Ez da ariketa erraza liburuak gomendatzea; are gutxiago hartzailea ezezaguna denean. Baina, tira, noan nire kuttun batzuk zerrendatzera, oro har edonorentzat plazer iturri izango direlakoan.
Hasteko eta behin, Uxue Alberdiren Dendaostekoak. Bi lagunen berbak elkarri josi eta brodatuta idatzitako obra; txikitik, xumetik, ohikotik idatzia, baina handia asmoari eta oihartzunari dagokienez. Narrazioa da, baina ez espero eleberririk, kronika literarioa da eta.
Bigarrenik, mesanotxetik apalerako bidea bart egin zuen liburua: Ana Malagonen Ez dakit zertaz ari zaren ipuin bilduma. Egunerokotasun garaikidearen irakurketa ozpin eta erreala; akaso, erreala delako da ozpina.
Eta, azkenik, Elena Olaveren Zeldak -Gorputz honetatik-, gorputzaren zeldatasunaz diharduen poema bilduma indartsu eta sakona da. Poetaren ahotsa nabarmenduko nuke, pisutsua eta ahoskera garbikoa.
Honakoa, bada, nire gomendioen zerrenda; izugarri poztuko naiz gustatzen bazaizkizue. Esango didazue!


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.