Manu Muniategiandikoetxea (Bergara, 1966) umetatik da artista. Institutu aroan herriko arte eskolan ikasi, gero Arte Ederretan bi espezialitatetan lizentziatu, prestaketa Donostiako Artelekun osatu, eta hortik bekak eta sariak eskuratzera. Harrezkero, bakarka zein taldean izan da bertoko eta atzerriko erakusketa ospetsuetan, eta bere obrak bilduma publiko eta pribatu ezagunetan daude. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Azkar lortu zenuen onespena. Argi zegoen artista zinela ala zorte pixka bat ere behar da?
Txiki-txikitatik geratzen nintzen neure baitan sartuta marrazten eta margotzen. Bergarako arte eskolan ikasi nuenak unibertsitatean pintura eskoletara ez joateko eta eskultura espezialitatea ere egiteko aukera eman zidan. Artelekun, berriz, ate asko zabaldu zitzaizkigun, eta handik egin ahal izan nuen jauzia mundu “profesional” honetara. Gerora konturatu ginen zer eman zuen Artelekuk: artista asko ezagutu genuen aurrez aurre, eta ez ziguten teknikarik erakusten, baizik eta, beren bizipenekin, zer den artista izatea, non datzan profesionaltasuna: diru kontuak, arrakastaren ondoren urteak ilunpean pasatzea, familia artistaz kokoteraino egotea, artistak munduaren zilborra dela pentsatzea, depresioak... Halaxe gertatzen da, baina artearen harra sartuta daukana ezin da hori barik bizi. Ez dago artistarik, ez txiki ez handi, hori laga dezakeenik.
Nola egiten duzu lan?
Iratzargailua jarrita; izan ere, sortzean, bake kapsula batean bezala sentitzen naiz, ez dago denborarik, gozatu egiten dut. Sufritu ere bai, gauzak nahi bezala ateratzen ez direnean, baina kontzentrazio une horretan ez dago ezer inguruan. Hori probatzen duzunean, hori nahi duzu. Artistok oso indibidualistak gara; batzuoi, behintzat, bakarrik egotea gustatzen zaigu. Estudioan gauza mordoa edukitzen dut, eta apurtu, desegin, berregin... egiten ditut. Gero, baztertu ere bai, baina ez ditut botatzen, eta sinergiak sortzen dira haien artean, gauzak azaltzen dira. Nik lanak topatu egiten ditut.
Teknologia berriak erabiltzen al dituzu sortzeko?
Ez dut gogoratzen ordenagailua non daukadan, baina bai, gaur egun ez dago elektronika erabiltzen ez duenik. Adibidez, Tabakaleran kontrol numerikoa duen makina bat aurkitu nuen, eta nire astebeteko lana ordu erdian egiten du! Inprimagailua, proiektagailua… beti dauzkat inguruan, baina ez naiz aditua. Beste batzuek ordenagailua dute lanabes, baina ni oso prozesuala naiz, gure garaiko gehienak bezala, eta koadernitisa daukat, arkatza asko erabiltzen dut, baita paperezko egutegia ere. Denok arkatzera itzultzearen aldekoa naiz, ez marrazteko, tresna moduan baizik, edozertarako: ikasi, eskemak egin...
Jabetu” egiten omen zara beste artista batzuen lanez. Hori ez al da plagiatzea?
Orain ikusten dut beti ibili naizela bila. Bakoitzak gauzak egiteko modu bat dauka, eta hori bilatu behar du. Hutsuneak bete ditzakegu, pixkanaka, baina norbera den bezalakoa da, eta bere bidea egin behar du, ezin du beste batek egin duenaren berdina egin. Beste artista bat ispilu moduan erabil dezaket, neure burua ikusteko eta gauzak nola egiten ditudan ohartzeko. Originaltasunak ez du hainbesteko garrantzirik, ondoan duzunarekin lan egin behar duzu, nondik hartzen duzun konturatuta. Oteiza ikertzen ari nintzela hasi nintzen artista errusiarrei jarraitzen, hark aipatzen zituelako. Eta gustatzen zait esatea nondik jan dudan, nondik hartu dudan materiala, nola egin dudan. Hartzeko baldin badago, hartu; ahal bada, onenetik, osatu egingo zaituelako. Artistok beti gabiltza bila, eta susmatzen dugu zeren bila, baina askotan ez dakigu zer den. Halere, aurkitzen dugunean, hartu egiten dugu, ehiztariak bagina bezala, eta horrexek betetzen ditu gure hutsuneak.
Zertan zabiltza orain?
Eraztun handi batzuk egiten, 10-12 urtez armairuan geldi, beti egitekotan, egon den zerbait. Dena den, proiektu honek prozesu luzeagoa behar du oraindik, urte bat edo bi, agian. Bestalde, pinturak niretzat arazo asko ditu orain, edo neuk ditut arazo asko pinturarekin, eten egin delako. Zentzurik ez duela dirudien unea heldu da, baina badauka zentzua, non ez dakidan arren. Kontua da margoak beste era batean egiten ari naizela, ez dakit zer irtengo den, baina uste dut aldaketa garai batean nagoela.
Pandemiagatik, akaso?
Pandemiak eragina izango du nire lanean, seguru, baina ez dakit nola. Denoi gertatuko zaigu, pandemiaren zartadaren eraginez gauza asko aldatuko dira, prozesu traumatikoen ostean aldaketak sortzen direlako, onerako eta txarrerako. Lehen egiten ez genituen gauza ugari egiten ari gara: galeriak aldatu egin dira, baita erakusketak egiteko moduak ere, lan guztietan sartu da gai telematikoa indar handiz… dena dago krisian, eta krisiak aldaketa modu bat dira. Horrek ondorioak ekarriko ditu, epe motzean ikusi ez arren. Eta artistak oso sentiberak gara horrelako zartaden aurrean.
Eta artearen salmentan?
Merkatuen sistema ere kolpatua izan da. Artearen inguruko mundua oso gogorra da, eta orain zer esanik ez. Oso nekagarria da, baina oso garrantzitsua, eta horretan txarra bazara… Pandemiak, krisi honek, Superligak egin nahi zuena egin du artean: oso artista handiak lehen mailatik kanpo geratu dira, sormen lanetik bizi ezinik. Beharbada, Artelekuk booma sortu zuen, eta ez dago 20 artista mantentzeko beste, baina hemen diru asko dago, nahiz eta ez erakutsi. Kontua da ez dagoela kulturaren beharrik. Krisiak hauxe ere ekarri du: lehen, bazegoen “nazionalismo” puntu bat, gauzak bertoko artistei erostearen aldekotasuna edo, baina orain irabaziak eskuratzeko erosten da.
Nola ezkontzen dira artea eta merkatua?
Gaizki! Gai honekin triste jartzen naiz, oso garai latzak direlako guretzat. Beste jende askorentzat ere bai, baina gurea eten egin da, eta ez dakit itzuliko den, ez naiz oso baikorra. Izan ere, artea ez da premiazkoa, azken gauza baizik. Nire lagun kuadrillan, denok bidaiatu nahi dugu, sartu diguten ohitura bat da, gelditzeko etorri dena. Autoa edukitzea ere gure kulturan sartuta dagoen elementu beharrezkoa da. Etxea ere bai, jakina; etxerik ez baduzu, ez zara pertsona. Kulturalki, lotura horiek eginda ditugu. Alabaina, nire lagun horietatik inork ez du artelanik erosten. Zinemara bai, joaten dira. Musika kontsumitu ere egiten dute; ordaindu, ez dakit. Jatetxeetara joateko zaletasuna ere handitu egin da, lan ona egin dute. Bertsotara ere bai, egundoko inbidia ematen dit, eta aztertzekoa izango da, bertsolariek azken 20 urtean egin duten lana… Artelanak, ordea, oso jende gutxik erosten ditu. Beraz, artistak ez badauka nondik jan, ezin da bizi.
Etxean jartzeko artelan bat erostea ez da erraza...
Lehen, etxe batzuetan koadroak egoten ziren, herriko artistarenak besterik ez bazen ere, baina orain ez dugu horren beharrik. Herbehereetan, adibidez, etxeetan artelanak dituzte hormetan, artelanekin bizitzeko ohitura dute. Guk kultura hitza potolo-potolo hartzen dugu ahotan, baina ez dugu erabiltzen. Hortik dator hitzaldiak eta eskolak eman behar izatea. Oraingo artista gazteak azkarragoak dira, eta zuzenean jartzen dute hanka bat unibertsitatean, irakasle aritzeko. Guk, aldiz, ez hanka ez ezer, guk jauzi egin genuen! Sare barik, gainera. Eta prekaritatean bizi gara. Kreditu bat eskatzera joan eta ez zara existitzen, ez duzulako sarrera finkorik. Horrek gizartean nor zaren erakusten du: inor ez, paria hutsa. Garai batean, bazirudien Artelekuko belaunaldikook artetik biziko ginela. Bada, sentitzen dut, baina ez gara profesionalak, une honetan ez dakit zer garen ere. Egia da hau oso memento latza dela, baina galeria bat zabaldu dela ikustean beste zerbaiten tapadera izango dela pentsatzen dut, edo ez dakitela non ari diren sartzen.
Umeentzat ematen dituzun tailerrak helduleku ekonomikoa dira?
Horregatik hasi nintzen, baina bidean ikusi nuen ezin nuela aurrera egin neuri ezer ekartzen ez bazidan. Hezkuntzan lan itzela egiten dute artista batzuek, baina ni ez naiz gai sentitzen. Eskolak ematen hasten bazara, sorkuntza alde batera uzten duzu. Dena den, tailer horietan esperimentatu egiten dut, ez dut jakiten zer aterako den. Pintxe gisara erabiltzen ditut ikasleak, eta halaxe esaten diet. Ondo egongo litzateke ikasle heldu zein umeak artista baten proiektura ekartzea, bertan lan egin dezaten. Horrela, artistak gauzak zelan egiten dituen ikusiz, teknikak ikasten baino probetxu handiagoa aterako lukete. Ikasteko, funtsezkoa da ikustea artistak zelan bizi duen artea. Margotzen ikasiko dute gero, beren kasa eginez.
Nola hurbildu jendea arte garaikidera?
Umetatik. Nik ikasleei erakusketak ikusten laguntzen diet, bisita gidatuak balira bezala. Artearen eta gizartearen arteko bideak sortzea falta da, elkar ulertzeko. Txikitan sortzen dira gure harreman naturalak, txikitatik egindako gauzak gure bizipenetan barneratzen ditugu: mendira joateko gogoa, kirola egitekoa, musika entzutekoa.... Artearekin, berdin. Tailerren bidez, umeek naturaltasunez hartzea lortzen da, aurreiritzirik gabe, museoan ibiltzeko, erakusketak ikusteko edota gauzak egiteko ohitura. Artea kulturala da, eta kultura denok egiten dugu. Baina jendea ez dago ohituta bere ondoan sortzen den artea ikusten, eta erakusketa batera joan eta ulertzen ez badu, haserretu egiten da bere buruarekin, tontoa dela uste duelako; baina ez da hori, ohiturarik eza baizik.

KOLKOTIK  

Gustuko artista bat?
Kippenberger.
Inspirazioa bilatzeko, zer?
Bizi.
Zure bizitzako leloa?
Aitak esaten zuena: hartu lanbide gustuko duzun zer edo zer.
Non egin zenuen lehen erakusketa?
Elorrion, Pello Agirrek prestatu zidan.
Nor da heroia zuretzat?
Pateran datorrena.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Akatsak.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Batek daki! Baina, tamalez, gauza bera egiten.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Pandemia bukatu dela eta gosea munduan desagertu dela.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Amaren tuperrak, bonba bat da emakumea. Eta gazta, fruta, barazkiak...
Zein artelani begira emango zenituzke orduak?
Edozein klasikori: Velázquez edo Picasso bati begira.
Bisitari joateko gogoko duzun museoa?
Gustura edozeinetara noa, baina txiki bat esateko, Oteiza museoa.
Zein sare sozial erabiltzen duzu gehien?
Instagram.
Zerk ematen dizu lotsa?
Gure jarduerak. Pandemian, kanpotarrekin...
Eta amorrua?
Horrek irtenbidea duela eta ez dugula ezer egiten pentsatzeak.
Eta beldurra?
Etorkizunak, zer lagatzen ari garen ondorengoei.
Zerk galarazten dizu loa?
Une honetan, egoera ekonomikoak.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Lan.
Bizio bat?
Lagunekin ardoa edatea.
Euskara ikasteko bi arrazoi?
Guk ez badugu zaintzen, zeinek zainduko du? Eta amorrua ematen dit gure hizkuntza ondo ez hitz egiteak, eta neu naiz bat!
Bi hitzetan, nolakoa da Manu Muniategiandikoetxea?
Desastre hutsa!

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.