta sustatu nahi dugulako.
Saria eskertu duzue, baina gehiago telesailak hainbeste urte iraun izana?
Bai, erabat. Pentsa, 13. denboraldia du. Gaztetxoentzat egiten dugu, beraz, gurasoen esku dago haiek ikusi ala ez. Eskerrak eman behar dizkiegu hainbeste gurasori, euskaldun izan edo ez seme-alabentzat euskarazko produktu baten alde egiten dutelako. Horri balio handia ematen diogu.
Antzerki amateurrari ematen al zaio merezi duen balioa?
Garai batean, erabat bereizita zeuden antzerki profesionala eta amateurra. Erakundeen dirulaguntzak murriztu egin dira urteek aurrera egin ahala, eta, ondorioz, produkzio profesionalek formatu txikiagoetara jo dute. Antzerki amateurrak formatu txikian egin izan du lan beti, dirulaguntza handirik gabe. Lehentasuna ez zen etekin ekonomikoa. Nire iritziz, antzerki amateurra balioetsita dago. Gainera, antzezpenari eta formazioari dagokienez, maila igo du. Profesionala eta amateurra anai-arrebak bezalakoak dira: desberdinak, baina ondo moldatu behar dute beti elkarrekin.

DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Eguzkiak.
Eta tristatu? Dezepzioak.
Zerk eragiten dizu barrea? Umore absurdoak.
Eta negarra? Maite ditudanen minak.
Zerk haserrearazten zaitu? Injustiziak, gaur egun asko baitaude.
Bizio bat? Kafea.
Plazer txiki bat? Konpainia onean, edozer.
Eta sekulako plazer bat? Bidaiatzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Antzezlea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Enpatiarik gabeko pertsona.
Aktore bat? Gehien gustatzen zaidana Meryl Streep da.
Oholtza, pantaila handia edo txikia? Zineman ez dut muturra sartu; bestela, antzerkia edo telebista, ezingo nuke aukeratu. Biak.
Zein rol edo pertsonaia egingo zenuke gustura? Maltzurrarena4, ez dut inoiz egin.
1. Pozarren: oso-oso pozik.
2. Bizi: intenso, -a (a), intense (fr).
3. Txirrinta: desira, grina, gogo.
4. Maltzur: gaizto, txar.
