KEPA ERRASTI GORROÑO (Aretxabaleta, 1981) aktorea eta gidoilaria da; baita Xake Produkzioak ekoiztetxearen jabeetako bat ere. La Tarara antzezten dabil azkenaldian Hika Teatroarekin, baina martxorako programatua zuten emanaldi bat bertan behera utzi zuten Madrilen. M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.

Zer dela eta?
Bitartekari bidez dakit dena, konpainia, berez, Hika Teatroa delako, baina Madrilgo Moralzarzal herriko emanaldirako hiru aste falta zirela abisatu zuen PPk eta Voxek osatutako Udalak ikuskizuna bertan behera utziko zuela, arrazoi politikoengatik. Harrigarria da gaur egun, baina horrela izan zen.
Zentsura XXI. mendean, zeren beldur dira?
Bai, baina ez dakit zeren beldur diren. Suma dezaket, baina haiek ez dutenez esan, ez dut neuk esango. Ez dakit beldur diren edo izorratzeagatik bakarrik egiten duten. Boterea daukazunean, gura duzuna egiteko aukera izateak leku horretan jartzen zaitu askotan: ahal dudalako egiten dut, eta kito, edo izorratzeagatik. Ez dut arrazoi berezirik ikusten. Agian, La Tarara obran egon daitezke deseroso sentiarazten dituzten gaiak, baina hainbeste gauzak sor dezakete deserosotasuna... Kultura, azkenean, ahots desberdinak zabaltzeko plaza izan daiteke, eta igual ez zaie interesatzen ahots desberdinak egotea, edo eurekin bat ez datozenak.

"Madrilera orain ez nintzateke joango, probatzera, ezta erotuta ere"

"Nahiko nuke zineman lan gehiago egin, askoz ere bide handiagoa dut ikasteko"

"Euskal Herrian eta euskaraz egin nahi dut lan, apustu kontzientea da"

"Sare sozialen mundua oso erasokorra iruditzen zait"

"Dena ondo badoa, harremanei buruzko obra bat idazteko helburua dut"

"Sakelakoari katigatuta nago"

Adierazpen askatasuna arriskuan ikusten duzu?
Orain erreparo gutxiagorekin murrizten da. Egia da, duela gutxi norbaiti irakurri nion bezala, antzerkiaren kasuan beti gertatu izan dela. Hau ala bestea programatzeko boterea duzunean, erabakia ez da publiko egiten, beharbada, baina hortxe dago boterea. Orain, ordea, publikoki egiten da, inolako erreparorik gabe. Alderik handiena, azken urteotan, hortxe dago: batzuek, behintzat, hori egiteko eskubidea dutela sentitu eta inongo eragozpenik ez dutelako.
Giro horrek eragiten du zure sorkuntzan?
Sortzeko orduan ez naiz inoiz baldintzatua sentitu, beti kontatu izan dut gura izan dudana, nire helburua profesionalki ez dagoelako Euskal Herriaz harago; eta, oraingoz, hemen ez dut halako arrisku edo mugarik ikusten. Hala ere, gertatu izan zait iritzi pertsonala jendaurrean agertzerakoan pentsatzen geratzea. Pentsamendu hori burura etortzea oso adierazgarria da, egoeraren eta norberaren izaeraren erakusle.

Zeuk idatzitako Postdatarik gabeko gutunak antzezten zabiltza. Zer kontatzen du?
Bakarrizketa lagundua da, pertsonaia batek hitz egin arren, bi baitaude agertokian: protagonista eta irudizko lagun bat, Charlot bezala jantzitako piano jotzaile mutua. Kontatzen du Mikelek bost urte daramatzala preso eta azkenaldian hilero jaso duela ezagutzen ez duen norbaiten gutuna. Gutunok ez dute ez igorlerik ez postdatarik, eta Mikel irrikaz dago, konturatzen delako, gutunetan agertzen diren gauzengatik, igorleak oso ondo ezagutzen duela. Bost urteko itxialdia amaitzeko ordubete falta zaionean, ordu hori pertsona horri eskaintzea erabakiko du, eta bertan egongo balitz bezala hitz egingo dio. Hala, jakingo da Mikel Nikaraguan jaio zela, gurasoak erbestean zeudelako, horrek zer ekarri zion, zergatik dagoen kartzelan... Azkenean, gutunak nork idazten dituen ere jakiten da, kar-kar!

Irati filmean agertu zinen, baina batez ere antzerkian aritu zara. Nahiko zenuke zineman lan gehiago egin?
Pablo Hernandoren Una ballena filmean nahiko leku daukan pertsonaia bat jokatu dut. Iazko apirilean grabatu genuen, oraindik ez da estreinatu. Gaztelaniazkoa da, lanean beti euskaraz ibili naizen arren. Zinema asko gustatzen zait, baina oso desberdina da eta oraindik ez naiz gai erosoago non sentitzen naizen esateko. Edonon daukat ikasteko pila bat, baina eskarmentu handiagoa dut antzerkian, hor lan egitea zer den garbiago dut: bat-batekotasunaren magia du, publikoa beti desberdina da, eta norbera ere beti dago desberdin, unean unekoa bizi behar izaten da. Zinema oso bestelakoa da, baina oso polita ere bai: dena da "gezurra", komatxo artean, eta hainbeste gauza hartu behar dira kontuan... Beste leku batean jartzen zaitu, beste era bateko energia behar da, kontzentrazioa beste toki batzuetan izan behar duzu... Nahiko nuke zineman lan gehiago egin, askoz ere bide handiagoa dudalako ikasteko.
Ez zara joan, beste aktore asko bezala, lan bila Madrilera...
Kazetaritza ikasi ondoren, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean hasi nintzen eta banuen Madrilera joateko gogoa. Erabakia hartuta nuenean deitu zidaten Goenkaletik. Paper txiki bat izan balitz, uko egingo nion, baina urte osoko pertsonaia zela esan zidaten eta azkenean lau urtez egon nintzen; eta beste bost, bertan gidoiak idazten. Gauzak ateratzen hasi zitzaizkidan, antzerkian hasi nintzen lanean eta hemen egin dut bizimodua. Egia esan, Madrilera orain ez nintzateke joango, probatzera, ezta erotuta ere. Joatekotan, lan bat izanez gero. Hala egin izan dut, gustura asko, baina beste anbiziorik gabe.
Obra bera aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz estreina- tzen da askotan. Xake Produkzioak ekoiztetxean ere bai?
Ez, guk ez dugu Euskal Herritik irteteko anbiziorik. Lur obra gerora itzuli genuen gaztelaniara, hemendik kanpo mugitzeko aukera zegoela iruditu zitzaigulako. Nik Euskal Herrian eta euskaraz egin nahi dut lan, eta apustu kontzientea da, euskaraz eskaini nahi dut nire lana; gaztelaniaz badago nahikoa bestela ere. Oso jakitun gara leku batzuetara ez garela helduko, baina euskaraz sortzea natural ateratzen zait eta, pentsatzen hasita, inon gure lana nahi badute, har dezatela euskaraz. Izan daiteke, halaber, ez naizelako Xaketik bizi. Nire eguneroko ogia hortik aterako banu, planteatu beharreko zerbait izan liteke, edo ez, baina oso garbi dugu horrela nahi dugula. Lur ez genuen Euskal Herrira begira itzuli, Gijongo Feten-era joateko baizik, haur eta familientzako jaialdira, eta Estatuan emanaldiak sortu ahal zitzaizkigula pentsatu genuelako.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Xakeren obra bat ikusteko, kar-kar! Eta hizkuntzak ikastea beti delako aberasgarria. Euskal Herrian hiru hizkuntza ditugu (frantsesa, gaztelania eta euskara), eta inork ez du zalantzan jartzen, hona bizitzera badator, beste biak ez ikastea. Bertan bizi dugun hizkuntza, halako erroak dituena, erabiltzen dena eta kultura sortzen duena, ez ikastea nahiko kaltegarria iruditzen zait, hemen bizi baldin bazara. Nola da posible, berton jaio eta oso eremu euskaldunetan bizi arren, euskaraz ez dakien jendea egotea? Zu bizi zaren lekuko hizkuntzetako bat ez jakitea oso harrigarria iruditzen zait, eta nolako naturaltasunez bizi dugun hori! Hemengo hizkuntza da, hemengo jendeak erabiltzen duena, komunika- tzeko eta sentitzeko erabiliko duzuna, kultura kontsumitzeko...
Nolako harremana duzu sare sozialekin?
X-n lan kontuak aipatzen ditut, batez ere, baina ez dut asko erabiltzen. Facebook ere badaukat, baina Instagram erabiltzen dut asko, betidanik gustatu izan zaidalako argazkilaritza. Naturak izugarri harritzen eta betetzen nau, eta paisaiak partekatzeko gogoa izaten dut. Batzuetan neure buruaren argazkiak ere jartzen ditut, egoa areagotzeko, baina gero bat-batean oso arraro sentitzen naiz neure buruarekin, lotsa-edo ematen dit hor ikusteak. Lagun batzuen txakurraren argazkiak ere igotzen ditut, nirea ere badelako pixka bat, kar-kar! Beti gustatu izan zaizkit txakurrak, baina orain, hau gertu izanda, maiteminduta nago!
Sare sozialetan ez zara gehiegi bustitzen, baina zenbaterainoko eragina izan dezakete hor jasotzen diren erantzunek?
Oso erasokorra iruditzen zait mundu hori, hitzetan bortizkeria handia dago, batik bat X-n. Gainera, ez zait guztiz erreala iruditzen; birtuala da, baina norberarengan hartzen duen pisua erreala da, baita daukan eragina ere. Kontu handia eduki behar da. Bizitzan sekula ez naiz izan asko bustitzekoa, egia esan, baina zenbaitetan hainbeste puztu ahal da garrantzirik ez duen zerbait... Zer da, bada? Hitz batzuk toki horretan! Halere, kalte handia egin dezake, horregatik ez naiz bustitzen. Oso erosoa da berotzea eta edozer botatzea eremu pribatutik, baina gero horrek sortzen duen katea kalterako da, gehienetan. Ezer lortuko ez baduzu, ez erantzun! Agian, norekin ari zaren ere ez dakizu, eta sekulako haserrealdia harrapatzen duzu! Eztabaidak benetan ez duen pisua duela dirudi; igual bost pertsona dira, baina zuri mundu osoa iruditzen zaizu!
Etorkizunerako proiekturik?
Baditut proiektu batzuk, baina oraindik ez dute ezer esan publikoki, beraz... Neure sormen lanari dagokionez, ea 2025. urtearen hasieran Xakeren lanik plazaratzen dugun. Dena ondo badoa, harremanei buruzko obra bat idazteko helburua dut: zer den bikote izatea, zenbateraino dagoen itxia, bizitzan bidelagun daukazuna noiz bihurtzen den bikotekide, noiz ez... Eta ez bikoteak bakarrik, lagunak ere bai, muga hor oso lausoa delako; zer nahi dugun bizitzan; bakardadea ere hor dago; familia ereduak... Batzuetan, galduta sentitzen gara, eta horrek guztiak ezinegona eta hitz egiteko edo kontatzeko beharra sortzen dizkit.

KOLKOTIK

Aktore bat? Lanean tratu errazekoa eta gertua dena; Euskal Herrian, gehienak.
Antzokiko besaulkitik ikusi duzun antzezlan bat? Dejabu Panpin Laborategiaren Gure Bide Galduak.
Gustura antzeztuko zenukeen pertsonaia historiko bat? Nigandik fisikoki oso urrun dagoen norbait, gorpuzkeragatik, hizkeragatik...
Aktore izateak duen gauza on bat? Normalean, gure lana asko gustatzen zaigu, eta luxua da hortik bizi ahal izatea.
Eta txarra? Egonkortasunik eza, oso lanbide zaila da.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Esnea.
Sukaldari ona zara? Bai, eta gustuko dut errezetei pausoz pauso jarraitzea jaki berriak prestatzeko.
Zer ikusten duzu telebistaren aurrean jartzen zarenean? Azkenaldian, oso gauza gutxi, sakelakoari katigatuta nago.
Autoan, irratia ala musika? Musika; eta irratia, tarteka.
Zerk eragiten dizu barre? Barre errazekoa naiz. Askotan, gauzarik tontoenak edo gutxien espero dudanak.
Eta negar? Txakurrek asko hunkitzen naute... Haiek sufritzen edo zahartuta ikusteak.
Zerk lotsatzen zaitu? Hanka sartzeak.
Zerk ematen dizu amorrua? Errespetu faltak.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Mendira joan.
Zerk galarazten dizu loa? Noizbait, lanarekin lotutako estresak.
Nor da heroia zuretzat? Gure amonak eta amak, familia aurrera atera duen jendea.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Nahiko nuke lan honetan jarraitu, horretarako gogoa eta ilusioa edukita.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Profesionalki eta pertsonalki egindako bidearekin oso pozik dagoen pertsona bat.
Labur, nolakoa da Kepa Errasti? Pertsona erraza naiz, adjektibo horren alde positibo eta negatibo guztiekin.

 

 



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.