Lekeition, Kaleka

36. Kaleka Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiak nazioarteko zein bertoko 10 ikuskizun eskainiko ditu, uztailaren 3tik 5era. Ohi den moduan, hainbat diziplinari eta formaturi egingo zaie lekua, betiere ikusleen parte-hartzeari garrantzia emanda. Lau ildo nagusi ditu Kalekak. Programa ofizialean eta Kaleka Scratch sailean aurkeztuko dituzte 10 ikuskizunak. Ia guztiak sail ofizialean, Kaleka Scratchen sortze-prozesuan dagoen lan bat izango baita protagonista: Zure belarriak jasaten duten guztia, Quase Cia-rena. Kalekaz Blai atalean, berriz, urte osoan herritarrekin garatutako ekintza artistikoei egingo zaie tartea. Kalekarin ere, ikusleen eta artisten arteko harremana landuko da, Moveo konpainiaren Ballar sol és un pal ikuskizunean parte hartzeko aukerak emanez eta solasaldiak eskainiz. Informazio guztia https://kaleka.eus atarian jaso dute.

Barsanti konpainia gauean murgilduko da
Kodizia Late Night izeneko kale-antzerki ikuskizuna estreinatuko du uztailean Cía. Barsantik. Gaueko telebista-saioen formatuaz, tragikomedia da Kodizia: diru-gosea eta osasun publikoa negozio gisa hartzearen zilegitasuna1 ditu hizpide. Konpainia bera eta Angel Mirou arduratu dira testuaz eta dramaturgiaz, eta Pako Revueltasek zuzendu du. Aktore-lanean ere ariko da Revueltas, Juanjo Oterorekin eta Aritza Rodriguezekin batera. Uztailaren 4an izango da estreinaldia, Zarautzen, eta ondoren hainbat lekutan ikusi ahal izango da: 10ean, Errenterian; 11n, Bergaran; 13an, Arrasaten...


CODESYNTAX enpresak mugikorrerako Xiba jokoa sortu du, erabiltzaileek adimena2 egunero jokoen bidez lan dezaten. Zehazki, hainbat jokoz osatutako aplikazioa da. Guztiak euskaraz daude, eta hiztegia, memoria, logika, azkartasuna eta kalkulua lantzeko balio dute: letra-zopak, Quento eta bikote-jokoak, besteak beste. Aplikazioak hiru joko proposatzen ditu egunero, eta erabiltzaileek horiek osatu behar dituzte. Xiba Android eta iOS sistemetan erabil daiteke, eta https://xiba.eus/ webgunetik deskargatu.


EUSKALTZAINDIAK Herria aldizkariko testuak digitalizatu eta erabiltzaileen eskura ipiniko ditu, akademiak eta aldizkariaren arduradunek sinatutako hitzarmenari3 esker. Herria 1944. urtean sortu zen, eta gaur egun astero argitaratzen dute. 80 urtetik gorako ibilbidea egina, Ipar Euskal Herrian erreferentziazko hedabidea da. Sinatutako akordioak aldizkariaren orain arteko zenbaki guztiak eta hurrengoak hartzen ditu barne, sortu zenetik 2028ko abenduaren 31ra arte argitaratu eta argitaratuko diren zenbaki guztiak, hain zuzen ere⁴.


KIKE AMONARRIZ soziolinguista eta telebista-aurkezleak https://kikeamonarriz.eus webgunea zabaldu du berriki5. Bertan, bere ibilbidean egindako lan asko bildu ditu. Hauxe dio webgunearen sarreran: “Material berriak eta zaharrak. Artikuluak, audioak, bideoak eta argazkiak. Han-hemenka⁶ barreiatuak⁷ nituenak apalategi honetan bildu ditut, denon eskura jartzeko asmotan. Baliagarriak bazaizkizue⁸, helburua beteta”. Eduki horiez gain, Bidegurutzetik izeneko bloga ere irakurri ahal da webgunean.


TOKIKOM euskarazko tokiko komunikabideen sareak eta Vicomtechek sistema bat garatu9 dute euskarazko testuak automatikoki errazteko10. Dagoeneko11 Tokikomen 14 hedabidetan erabiltzen da. Helburua da albisteak jende gehiagok ulertzea; adibidez, euskara ikasten ari diren pertsonek edo irakurtzeko zailtasunak dituztenek. Albisteen ondoko botoi bat sakatuz errazten da testua. Hori bai, garatzaileek ohartarazi12 dute testuak automatikoki sinplifikatzen direla eta, beraz, akatsak eduki ahal dituztela.
1. Zilegitasun: legitimidad (es), légitimité (fr).
2. Adimen: intelecto (es), intellect (fr).
3. Hitzarmen: acuerdo (es), accord (fr).
4. Hain zuzen ere: precisamente (es), précisément (fr).
5. Berriki: recientemente (es), récemment (fr).
6. Han-hemenka: aquí y allá (es), ça et là (fr).
7. Barreiatu: dispersar(se) (es), (se) disperser (fr).
8. Bazaizkizue: baldin badira zuentzat.
9. Garatu: desarrollar (es), développer (fr).
10. Erraztu: facilitar (es), faciliter (fr).
11. Dagoeneko: ya (es), déjà (fr).
12. Ohartarazi: advertir (es), avertir (fr).
