The French Dispatch
Zuzendaria: Wes Anderson. Gidoia: Wes Anderson. Aktoreak: Frances McDormand, Benicio del Toro, Bill Murray, Adrien Brody, Tilda Swinton, Jeffrey Wright. AEB, 2021.
Istorioa: XX. mendean, Frantziako Ennui-sur-Blasé gezurrezko hirian, AEBetako egunkari batek erredakzioa du: The French Dispatch. Bertan idazten duten hiru kazetariren beste horrenbeste kontakizun jasotzen ditu filmak. Kazetariei egindako maitasun erakustaldi moduan aurkeztu dute filma, baina, sakonean, Anderson zuzendariak The New Yorker aldizkariari dion maitasuna omen dago.
Zuzendaria: Erraz antzeman ohi zaie Andersonen lanei haren filmak direla. Hain-hain berezkoak dituen ezaugarriak hain-hain dira agerikoak, ezen hanka sartzea ia ezinezkoa den. Bada, oraingoan ezaugarriok muturrera eraman dituela dirudi.
Onena: Enkoadraketa doiak, simetriak, dekoratuak, koloreak... koadroak gogorarazten dituzten eszenak bata bestearen atzetik, dena neurtuta, dena zehatz. Estetikoki eta bisualki, ikusgarria. Horri gehitu izarrez betetako aktore saldoa.
Txarrena: Aldea dago hiru istorioen artean, bada kaxkarragorik, bada interesgarriagorik. Nolanahi ere, itxura gailentzen zaio edukiari. Andersonen koadro festan (komikiak ere badakartza gogora, ezinbestean), forma gozagarria, gustagarria edota, txarrenera, eramangarria izatea ez da zaila. Elkarrizketak ere zainduak, askotan bitxiak, betiere arreta erabatekoa eskatzen dutenak, irudien antzera. Halere, etengabeko ikusgarritasunak ez du eragozten filma, zenbaitetan, aspergarria izatea. Zuzendariaren aktore kutun askok osatutako antzezle taldeari ere lotuegi sumatzen zaio, Andersonen moldean estu harrapatuta.