Lehen urtebetetzean, berrikuntzak gehitu dizkiote Aditu plataformari
Berrikuntzekin bete du lehen urteurrena Elhuyarren Aditu hizketa ezagutzaileak. Hala, euskarazko eta gaztelaniazko audioak eta bideoak transkribatu eta azpititulatzeaz gain, berrikuntzei esker hizketa elebidunak ere ulertzen ditu orain Adituk. Hots, euskara eta gaztelania nahasita dituzten artxiboak ere prozesatzen ditu. Gainera, Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa integratua duenez, webgunean bertan itzul daitezke transkripzioak eta azpitituluak. Horrez gain, sortutako emaitza webgunean bertan edita dezake erabiltzaileak, eta ondoren behin betiko fitxategiak deskargatu. Helbide honetan erabil daiteke: https://aditu.eus/.
10. EUSPOT eta XII. Gaztezulo lehiaketetako sariek badituzte zeinek bere jabea. Euspot euskarazko spot lehiaketari dagokionez, aurkeztutako 87 lanen artean Iñigo Zapirain Garmendiaren Geroa ereiten spotak irabazi du lehen saria. Publikoaren saria, berriz, Amaia Renobales Eubak eta Iban Garcia Azpiazuk eskuratu dute, Nondik datorren jakin izeneko spotagatik. Sari gehiago ere banatu zituzten maiatzaren hondarrean eginiko ekitaldian, eta irabazle guztien izenak https://euspot.eus gunean ikus daitezke, baita parte hartu zuten zein irabazle izan diren spotak ere. Bestalde, XII. Gaztezulo Bideo Lehiaketan, Kabunker taldearen (Andoni Carnovich Arruabarrena, Eneko Fernandez de Miguel eta Aitor Ollo Urnieta) Mezu bat espaziotik animazio lana gailendu da. Bigarren saria Ainhoa Mariscalen eta Jon Babarroren Entzun lanak eskuratu du, eta Publikoaren Saria Bapatekoak taldearen (Sara Cacho, Garazi Fernandez, Irati Rubio eta Adrian Tubia) Lotzen gaituen hori lanak. Bideo irabazleak eta lehiaketara aurkezturiko gainerako 17ak gaztezulo.eus atarian daude ikusgai.
LABURREAN
EUSKAL HERRIA DIGITALA manifestua ondu dute Ipes OlatuKoop kooperatiba taldeak, Teksek, Iratzar fundazioak, Ipar-Hegoa elkarteak eta Manu Robles Arangiz fundazioak, “kapitalismo digitalaren aurrean alternatiba bat pentsatzeko eta irekitzeko” deia eginez, garapen teknologikoa jendartearen zerbitzura jartzea xede. Demokrazia digitala, lana eta robotizazioa, hezkuntzaren digitalizazioa eta humanitate digitalak hizpide eta gogoetagai hartuta, ziberburujabetzari buruzko eztabaida sortzeko oinarriak bildu dituzte manifestuan. https://euskalherriadigitala.eus/ gunean irakur daiteke, eta bertan agertu ahal zaio atxikimendua.
EITBk EITB Basque nazioarteko telebista kanala jarri du martxan YouTuben. Batez ere nazioarteko eta euskal diasporako ikusleak jomuga, orain artean Canal Vasco izandakoa ordezkatuko du. Euskarazko zein gaztelaniazko edukiak eskaintzen ditu, eten barik. Nagusiki, informazioari, gaurkotasunari eta kirolari lotutako saioak, baina baita EITBko telesaiorik ezagunenak ere. YouTuben ez ezik, eitb.eus-en, satelite bidez eta Ameriketako zenbait kable operadoretan ere ikus daiteke kanal berria.