Inflazioak aldatu du zure portaera zerbaitetan?
Azkenaldian, ez da giro gure poltsikoetan: erregaiak, argindarra, elikagaiak... izugarri garestitu dira. Horrek estutasuna ekarri du etxe askotara, eta beste askotan ohiturak aldatu dituzte: autoa gutxiago erabili, etxetresnen erabilera murriztu edo gauez bakarrik baliatu... Zuek aldatu al dituzue ohiturak fakturen igoeraren ondorioz? Zertan?
Trapagarango Solas AEK euskaltegiko goizeko C1 mailako taldea
1. Christian Peral
Supermerkatuetan zenbait gai gero eta garestiago daudenez, bereziki olioa eta esnea, armairuan horrelako produktu gehiago ditut, prezioek gora egiten jarraituko dutelakoan.
2. Esther Lopez
Duela gutxi independizatu naizelako eta prezioak garestitu direlako hainbat ohitura aldatu behar izan ditut, zer erremedio! Lanera oinez joaten naiz, berogailua gutxitan pizten dut...
3. Pau Lluch
Valentziarra naiz, eta hona etortzeko eszedentzia eskatu behar izan nuen lanean; beraz, inflazioa igo baino lehen egin behar izan nituen zenbait aldaketa: aisialdian, eguneroko erosketetan...
4. Iratxe Bilbao
Azken boladan nahi baino gehiago erabili behar izan dut autoa, eta eragina izan du etxeko ekonomian; hori dela eta, gastuak murrizteko, argindar konpainia aldatu dugu, besteak beste.
5. Yolanda Ayestaran
Berdin jarraitzen dugu, etxeko ekonomia ahula baita beti; halere, argi daukat: munduaren amaierak dantzan harrapatuko nau; beraz, prezioak jaitsi zein igo, egoerara egokitzea besterik ez dago!
6. Ariadne Gallardo
Inflazioak ohitura ba-tzuk aldatzea eragin dit; adibidez, unibertsitatera autoz joan beharrean, orain, autobusez joaten naiz, gasolinaren prezioa ikaragarri garestitu baita.
7. Maialen Fernandez
Nire ustez, guztiok aldatu dugu ohituraren bat; kasuen arabera, noski! Oro har, autoa soilik erabiltzen dut beharrezkoa denean, eta kontuz ibiltzen naiz etxeko argiekin.
8. Nerea Garcia
Meatzaldeko garraio publiko ezaren eta gasolina prezioaren igoeraren ondorioz, eguneroko ohiturak aldatzeko beharra sentitu dut: lanera edo ikastera joateko hainbat garraio aldaketa egin behar ditut, eta denbora asko galtzea eragiten didate.
9. Oihane Barbancho
Etxean gero eta gehiago zaintzen dugu kontsumoa, eta supermerkatuetan eskaintzak bilatzen ditut. Eta etorkizunean pentsatzeak beldurra ematen dit, prezioak askoz gehiago igoko baitira.