Verdens verste menneske
Zuzendaria: Joachim Trier. Gidoia: Joachim Trier eta Eskil Vogt. Aktoreak: Renate Reinsve, Andres Danielsen Lie, Herbert Nordrum. Norvegia-Frantzia-Suedia-Danimarka, 2021.
Istorioa: Julie hogeita hamar urte betetzear da, eta bizitzan zer egin nahi duen ez du batere argi. Aksel bikotekidearekin bizi da, baina Eivind gaztea ezagutu eta, mutil-laguna utzita, harekin hasiko du harremana.
Sariak: Jatorrizko gidoi onenaren eta nazioarteko filmik onenaren Oscar sariak jasotzeko izendatua zegoen filma. Beraz, lerrook argia ikusten dutenerako, beharbada, beste bi sari (potolo) gehiago izango ditu lehendik ere ongi betea duen zakuan. Izan ere, aurretik jasotakoak ere ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Esaterako, iazko Canneseko Zinemaldian, emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen Renate Reinsvek. Hain zuzen ere, filma bera edota aktore nagusiaren lana aitortu dizkiote jasotako sari gehienek.
Onena: Komedia erromantikoan murgilduko gaituelakoan, batez ere dramaren uretara garamatza filmak. Hori bai, ikusteko erraz eta atsegina da, eta protagonista nagusiak bere existentzia argitzeko bizi dituen gorabeherak ez zaizkigu batere maldatsuak egingo. Kontakizuna garatzeko moduak laguntzen du horretan, tarteka bideko zuloren bat jan behar bada ere. Eta, bitartean, protagonistak denetariko sentipenak eragingo dizkigu.
Txarrena: Julie protagonista, omen. Izenburuak, itzuliz gero, hauxe dio eta: Munduko pertsonarik txarrena. Titulua alde batera utzita, klixe maiztuez betetako erretratua osatzen digu zuzendari gizonezkoaren begiradak ala ertz5 ugariko emakume baten bilakaera? Eztabaidarako bide ona ematen du filmak.