J.M. Olaizola Txiliku
Ifrentzuak. Anjel Lertxundi.
Liburu bakarra aukeratu ordez, nahiago izan dut sail osoa hartu. Liburu hauetan, Europa osoko tradizioan bide eginez ibilitako kondairak eta kontakizunak ditu aztergai Anduk, eta estilo literario anitzetan (nobela, ipuinak, glosak…) biribiltzen du bere lana. Liburu bakar bat aukeratzekotan, Letrak kalekantoitik (saileko 4.a) hautatuko nuke.
Dersu Uzala. Vladimir Arseniev.
Bidaia baten kronika, ez da literatura asmo handiko kontakizuna, baina benetakotasunaren marka darama bere soilean. Gainera, protagonistaren bizitzeko era eta bizitza ikusteko modua aski nabarmen geratzen dira kontakizunean, eta hunkigarria da benetan. Iñaki Iñurrietaren itzulpena aspaldikoa da (1984), eta, agian, ez da erraza liburua eskuratzea.
Gauez harrizko zubiaren azpian. Leo Perutz.
Badira irakurlearengan arrasto ezabaezina uzten duten liburuak, eta horrelakoa izan zen, niretzat, liburu hau, obsesio punttu batekin, egia esan. Lagun batek eta biok euskaratu genuen. Ezin etsi itzuli arte!