Bizkaiko Erromeria Eguna, Lemoan

Iaz1 lehen aldiz Durangon egin ostean2, aurten Lemoan izango da Bizkaiko Erromeria Eguna, urriaren 17an. Egun osoko egitaraua eskainiko dute, eta herria musika, dantza eta erromeriaren inguruko jarduerez3 beteko da. Hiru gune nagusi izango ditu jaiak: Kotxepin Kultur Etxea, horren aurreko parkea eta aparkalekua, eta Arlonagusia futbol-zelaiko aparkalekua. Hala ere, jaiak herri osoa girotuko du. Parte-hartze handia izango du egunak. Batetik, Lemoako eta Arratia eskualdeko taldeak egongo dira: Durundi Barri dantza-taldea, Arratiako Musika Eskola... Bestetik, erromerietan aritzen diren taldeak ere izango dira: Korrontzi, Lorratz, Harribitxiko txistulariak, Matraka elektrotxaranga, Trikizio, Lehian eta abar. Egitarau osoa www.erromeriaeguna.eus webgunean ikus daiteke.

'Rigor Mortis', heriotza eta irria
Dorleta Urretabizkaiak idatzitako Rigor Mortis endredozko komedia irailaren 10ean estreinatuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean. Tanttaka eta Txalo konpainiek ekoitzi⁴ dute, eta Mireia Gabilondok zuzendu du. Urretabizkaia bera, Joseba Apaolaza, Aizpea Goenaga eta Garazi Urkola dira aktoreak. Proiektuak Antzerkigintza Berriak programa irabazi zuen 2022an, Donostiako Victoria Eugenia, Bilboko Arriaga eta Gasteizko Principal antzokiek sustatzen⁵ dutena. Irailaren 13ra arte Donostian ikusi ahal izango da, eta 30ean, berriz, Arriagan.


URRIAREN 9an estreinatuko dute zinema-aretoetan Igor Legarretak zuzendutako Inurri itsuak euskarazko film luzea. Ramiro Pinilla idazlearen Las ciegas hormigas eleberrian oinarritua, 1935ean Bizkaiko kostaldean gertatzen den biziraupen⁶-istorioa kontatzen du lanak. Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Carlos Santos ditu protagonista nagusi.


EUSKAL ZINE BILERA, euskara hutsez egiten den jaialdirik zaharrena, urriaren 14tik 18ra egingo da. Lekeitioko jaialdiak 49. aldia izango du aurten, eta, jatorriko helburuei eutsita, euskarazko ikus-entzunezkoen erakusleiho eta sustatzaile izatea izango du xede⁷. Irailean jakinaraziko dituzte Sail Ofizialean lehiatuko diren film laburren izenak, eta, ohikoak diren Zuzendaritza, Gidoi eta Film Onenaren sariez gain, Ikusleen Saria, Adineko Epaimahaiaren Saria eta Benito Ansola - Gazte Epaimahaiaren Saria banatuko dituzte.


IRAILAREN 18tik 26ra izango da Donostiako 74. Zinemaldia, eta lerrook idazterako jakinak dira euskarazko eskaintzaren zenbait xehetasun. Esaterako, Sail Ofizialean bi film hauek ikusi ahal izango dira lehiaz kanpo: Koldo Almandozen Azken agurra, eta David Perez Sañudoren Sacamantecas. Horiez gain, Zabaltegi-Tabakalera sailean Hamala gau eskainiko dute, Oskar Alegirarena, eta Belodromoan Muguruza FM 40 Tour dokumental musikala, Ander Merino eta Fermin Muguruzarena. Bestalde, ohi bezala, euskal zinemari Zinemira saila eskainiko zaio.


ARRETA8 EUSKARAZ eskaintzen duten saltoki eta zerbitzuen gida da Gure Txokoak webgune (Guretxokoak.eus) eta aplikazioa (soilik Androiderako, oraingoz). Euskaltzale-talde batek sortu zuen udaren hasieran, eta ordutik 1.000 establezimendu baino gehiago jaso ditu. Euskal Herriko mapa batean euskaraz artatzen⁹ duten guneak agertzen dira. Kategoria bakoitzak kolore bat du: denda, jatetxea... Bilatzailea ere badu. Auzolanean10 osatzen denez, edonork11 gehitu ahal ditu toki berriak. Horretarako, ordea12, izena eman behar da.
1. Iaz: el año pasado (es), l'an dernier (fr).
2. Ostean: eta gero, ondoren.
3. Jarduera: actividad (es), activité (fr).
4. Ekoitzi: produzitu.
5. Sustatu: impulsar (es), impulser (fr).
6. Biziraupen: supervivencia (es), survie (fr).
7. Xede: helburu.
8. Arreta: atención (es), attention (fr).
9. Artatu: atender (es), servir (fr).
10. Auzolan: pertsona askoren artean egiten dena.
11. Edonor: cualquiera (es), n'importe qui (fr).
12. Ordea: sin embargo (es), cependant (fr).
