Lantalde osoaren antzera, AIZU!k abenduan beteko duen urtemuga ospatzeko prestaketa lanetan topatu dugu Eñaut Mitxelena (Errenteria, 1976), AIZU! aldizkariaren koordinatzailea. Esku artean duzuen zenbaki berezia eta Durangoko Azokarako mahai-ingurua edota irakurleei eskaini nahi dieten beste zenbait sorpresa prestatzen: “Irakurleak dira gure arnasa, eta 40. urtebetetzean zer edo zer berezia eskaini nahi diegu, jakin arren esker on guztiak gutxi izango direla haiengandik jasotzen dugunarekin alderatuta”. M. Egimendi.

1981eko Durangoko Azokan jaio zen AIZU!, baina urte osoa daramazue ospatzen.
Ospakizuneko une nagusia orain izango da, orain beteko baitira 40 urte AIZU!ren 0 zenbakia Durangoko Azokan aurkeztu zutenetik. Nolanahi ere, urte hasieratik saiatu gara urteurrena girotzen. Hilero, AIZU!ren historiako pasarte garrantzitsuenak jaso ditugu aldizkarian, oraingo irakurleek ere nondik gatozen jakin dezaten. Irailean, gainera, aldizkariaren eta webgunearen diseinu berriak aurkeztu genituen. Orain, zenbaki berezia plazaratu dugu, eta hil honetako lehiaketan sari gehiago banatuko ditugu, datorren hilean zozketaren bat egingo dugu... Eta Azokan ere izango gara, noski.
Urteurrena joango da, baina aurten egindako hainbat lan, ordea, ez.
Hala da. Adibidez, aldizkariaren eta webgunearen itxura aldatu dugu. Batetik, aldizkari irakurterrazagoa eta erakargarriagoa egin dugu, hizkuntza oraindik ongi ez dakiten irakurleek ez dezaten nagirik izan irakurketari heltzeko. Bestetik, webgunean eskaintza digitala hobetzeko eta indartzeko urratsa egin dugu. Izan ere, orain arte, webgunea paperekoaren erakusgarria zen; orain, berriz, osagarria izango da.
Harpidetza digitala ere berria da AIZU!n, ezta?
Bai, hori ere jarri dugu martxan, egungo kontsumo ohiturei erantzutearren. Gainera, aurrerantzean hobekuntza gehiago egiteko atea zabalik utzi dugu, esparru digitalaren garapena ezinbestekoa baita. Finean, hilero-hilero produktu hobea eskaintzea da gure helburua, betiere aldizkariaren xede nagusiaren mesederako, jakina.

"Hobekuntza gehiago egiteko atea zabalik dago, esparru digitalaren garapena ezinbestekoa baita"


"Gure aitortza eta esker ona, AIZU! sortu, eta40 urtean AIZU!n lan egin eta idatzi duten guztiei"


Aldizkariaren hasierako helburuak eta oraingoak berak dira?
Euskara ikasleen aldizkaria izateko asmoz jaio zen. Bai hasieran bai 1983an AEKrekin bat egin zuenetik, xede berari eutsi dio: euskara errazean idatzitako aldizkaria egin, euskara ikasten ari direnek euskaltegitik kanpo hizkuntzan trebatzen jarraitu ahal izateko. Horrekin batera, zubi lana ere egin nahi dugu, euskara ikasleek euskal kultura ezagutu eta euskarazko komunikabideetara jo dezaten.
Beste 40 urte betetzeko prest?
Gogorik ez zaigu falta! Euskara ikasleen aldizkaria da AIZU!, eta euskarara hurbiltzen den ororen bidelagun ona izateko lanean jarraituko dugu. Horretarako, gure eskaintza hobetzen jarraituko dugu, paperezkoa zein digitala. Hain zuzen, eraldaketa digitala izango dugu erronka nagusia. Mundua abiadura bizian eraldatzen ari da, eta hedabideon munduan are agerikoagoa da: kontsumo ohitura berriak daude, paperezko prentsa gero eta gutxiago irakurtzen da...
Hori guztiari erantzutea ez da erraza izango...
Ez. Horregatik, euskarazko hedabideok sendotzea ezinbestekoa izango da, erakundeen babes handiagoa lortuta, besteak beste. Horretan ere badugu zer egin. Adibidez, Hekimen euskal hedabideen elkartearen bidez ari gara lan horretan. Askotan, batuta gehiago lor daitekeela ahazten zaigu! Eta badira eskutik helduta egin beharreko egiteko ugari: hedabideon finantzaketa egonkortu, eraldaketa digitalari aurre egin, elkarlana sustatu...
Irakurleak edo erabiltzaileak dira zuenak?
Gure ustez, AIZU! irakurtzeko eta erabiltzeko aldizkaria da: ariketak eta denbora pasak ere eskaintzen ditugu, eta aldizkaria euskara eskoletan lantzeak aukera ugari ematen ditu ikasitakoa praktikan jartzeko. Horretan, ezin dugu ahaztu euskara irakasleek eta ikasleek egiten duten ahalegina. Haiek ditugu xede, baina baita gure akuilu eta motor ere. Jaso ditzatela gure aitortza eta esker ona, AIZU! sortu, AIZU!n lan egin eta idatzi duten, eta AIZU!ren deiari arreta handiz erantzun izan dioten guztiek bezala. Haiek gabe, ez ginateke eta ez gara izango deus.
Aldizkariak pairatuko al du gizakiok 40 urte betetzen ditugunean jasaten dugun krisia?
Tira, euskarazko hedabideontzat krisi hitza, tamalez, ez da batere arrotza. Hobe esanda, euskarazko hedabideok ia etengabeko bidaidea dugu krisia: baliabide nahikorik eza, lan baldintza eskasak... Horrela ibili izan gara beti. Nolanahi ere, ez dut uste AIZU!ri bere 40 urteek krisirik eragingo diotenik: helburu argiak, urratu beharreko bide berriak, gogo eta indar handiak...

 Halere, onena aldizkariari berari galdetzea, ezta?

“Kontsumitu euskarazko hedabideak!”

Bada, AIZU!ri ez diogu krisi zantzurik sumatu. Pozik dago aldizkaria, 40 urte behin bakarrik betetzen direlako eta jantziak estreinatu dituelako. Batez ere, etorkizunari begira dago itxaropentsu: “Erronka handiak ditugu aurrean, gure koordinatzaile txit serio horrek azaldu duenez. Hortaz, zer krisi eta zer arraio!”. Alai Zumeta.

Gazte garaia faltan botatzen duzu?
Ez, pozik eta harro nago naizenaz, eta izan naizenaz. Izango naizenari erreparatzen diot: desagertu egin nahi dut, horrek Euskal Herri euskalduna dugula esan nahiko duelako. Halere, bitartean, hiletik hilera aldizkari hobea izaten jarraituko dut. Tira... egiari zor, gazte garaiko gauza baten hutsunea bai sentitzen dut: AIZU!ko tukanaren moko zorrotza!
Gatza eta piperra falta zaizkio egungo AIZU!ri, ala?
Orduan, lotsagabeagoa nintzen. Tukanak berak ere gandor tente askoa zuen. Natur dokumentalak ikustea gustatzen bazaizu, jakingo duzu tukan gehienek ez dutela gandorrik. Beraz, nire lagunaren gandorra haren izaera punkaren ondorioa zen. Egun, badirudi gandorra ez dagoela boladan...
AEKn daramazu ia bizitza osoa.
Bai, txikitan, gurasoek nire zaintza AEKrekin partekatu zuten. Badakizu, bizimodu egonkorragoa eskaini nahian edo... Egia esan, pozten naiz, AEKren euskaltegi eta ikasle piloa ezagutzen hasi nintzelako. Irakurtzen eta erabiltzen nindutenak euskaraz gero eta hobeto aritzen zirela ikustea zoragarria izan da.
Irakurtzeko ez ezik, erabiltzeko aldizkaria ere bazara.
Jakina! Irakurtzeaz gain, nirekin ariketak egin daitezke, euskaltegian ikasitakoa praktikan jarri, euskaltegiko eskoletan baliatu... Ikasleei eta irakasleei, irakurle guztiei, oro har, aukera bat baino gehiago ematen diet.
40 urtean asko aldatu zara.
Pentsa! Hasieran, eskuz egiten ninduten, digitalizazioa kasik zientzia fikzioa zen, gizartea ere asko aldatu da... Eta ziur h-rekin idazten zen! Euskararen kontrako jarrera eta mezuak izan ezik, zer ez da aldatu?
Bakarra zinen sortu zinenean, bakarra zara egun ere?
Eneeee! A zer dokumentazio lana zurea! Bekaduna ez zara izango, ezta? Eusko Jaurlaritzako Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeak hilabete lehenago argitaratu zuen HABE aldizkaria, hura ere euskara ikasten ari zirenentzat. Hark 2011n utzi zion paperean argitaratzeari, eta orain ni naiz horrelako bakarra paperean, baina, zorionez, euskarazko hedabideak ugariagoak dira egun. Hori bai, gehiago behar ditugu, pantailak euskaraz ikustetik hasita.
40 urte barru, zer?
Ez naiz iragarlea, hori gure astrologoari galdetu! 40 urte barru, auskalo! Baina ezin ahaztu euskararen egoera oraindik ez dela nahiko genukeena, eta euskal hiztunen eskubideak maizegi urratzen direla edo, zuzenean, ez direla kontuan hartzen. Beraz, euskaldunok badugu zer egin. Elkar hartuta erantzun behar diogu egoerari. Eta euskarazko aldizkari bat eskuan bada, hobe!
Jantzi berria estreinatu duzu urteurrenaren karietara. Gustuko duzu?
Zaharra gustuko nuen arren, banuen aldatzeko ordua. AIZU!ko erredakzioko kideek adabaki batzuk jarri izan dizkidate, polit askoak, baina bestelako itxura nahi nuen, modernoagoa. Eroso nabil arropa berriekin. Hala ere, irakurleak eroso sentitzea da garrantzitsuena.

KOLKOTIK

Euskara ikasteko gomendio bat? Kontsumitu euskarazko hedabideak!
Zergatik? Besteak beste, talde mediatiko handien ahots ia bakarrari iskin egiteko ezinbestekoak direlako!
Biharko egunkarian irakurriko nahiko zenukeen berria? AIZU! aldizkariak erretiroa hartu du.
Labur esanda, nolakoa da AIZU!? Aldizkari txukun, interesgarri, dibertigarri, erakargarri eta erabilgarria, kar-kar!
Ikasle batzuek ez zaituzte gustuko izango... Ogitartekoa biltzeko erabil ditzakete nire orrialdeak! Erabilera instrumentala, kar-kar!

 Hortaz, galdera hori irakurleei egin beharko!

Irakurleek diotena

Aitziber Otegi
AEK-ko irakaslea

Asko erabiltzen duzu AIZU! eskolak prestatzeko?
Bai, dezente. Alde batetik, mintzamena lantzeko, hainbat atal: zokomiranak, Ika-mika... Bestetik, Ez da hain fazila ere askotan erabiltzen dut: Galde debalde elkarrekin irakurtzen dugu beti. Eta, sarri, gurutzegrama eramaten diet ikasleei eskola hasteko ariketa gisa, baita atsotitzarena ere. Erreportajeak ere maiz baliatu izan ditut, lanketak prestatzeko eta hizkuntz atalak errepasatzeko, mintzamenerako...
Nolako ekarpena egiten die aldizkariak irakasleei?
Aldizkariak ona du ikasleentzat oro har euskara errazean idatzita dagoela; horrek material erreala eskolaratzeko aukera zabalagoa izatea ahalbidetzen digu irakasleoi. Gainera, gaiak ez dira hain teknikoak edo sakonak, gaiari buruz ezer ez dakien ikasleak ere ulertzeko moduko euskara erabiltzen baita. Askotan, irakasleok traba horrekin topo egiten dugu: material erreala nondik atera, non topatu oso zaila ez dena. Bada, AIZU!k lan hori errazten digu.
Eta ikasleei?
Ikasleek, askotan, beldurra izaten diote euskarazko prentsa irakurtzeari, ulertuko ez duten sentsazioa dutelako. AIZU! aldizkariak uste hori ez dela benetakoa erakusten die, prentsa idatzia ulertzeko gai izan daitezkeela, alegia. Nolabait, bestelako egunkariak eta aldizkariak irakurtzera animatzen ditu.
Nolako harrera du AIZU!k zure ikasleen artean?
Betidanik izan du oso harrera ona; agian, ni neu oso zalea naizelako. Aldizkariari, euskaltegira iritsi berritan, beti eskaintzen diot denbora tartetxo bat, eta interesa erakusten diet. Beraz, ezaguna dute, eta gehienek irakurtzen dute, gehiago edo gutxiago.

Sol Nolasco Etxeberria
Harpideduna

Noiztik zara harpideduna eta nola ezagutu zenuen AIZU!?
Ez naiz oroitzen, baina aspaldi izan zen... Durangoko Azokan, uste dut.
Zergatik egin zinen harpidedun?
Aldizkari ona iruditu zitzaidan. Garai hartan, ikasten ari nintzen, beti bezala, eta euskaraz irakurtzea ona zela pentsatu nuen.
Zer da aldizkarian gehien gustatzen zaizuna, beti irakurtzen duzun hori?
Elkarrizketak dira gehien gustatzen zaidana. Liburuen eta diskoen berri ematea ere eskertzen dut. Oro har, aldizkaria oso ona iruditzen zait. Edukiak askotarikoak dira eta oso ondo daude euskaraz ondo ez dakigunontzat. Biloba txikia zenean, hitz jokoak egiten genituen elkarrekin.
Aldatuko zenuke zerbait?
Ezetz esango nuke.

Maider Barrueco
AEK-ko ikaslea

Ezagutzen zenuen AIZU! euskaltegian hasi aurretik?
Euskaltegian hasi aurretik, ez nuen AIZU! aldizkaria ezagutzen, baina euskaltegian 3 urte daramatzat eta hilero jaso izan dut. Beti, gehiago edo gutxiago eta denbora dudanean, gustura irakurtzen dut.
Zer gustatzen zaizu gehien?
Gizarte eta kultura erreportajeak. Komikiak, denbora pasak eta gramatikari buruzko azalpenak ere gustuko ditut.
Eta gutxien?
Dena gustatzen zait, baina gutxien horoskopoa, Belarrion eta Ilustratu atalak irakurtzen ditut. Hala ere, berri motzak direnez, gehienetan irakurtzen ditut, gai interesgarriak azaltzen direlako.
Erabiltzen duzu euskaltegitik kanpo? Nola?
Normalean, etxean izaten dut, eta denbora daukadanean irakurtzen dut. Batzuetan, mintzasaiorako gaiak ere ateratzen ditut aldizkaritik. Interesgarria iruditzen zait, aldizkariak egungo gaiei buruz hitz egiten duelako, kultura, gizarte gaiak, bitxikeriak... Gehienetan, artikuluak interesgarriak izaten dira.



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.