Zaurgarriak
Onintza Enbeita
Garai nahasia bizi dugu. Ez dugu beldurrik izan nahi, baina ez gaude lasai. Ikusten ez dugun zerbaitek mehatxu egiten digu etxeko atea gurutzatzen dugun aldiro, eta etxe barruan ere larri ikusten dugu geure burua. Lehen, bagenekien jende zaurgarria egon bazela, baina orain guztiok gara harrapakin egokia. Eta ez gara harrapakinak Covid-19arentzat bakarrik: beldurrak erraztu egiten du gure manipulazioa. Ez daukagu ia ezer bi aldiz pentsatzeko astirik: geure burua eta komunitatea salbatu behar ditugu. Eta, bat-batean, zaurgarritasuna gure larruan sentitu dugu. Ez da zaharra, emakumea, atzerritarra, txiroa, gaixoa edo euskalduna izan behar bazterrean sentitzeko. Nahi dugun edozein gauza geuk bakarrik lor dezakegula esaten ziguten, baina ez da egia: besteak beharrezkoak ditugu gure bizitzako une askotan. Aukera berdintasunik ez dago, eta osasun krisiak arrakalak zabaldu baino ez ditu egin. Arrakalaren ertz batean zein bestean egon, ordea, zaurgarriak gara. Zaurgarriak gara, beldurtuta gaudelako. Zaurgarriak gara, kontrolatzen ez dugun egoera batean gaudelako. Zaurgarriak gara, ezagutzen genuen bizitza hura ukatu egiten digutelako. Zaurgarriak gara, bizirik irauteko modu berriak asmatu behar ditugulako. Eta zaurgarriak gara, agian, beti halakoak izan garelako, ezetz pentsatu izan dugun arren. Izan ere, gure zaurgarritasunetik jende asko bizi da.
Azken urtean, lotarako pilulen kontsumoa asko hazi da, eta antsietatearen kontrako tratamenduak inoiz baino gehiago hedatu dira. Pentsatzekoa da gure osasuna hobetzeko botikak ekoizten dituztenak txaloka ari zaizkiela Covid-19ari eta haren kudeaketari. Kontua da, birusak birus, gure eskuan ere badagoela gure zaurgarritasunari heltzea eta, hala izateari utzi gabe, gure emozioak kudeatzea. Arnasa hartu eta lasaitzeko unea da. Bai, badakit zaila dela, baina konbentzi dezagun geure burua egoeraren ez hainbesterakotasunaz. Zer da gerta dakigukeen gauzarik okerrena? Erantzuna ez da beti katastrofikoa izango. Bizi dugun egoeraren gaineko kontzientzia galdu gabe bada ere, bizi dezagun egoera, egoerak gu bizi gaitzan utzi gabe.