OLATZ SALVADOR (Donostia, 1990) Skakeitan taldearekin plazaratu zen 2010ean. 2014an bakarkako bideari ekin, eta 2018an kaleratu zuen lehen diskoa (Zintzilik, Airaka). Aho uhal (Airaka, 2021) lanaren ondoren, Zainak eman (Balaunka) argitaratu du. M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.
Emakumez inguratu zara diskoan, hitzak idazteko, kantuan laguntzeko...
Ez da kasualitatea, baina ezta erabaki irmoa ere. Azkenean, musikaren mundua oso maskulinoa da, askotan sumatu dut presentzia femeninoaren falta, eta lanean erosoago sentitu izan naiz emakumeekin. Behar batetik sortu da, baina gustatzen zaidalako ere bai.
2017an, emakume musikarien agerikotasuna sustatzeko sarean parte hartu zenuen, baina batzuek oraindik ez dute diskriminaziorik ikusten...
Urte askoan egon gara egoera ez oso parekideetan, tratu ezberdina jasotzen behin eta berriz, eta hori normalizatzea... Beharretik sortu zen elkartzeko gogoa, batzuk hasiak ginen geure buruari galdezka. Gertatzen zitzaigunaz gure artean hitz egitea oso garrantzitsua dela jabetu ginen, arraro ez sentitzeko, sistema oso baten eraginez sentitzen ginela horrela ulertzeko. Askotan sentiarazi digute ez dela gure lekua.
"Musikaren mundua oso maskulinoa da"
"Berdin uzten zaituen arteak askotan ez dauka horrenbesteko xarmarik"
"Jenderik ez badago beste aldean, guk ez dugu existitzeko aukerarik"
"Sare sozialekin harreman gazi-gozoa daukat"
"Mundu globalizatu honetan, berezitasunak balioa ematen dio euskarari"
"Gure diru sarrera ia-ia bakarrak zuzenekoak dira"
Kritika sozial argia ageri da Haragi bizitan kantan. Horretarako ere balio behar du musikak?
Bai, funtsezkoa da alde kritiko hori edukitzea, gauzak aldarazteko edo klik bat sortzeko gaitasuna. Ezer aldatu nahi ez duen arteak, berdin uzten zaituenak, sarritan ez dauka horrenbesteko xarmarik. Batzuetan, musika zuretzat gustukoa edo erosoa izatea behar duzu; beste batzuetan, aldiz, beharrezkoa da erosotasun horretatik ateratzea eta beste gauza batzuei begiratzeko bidea ematea.
Nolakoa da zure sormen prozesua?
Nahiko kaotikoa, ez daukat era sistematikorik. Nire kantu bat melodia batetik has daiteke, esaldi batetik, sortu dudan akorde jarraipen batetik, pianotik, gitarratik, ordenagailutik... Gustatzen zait abaniko zabal hori edukitzea, aniztasun handiagoa lortzeko. Metodikoa izanda, gauza antzekoagoak egingo nituzke. Horregatik gustatzen zait kaosa.
Kontzertuekin hasi aurretik, solasaldi musikatuak egin dituzu, zergatik?
Diskoaren erraietan zer gertatzen zen azaltzeko beharra sentitu nuen, kontatzeko gauza asko nituela. Pentsatu nuen interesgarria litzatekeela, kulturarekin lotutako jendearekin elkartuta, kantak esentziara eramatea eta horren atzean zer prozesu egon den azaltzea. Zuzenean gitarraz bakarrik abestu ahal izatea ere oso interesgarria izan da, diskoan kantak desberdin entzun arren.
Jendea dezepzionatzeko beldurrik izan duzu?
Bai, handia. Ondorioz, zailtasunak eta blokeoak izan ditut sortzeko garaian. Espektatibarik ez dagoenean, askeagoa izan zaitezke; nire lehen lana, adibidez, gogotik abiatu zen, ez nuen jaso nuen guztia espero. Beti sentitu izan dut hori eskertzeko beharra, baina ardura ere bai, gauzak ahalik eta ondoen egiteko, onena eskaintzeko. Exijentzia horrek, agian, ez dit uzten sorkuntza jolasean sartzen, idatzi ditudan gauzekin ez naiz ase geratzen. Sentitu izan dut ez neukala ezer esateko. Muga bat topatu eta horren kontra jo behar izan dut, neure burua konbentzitzeko zerbait polita atera zitekeela, partekatzeko gauzak egon zitezkeela. Nire erritmoak motelak dira, eta gizarte honek produktibitatera bultzatzen gaitu, gauzak azkar egitera. Horren aurka saiatu naiz, gauzak poliki eta zainduz egiten. Adibidez, nire kantuen zutabeetako bat hitz jokoak dira, maite ditut hizkuntzarekin eta fonetikarekin sor daitezkeen jolasak, eta horiek sortzeak prozesua nahi nuen bezala eramaten lagundu dit.
Tentaziorik bai diskoak Interneten zenbat entzunaldi dituen begiratzeko?
Tentazioa bakarrik ez, begiratzen dut, baina saiatzen naiz ez obsesionatzen. Musika ogibide bilakatu dut, eta askotan jendeak gauza horiei begiratuta kontratatzen zaitu, zure ordainsaria ere baldintzatzen dute. Triste samarra bada ere, errealitatea da. Nire alde batek, lurrera konektatuta dagoenak, halako gauzei erreparatu behar die, baina ezin da ahaztu zenbakiak direla; benetan sentitzen diren gauzak solasaldietan egon daitezke, benetako jendearekin aurrez aurre. Konfinamenduaren ostean, bereziki balioesten dut aurrez aurrekoa, jendearen istorio pertsonalak... nahiz eta beti nagoen bi aldeei begira. Adibidez, orain birako sarrerak saltzen ez baditut, ezingo dut jarraitu. Hor oinarritzen da oraintxe bertan jarraitzeko nire sostengua, ia-ia egunero galdetzen dut zenbat sarrera saldu diren. Jenderik ez badago beste aldean, guk ez dugu existitzeko aukerarik...
Ez omen duzu TikToken sartu nahi. Sareak ez dituzu gustuko?
TikTok ez, kar-kar! Sareekin harreman gazi-gozoa daukat. Hor badago bestela ezagutuko ez nukeen jendea ezagutzeko aukera; eta aldi berean, itxurakeria handia, norbera ez den bezalakoa azaltzeko joera. Benetako gauzetatik deskonektatzen gaituzte, baina nahi baino denbora gehiago ematen dut sareetan. Lanerako oso garrantzitsuak bilakatu zaizkit, baina baditut erresistentzia puntu batzuk, ez nuke nahi sareak nire komunikazio iturri nagusia bihurtzea. Neure burua ez dut TikToken ikusten, eta horrek zale berri posibleengana ez iristea eragingo badu, jende hori gabe geldituko naiz, albo kaltea izango da. Ez dut ez naizen norbait bilakatu nahi.
Halere, musikari langile autonomoen bizimodua agerian uzteko erabili dituzu sareak...
Gauzak diren bezala azaldu behar dira: 300 €-tik gorako autonomo kuota ordaintzen dugu, gehi aholkularitza, entsegu lokalaren alokairua... Gastu finko horiek itota bizi garelako sentsazioa sortzen dute hilero, eta horrek beti erne egotea dakar. Kontzertuen garaian, diru sarrerak edukitzen ditugu, baina sorkuntza aro osoan batere ez, eta inbertsio handia egin behar dugu ekoizpen prozesua ordaindu ahal izateko: estudioa, masterizazioa, kopia fisikoak... Tarte luze bat nahiko estu pasatzen dugu, nik bai, behintzat. Prekarizazio handia dago: uda osoa eman dut musikari guztiekin entseatzen eta ezin izan diet ordaindu. Badago beti militantzia puntu bat, egiten dugun horretan sinisten dugulako, baina ez dira disko asko saltzen, plataformek oso gaizki ordaintzen dute eta gure diru sarrera ia-ia bakarrak zuzenekoak dira. Horren mende gaude.
Eta orain, Ipar Euskal Herrira heltzea helburu...
Pausoz pauso joatea gustatzen zaidan arren, pena da euskararen eremua hain txikia izanda, zati batera ez iristea. Iparraldeko irratietan nire musika entzuten dela esan didate, baina kontzertuetarako, adibidez, ez didate inoiz deitu, EHZ jaialdirako salbu. Hara heltzeko gogo berezia neukanez, solasaldia antolatu genuen Baionan, baina errepideak itxita egon ziren eguraldi txarragatik. Pauso txikiak badira ere, horrela lantzen dira gauzak pixkanaka, ez da egun batetik besterako kontua, baizik eta aletxoka gerta daitekeen zerbait. Orain, data berriak jartzean, kontzertu batzuk, behintzat, Ipar Euskal Herrian izan daitezen saiatzen ari gara.
Interneten Olatz Salvador idatzita, erreferentzia asko gaztelaniaz agertzen dira...
Ez dugu imajinatzen euskaraz abestuta noraino irits gaitezkeen. Beharbada, geure muga da, jendeak munduan baduelako euskararekiko interesa, aurreko biran ikusi dugu. Harritu egiten gara, baina hizkuntza honek badu balioa eta interesa hemendik kanpo, batez ere hizkuntza gutxituak dauden lekuetan. Italian, Udinen, Europako hizkuntza gutxituen jaialdia egiten da, eta Finlandian, Japonian... ere aurkitu dugu gure hizkuntzarekiko maitasuna. Mundu globalizatu honetan, dena hain homogeneoa bihurtuta, berezitasunak balioa ematen dio euskarari. Agian, horregatik iritsi naiz leku horietara. Askotan esaten didate gaztelaniaz abesteak ate asko irekiko lizkidakeela, baina...
Zer erantzuten diezu?
Bidaia mordoa egin dugu euskaraz abesteagatik, euskara ez da muga niretzat. Batzuek esan didate nire kantak entzuteak euskara ikasten lagundu diela, eta horrek indarra ematen dit. Nire hizkuntzan konektatzen dut ondoen jendearekin. Azkenean, nire ama hizkuntza da, eta, militantziatik harago, hor ere egon daiteke gure hizkuntza zaindu eta erabiltzeko borondatea. Plazer handiena euskaraz sortzeak ematen dit, eta jendeak ere balioesten du: jende oso desberdinak idatzi dit gure hizkuntzarekiko maitasun handiz.
Beraz, merezi du euskara ikastea...
Hizkuntza bakoitzak mundu bat irekitzen digu, mundua ulertzeko era bat. Aldi berean, euskarak baditu, hizkuntzekin irekitzen diren aukeren barruan, opari polit batzuk. Hitzak izugarri maite ditudan aldetik, euskarak oso barne mundu ederra duela uste dut. Gure identitatea ondoen ulertzeko tresna ere izan daiteke. Horregatik bakarrik merezi du, eta, horrez gain, sozializaziorako, gertuko eta benetako harremanak sustatzeko oso garrantzitsua delako euskararen ezagutza. Nire aldetik, ikasten ari diren guztiei, animo! Oso ondo ari zarete eta eutsi horri! Ikusiko duzue egiten ari zareten ahalegin horrek nola hobetzen dizuen zuen bizitzako tokitxoren bat, seguru!
KOLKOTIK
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria? Palestinako egoera bezalakorik ez errepikatzeko legea egin dela eta su etena mundu osoan.
Nerabezaroan gehien entzun zenuen musika? Berri Txarrak, Kerobia, Ken Zazpi...
Noren kontzertua ez zenuke galduko orain? Maro artista portugaldarrarena. Bakearen antzeko zerbait transmititzen dit.
Taberna batean sartu eta zure musika badago jarrita… Urduri samar jartzen naiz, ea inguruko jendea konturatu den...
Zerk kentzen dizu loa? Gizatasunean sinestea zailtzen duten gertakariek, neure hausnarketek...
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Yogak, meditazioak, arnasketek, paseo batek, naturak... laguntzen didate.
Larunbat gauerako planik onena? Kontzertu batera joatea.
Eta igande arratsalderako? Film bat konpainia onean.
Zer janari ez da falta inoiz zure etxeko sukaldean? Patatak, adibidez.
Nola moldatzen zara kozinatzen? Jatea gustatzen zait, baita gauza goxoak prestatzea ere, denbora dudanean.
Zer ateratzen zaizu oso ondo? Esaterako, patata tortilla.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Egunaren arabera.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Oso zaila egiten zait, ez dakit.
Bizitzako plazer txiki bat? Ondo jatea.
Nor da zuretzat heroia? Medikuak, erizainak... gizarte hau hobetzen laguntzen dutenak.
Agertokira irten aurreko maniaren bat? Ez, baina presaka ez ibiltzea gustatzen zait, lasai prestatzea.
Ahotsa zaintzeko erremediorik onena? Atseden hartzea.
Zure bizitzako leloa? On egiten badizu, gelditu hor.
Labur, nolakoa da Olatz Salvador? Ausart beldurtia. Gauza piloa egiten dut beldurtuta, baina egiten dut.