FERMIN MUGURUZA (Irun, 1963) Donostiako Zinemaldian egongo da: Black is Beltza II: Ainhoa filma jaialdiaren 70. edizioan estreinatuko da, irailaren 23an. Astebete geroago aurkeztuko da Espainiako zinema aretoetan; azaroan, berriz, Frantzian. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Bigarren zatiek ez dute ospe onik...

Gauzak asko aldatu dira, batez ere telesailek hartu duten indarragatik. Orain, ezin da bigarren zatiez hitz egin. Ez dira protagonista beren beste istorio batzuk, baizik eta aurreko filmean ikusi genuen zerbaiten jarraipena, urte batzuk igaro ondoren. Black is Beltza I 1965ean hasi eta 1967an bukatzen da. Honetan, 85ean hasita, ekintza osoa 88an garatzen da. Hau aurreko protagonisten 21 urteko alabaren istorioa da. Orduko testuinguru historiko-soziala erakusten da, eta pertsonaia errealak fikziozkoekin nahasten dira.

“Zinemaldian egotea izugarria da, oso neurea sentitzen dut”

“Oso pozik nago filma Iparraldean berehala estreinatuko delako”

“Filmean, Iñigo anaia eta biok marrazki bizidun bihurtuta ateratzen gara”

“Herri honetan dugun aberastasunik handiena elkartasuna da”

“Zure bizilekuko hizkuntza hitz egiteak pertsona hobea bilakatzen zaitu”

“Arteak ez dauka ezer txarrik”

Zer da zuretzat Zinemaldian egotea?

Izugarria. Oso neurea sentitzen dut Zinemaldia, sei aldiz egon naiz bertan lan batekin, baita epaimahaian ere behin. Aurtengoa bereziki ederra izatea espero dut: nire film bat belodromoko 400 metro koadroko pantailan, 3.000 ikusle... Espero dezagun betetzea.

Aurreko filma Netflixera heldu zen iaz...

Espainiako Estatuko animaziozko pelikula guztiak saiatu arren, gureak bakarrik lortu du hor egotea. Ez zait lehiatzea gustatzen, are gutxiago planteamendu ekonomiko zalantzagarria duen plataforma komertzial batean, baina egiten dugun lana zabaltzeko balio du, eta mundu guztiak jotzen du Netflixera, zinema aretoetako hedapena ere zaila delako. Ikaragarria izan da pelikula mundu osoan banatuta ikustea, baita arabierazko azpitituluekin ere. Netflix ikusi ezin den herrialde batzuetan ere ikusi da filma, Txinako plataforma bati esker, eta euskara mundu osoan entzun da. Ea berriro lortzen dugun... Aurrekoa hor egonda, behar genituen babes batzuk jasotzea orain errazagoa izango zela uste genuen, baina erabat oker genbiltzan: oraindik ez dago ziurtatuta Irunen egongo denik ere, eta gauza bera gertatuko da Euskal Herriko beste leku batzuetan.

Batzuek ez dute onartuko Ainhoaren begiek ikusten duten errealitatea...

Egiten dudana egiten dudala, ni markatuta nago. Jarraitzaile asko daude egiten dudana ikusteko prest, gero gustatu ez arren, baina kritikak ere badaude. Film honetan, aurrekoan baino gertuago gaude, 1988an. Orduan, Televisión Españolan elkarrizketatu nindutenean, eskuineko alderdiek telebista terrorismoa zuritzen ari zela esan zuten, eta kazetaria barkamena eskatzera behartu zuten. Horrek ederki erakusten du zer-nolako demokrazia ustelean bizi garen. Zenbait jende prest dago hortik pasatzeko, baina beste zenbaitek nahiago du, oso modu ulergarrian, honetan ez sartu. Berdin gertatzen da zinema aretoekin, beraz, orain edozertarako prest egon behar dut. Are gehiago, bertsio ofizialetik kanpoko zenbait gauza kontatzen direlako. Izan ere, ikus-entzunezkoetan badago bertsio bakarra, “ofiziala”, kontatzearen aldeko estrategia. Bestalde, zinema kate handiek zer ikusi behar den eta zer ez inposatzen dute, areto guztietan pelikula berak daude; hortaz, lan independentea, helduentzako animazioa, euskaraz, azpitituluekin...

Eta Ipar Euskal Herrian?

Ezberdina da, autore zinema askoz gehiago babesten da han. Hego Euskal Herrian, plataforma batek pelikula bat pantaila handian estreinatu eta sei hilabetera eman dezake; Frantziako Estatuan, ordea, ez, hiru urte pasatu arte. Legeak bermatzen du filmak denbora tarte horretan aretoetako ibilbide osoa egitea. Aurreko pelikularekin, Iparraldera askoz lehenago ailegatu nahi nuen, baina Hegoaldean estreinatu eta zortzi hilabetera heldu ginen, ez genuelako lortu ez baimenik ez banatzailerik. Aurten, aldiz, hilabete eta erdiren buruan estreinatuko dugu han, eta oso pozik nago, nire lanak ikuspegi nazionalaz zabaltzen saiatzen bainaiz.

Kortaturen azken kontzertua ageri da filmean...

Aurrekoa bezalaxe, hau oso pelikula musikala da. Musikak bere rola du, beste pertsonaia bat da. Tokian tokiko musika entzuten da, eta protagonistek egiten duten bidaiaren mapa osatzen du. Interesgarria da Kortaturen Azken Guda Dantza agertzea, orduan Aljerreko mahaian tregoa egosten ari zelako, eta hori gure filmaren istorioarekin lotuta dago. Bestetik, niretzat izugarria izan zen Azken Guda Dantza, eta pelikulan sartzea Iñigo anaiari berriro bizitza emateko aukera zen: Josune, Egin egunkariko kazetaria eta Ainhoa protagonistaren laguna, Kortaturi elkarrizketa egitera doa. Hor gaude anaia eta biok, marrazki bizidun bihurtuta. Lagunentzat ere terapia modukoa izan da.

Erraza izan da izen handiko horrenbeste jende biltzea?

Herri honetan dugun aberastasunik handiena elkartasuna da, batik bat kultur mailan. Horixe ezagutu dut nik, eta gazteei ere transmititzea gustatuko litzaidake, guretzat gauzarik handiena izan delako: nola jakin izan dugun batzen proiektuak aurrera ateratzeko, zailtasunak zein ospakizunak egon direnean. Jendearekin elkartuz joan gara, eta horrela gertatu da izen handiak biltzea. Indar hori dugu, eta harro egoteko modukoa da, zoragarria. Oso lan kolektiboa izan da, denak egon dira prest, eta pozik daude estreinaldiarekin.

Urriaren 6an kaleratuko da komikia ere...

Bai, euskaraz, gaztelaniaz, galegoz eta katalanez aldi berean plazaratzea lortu dugu. Frantziako edizioa Angulemako Azokarako plazaratu nahi dugu. AEBetan, gaztelaniazko bertsioa banatuko da, komunitate latinoarentzat, eta Latinoamerikan banatzea ere lortu dugu. Protagonista emakumea da, eta marrazkiak emakume batek egitea nahi izan dugu: Susana Martinek sekulako lana egin du, komiki zoragarria.

Black is Beltza saga bihurtuko da?

Animazioa izugarri gustatzen zait eta asko ikasi dut, eskarmentu handia neureganatu dut. Baina une honetan lehertuta nago, akituta. Abendura arte, egun guztiak lanerako hartuta dauzkat, eta datorren urtean jarraituko dugu ere nazioartean, baina nekea izugarria da. Oraintxe bertan, oso zaila egiten zait pentsatzea nire bizitzako beste lau urte hartu behar ditudala beste pelikula bat egiteko.

Non geratu da musika?

2019an, nire musika ibilbide osoa aldarrikatzeko bira bat prestatzea pentsatu nuen, baina irailean Iñigo hil zen eta orduan dena utzi nuen. Hondamendi itzela izan zen niretzat, oso depresio gogorra pairatu nuen. Halere, abenduan Kafe Antzokian eskaini genion omenaldi kontzertua zoragarria izan zen, katartikoa. Ondoren, denbora askoan agertokira igo gabe egon naiz. Aurten, ordea, Irungo Mosku auzoko jaietan, Mala Rodriguezek berarekin kantu bat abestea proposatu zidan. Neure auzoan izan arren, ez nintzen ausartzen, baina jende askok animatu ninduen eta, kostata, taulara igo nintzen. Berrindartuta atera nintzen, eta, harrezkero, hobeto sentitzen naiz, gero eta hobeago, konfiantza, umorea eta indarra berreskuratzen. Sanmartzialetan gazteak, neska eta mutil, konpainietan desfilatzen ikusteak ere piztu egin ninduen. Kolofoia Oreretako jaietan iritsi zen. Iñigo hil aurretik hartua nuen han pregoia egiteko konpromisoa, baina aurtengo urtarrilean gogorarazi zidatenean ez nuen neure burua horretan ikusten. Halere, Irunen sentitutako bulkadaren ondoren, zazpi kanta abestu nituen, eta herri osoa han ikusteak, zahar, gazte eta ume, sekulako indarra eman zidan.

Zergatik ikasi euskara?

Jendea euskara ikastera animatzen dut, lehenengo eta behin, zoragarria delako. Zure bizilekuko hizkuntza hitz egiteak ahaldundu egiten zaitu, beste pertsona bat bilakatzen zaitu, pertsona hobea. Eta badakit hitz honekin eztabaida dagoela, baina ni hil arte izango naiz euskaldun berria, euskara ikastea neure hautua izan zelako. Gaur egun, jendea euskaltegira joaten ikusteak harrotu egiten nau, nekea ulergarria izan arren. Zirrara paregabea bizi nahi baduzu, ikasi euskara!

Zuk aspaldi ikasi zenuen...

Iñigo ni baino urtebete gazteagoa zen, eta gu jaio ginenean euskara debekatuta zegoen, errepresioa izugarria zen. Gure hautua, kulturalaz gain, politikoa izan zen: musikazale amorratuak ginen, baina klandestinoki pasatzen ziren kantuak ez genituen ulertzen. Kantatzen gaztelaniaz hasi baginen ere, euskara ikasteko eta euskaraz abesteko konpromisoa hartu genuen. Hala, Kolpez kolpe euskara hutsean atera zen. AEKn ikasi genuen, eta estrategia zen euskara ikasleok kalean egotea, euskara ikasteko hautua egin zuen jendea bazegoela erakustea. Mintzapraktika egiten genuen tabernetan, kartelak jartzen genituen eta euskaldunei lehen hitza euskaraz esan behar genien. Euskarak presentzia zuen kalean. Harro sentitzen ginen, baina aldaketa ere egin behar zen, bizitza osoan gaztelaniaz hitz egindako jendearekin euskaraz hasteko. Horrela euskaldundu zen gure kuadrilla osoa, nor bere abiaduran. AEKren lana izugarria izan zen, gu AEK-ko beteranoak abestian kexatu arren. Kexatu ere egin behar zen, jakina! Baina kanta hori omenaldia izan zen. 

KOLKOTIK

Autoan zoazela, musika ala irratia? Musika jartzen dut.

Zer eman dizu musikak? Nietzschek esaten zuen mundu honek ez lukeela zentzurik izango musikarik gabe. Ni horietakoa naiz.

Eta kendu? Askotan, osasuna.

Zer ez da falta inoiz zure hozkailuan? Garagardoa, kar-kar!

Zer plater prestatzen duzu ongi? Pasta, janari italiarra; zale amorratua naiz.

Larunbat gauerako planik onena? Oso gaupaseroa izan naiz, baina datorren urtean 60 urte beteko ditut. Farandulakoa naiz, gypsy-a, ijitoa; hortaz, ederrena kontzertu bat, oso berandu ez bada.

Zerk galarazten dizu loa? Joan zaizkidan lagun guztiek.

Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Euskal preso eta iheslari guztiak libre daude, etxean.

Pertsonaia historiko bat? Hildakoa, Otis Redding. Bizirik, Angela Davis.

Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Ahal badut, kirola. Edo telesail bat ikusi, kar-kar!

Zinemak daukan gauzarik onena? Beste mundu batera eramaten zaituela.

Eta txarrena? Arteak ez dauka ezer txarrik.

Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Asko sufritu duen eta bizitzaz gozatu duen pertsona bat.

Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Ez dut Periko Solabarriaren indarra izango, baina, ahalko banu, zenbait protestarekin bat egiten.

Bizitzako plazer txiki bat? Lagunekin elkartu, garagardoak edan eta algaraka barre egitea.

Zerk ematen dizu lotsa? Ondo pentsatu beharko nuke, lotsagabea naiz eta.

Eta beldurra? Asko maite dudan jendeari zerbait txarra gertatzeak.

Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Oso azkar sutzen naiz... Alferkeriak!

Labur esanda, nolakoa da Fermin Muguruza? Militantea.

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.