ANE PIKAZA (Bilbo, 1984) aktore eta ilustratzailea gogor dabil lanean azkenaldian. Zineman, Nora filmean. Antzerkian, Ama Kuraia, Yerma, Altsasu... obretan. Eta bere ilustrazioak, liburu azaletan (Begiak zerumugan, Mami Lebrun...) eta afixetan: Durangoko Azoka, Zinemakumeak... M. Egimendi.

Nola daramazu azkenaldiko lan pilaketa?
Bada, martxa izugarrizko hau gelditzeko behar apur batekin, baina pozik. Finean, nire helburua horrela jardutea zen, batzuetan ilustratzaile, bestetan aktore... Gainera, Maria Goirizelaiak eta biok La Dramática Errante konpainia sortu berri dugu Altsasu egiteko, eta, enpresa berria martxan jartzean, dena pilatu zaigu. Baina horrek bide onean gaudela esan nahi du.
Gustuko lekuan aldaparik ez?
Ekonomikoki irauteko, egiten ditudan lan guztiak behar ditut. Bestela, agian, lan batzuei ezetz esango nieke, lasaiago bizitzeko, gustura egiten ditudan arren. Kulturan, oro har, prekaritate eta desoreka handia dago, beti lana noiz helduko zain, baina geuk ere sortzen ditugu lanak, langabezian ez egoteko. Oso modu naturalean gertatu zen nire ogibidea hainbat tokitatik etortzea. Denok egiten dugu gauza pilo bat, beste kontu bat da zenbateraino diren publikoak. Nire kasuan, ilustrazioak zein aktore lanak proiekzio publikoa dute; bulegokoa, aldiz, ez da ikusten.

“Ekonomikoki irauteko, egiten ditudan lan guztiak behar ditut”
“Pandemiarekin, presazkoa garrantzitsuaren aurretik jarri da”
“Politika politikaren bitartez egin behar da, kulturari bere bidea egiten utzi behar zaio”

“Hizkuntza komunikatzeko tresna ez ezik, sormenerako materiala ere bada”
“Amatasunaren inguruko tabu asko sortu dira”
“Jende askok Photoshopa balitz bezala erabiltzen du ilustratzailea”


Aspalditik ari zarete artistentzako lan estatutua aldarrikatzen...
Ez dakit ondo nola dagoen kontua, baina aztertu egin behar dugu zein neurri hartzen diren Ogasunean eta autonomoengan nola eragiten duten, odontologo autonomoa eta ilustratzaile autonomoa ez direlako gauza bera. Dena gainbegiratu behar da; izan ere, berez ekonomikoki prekarioak diren lanei baliabide gutxiago edota egitura okerragoa izatea gehitzen badiezu... Askotan, Ogasunera galdezka joan, eta han ere ez dakite nola egin. Kontua da marko batzuk ezartzea, langile moduan denok egon gaitezen gure tokian, ondo ezagutzen ez ditugun hainbat kontutan babestuta. Pandemiarekin, lehentasunak aldatu egin dira bat-batean, eta presazkoa garrantzitsuaren aurretik jarri da.

Altsasu obrak Altsasuko gazteen auziaz dihardu. Ausardia behar da horrelako gaiak jorratzeko?
Ez da erraza, baina talde barruan pentsatzeko era ezberdinak egoteak asko aberastu du prozesua. Arriagan estreinatu genuenean, konturatu ginen publikoak, ikuskizuna txalotzeaz gain, gaia mahai gainean jartzea ere eskertu zuela. Berez, Maria Goirizelaiak Madrilen egiten ari zen tailer baterako idatzi zuen testua, ez oholtzara eramateko. Orduan ez genekien taularatuko zen ala ez, baina noizbait gai izan beharko dugu gauzen gainean hitz egiten duen gizartea eraikitzeko. Denbora tarte bat pasatzen utzita distantzia handiagoa eduki arren, beharbada ez luke erreminta moduan funtzionatuko, hausnarketa aktibatu eta benetako eraldaketa eragiteko. Altsasun gertatutakoa ez dugu ahaztu behar, eta antzerkiak beti ematen du gauzei buruz hausnartzeko gune irekiagoa.
Nola bizi izan zenuten Gasteizko PPk obra Principal antzokitik kanpo uzteko eskatzea?
Taldean hortik kanpo geratzea erabaki genuen. Programatzaileak, kultur teknikariarekin hitz eginda, aurrera egingo genuela esan zigun; hortaz, zalantza barik. Hori politika da, eta guk kultura egiten dugu. Politika politikaren bitartez egin behar da, eta kulturari bere bidea egiten utzi behar zaio. Badakigu egiten dugun edozer politikoa dela, baina kulturatik abiatuta PPren aldarrikapen horrek ez zeukan zentzurik.
Euskal Herritik kanpo eskaintzeko asmorik bai?
Kolonbiara joango gara apirilean, Bogotara. Estatuan ere gustatuko litzaiguke, nola ez, baina hori programatzaileen esku dago. Nahiz eta toki guztietan ez den erraza izango, gune askotara joatea espero dugu.
Euskaraz eta gaztelaniaz estreinatu da aldi berean.
Orain, ia lan guztiak egiten dira bi hizkuntzetan, gure herrialdea elebiduna da. Neure etxean bertan, amak ez du euskaraz egiten, eta aitak bai. Orduan, errealitate horri erantzuteko, zentzua dauka bi hizkuntzetan egiteak, lana ahalik eta jende gehiagorengana iristeko. Badaude euskaraz bakarrik aritzen diren taldeak; geuk Mami Lebrun halaxe egin genuen, horrela sortuta zegoen eta hori izan zen bere ibilbidea. Altsasurekin, ordea, ahalik eta eremu gehienetara iristea genuen helburu. Hemengo emanaldi ia guztiak euskaraz egiten ari gara, eta Estatura joaten bagara, gaztelaniaz izango dira.
Zein hizkuntzatan sentitzen zara erosoago?
Berez, etxean gaztelaniaz hitz egin izan dut gehiago, nire ama hizkuntza hori dela esango nuke. Dena den, antzerkian euskaraz aritzen naiz erosoago, ez dakit zergatik... horrela hasi nintzelako, agian, ohitura kontua.
Bi arrazoi euskara ikasteko?
Batetik, Nora filma grabatzen ari ginela, Iparraldeko aktore batekin egin nuen lan, eta harekin euskaraz bakarrik hitz egin nezakeen, ez dakielako gaztelaniaz eta nire frantsesa oso txarra delako. Orduan konturatu nintzen euskararen komunikatzeko balioaz. Bestetik, hizkuntza bakoitzak gauza asko dakartza berarekin: emozioak, sentsazioak... gure kulturaren eta izaeraren parte bat dago hor. Ez da gauza bera itzulitako gauzak irakurtzea eta jatorrizko hizkuntzan entzutea euskarazko abestiak edo antzezlanak. Hizkuntza komunikatzeko tresna ez ezik, sormenerako materiala ere bada.
Yerma lanarekin ere aurrera zoazte...
Bai, hainbat emanaldi ditugu lotuta: urtarrilean, BBK Aretoan berriro; otsailean, Santurtzin eta Lezon; martxoan, Durangon, Irunen, Sopelan, Elorrion, Barakaldon.... Hori guztia Altsasuren emanaldiekin tartekatuta.
Lorcaren obra gaur egunera ekarri duzue, ezta?
Bai, Maria Goirizelaiak idatzi eta zuzendutako obra da, eta Patxo Telleriak egin du euskarazko bertsioa. Bilboko artista bat eta haren senar enpresaria dira protagonistak. Nik, gainera, esku-hartze batzuk ere egiten ditut zuzenean, ilustrazioak-edo izenda daitezkeenak. Amatasunaren ezintasuna dugu hizpide, gaur egun pil-pilean dagoen gai politiko eta soziala, gizarte osoaren ardura delako. Birpentsatzekoa da jendarteak nora eta noraino eraman gaituen emakumeok amatasunera adin helduarekin heltzeko, ‘beti gazte’ kontzeptuari lotuta. Amatasunaren inguruko tabu asko sortu dira, eta hausnarketa sakona zor diogu geure buruari, prozesu horretatik pasatzen diren hainbat emakumek pairatzen duten egoera ulertzeko, egunerokotasunean yermaz inguratuta gaudelako, konturatu ez arren.
Ilustrazioan, nolakoa da zure lan prozesua?
Ez daukat teknika zehatzik, nahiko prozesu bideratua izan arren. Hasteko, normalean, zirriborroak egiten ditut, arkatzez. Gero eskaneatu eta, atzealdean koloreak behar baditut, orbanak lantzen ditut. Ondoren, eskaneatutako irudiak horren gainean jarri, eta ordenagailuan jarraitzen dut. Beste batzuetan, ordenagailukoa inprimatu eta beste material batekin, akuarelekin edo, egiten dut lan. Nahasketa da, hainbat teknikarekin ibiltzen naiz joan-etorrian, kaosetik ordenara, nahi dudan horretara hurbildu arte. Bidean, istripuak sortzen zaizkit, eta horiei aurre eginez joaten naiz aurrera. Ideiaren bat izaten dut aurretiaz koloreei edo irudiei dagokienez, baina paperera eramatean gauza batzuk gertatzen dira azken irudira iritsi arte.
Enkarguz bakarrik ilustratzen duzu ala ideiaren bat sortzen zaizun bakoitzean?
Luzaroan proiekturik ez badut, marrazten jarraitzen dut, ariketa moduan, baina orain ez daukat astirik. Pena ematen dit, sortu zaizkidan bide berriak askotan denbora izan dudanean sortu direlako, jolasean ibiltzearen ondorioz. Gero, zerbait eskatzen didatenean, proba horiek hartu eta enkargu horretara eramaten ditut. Eskatzen dizkidaten lanak egiteko ere nire denbora behar dut, jolas moduan hartu behar dut, enkargu moduan hartuta blokeatu egiten naizelako askotan. Eskatutakoa nire nahiarekin edo beharrarekin uztartzea lortzen badut, orduan hasten da lana. Bestalde, batzuetan, jende askok Photoshopa balitz bezala erabiltzen du ilustratzailea, lana gehiegi bideratuta. Horrelakoetan, guztiz blokeatzen naiz.
Enkarguek askatasuna kentzen dizute?
Denok daukagu sortzaile txiki bat barruan, eta enkarguzko lana denean akordioa lortu behar duzu ideia bat azaleratzeko irudia eskatu dizunarekin. Adibidez, xehetasunak aldatzeko eskatzen dizutenean, zein puntutaraino onartu? Izan ere, nik dagokidan lana egin dut, irudi hori nirekiko, konposizioarekiko, koloreekiko... kudeatzen aritu naiz, etengabe hartu behar izan ditut erabakiak. Batzuetan, ez da ez ditudala aldaketak onartzen, baizik eta, aurretik probatuta, ez dutela funtzionatzen ikusi dudala. Ni neu ez banaiz gai nire buruan ikusten dudan hori, nahi dudan hori, paperean islatzeko, nola islatuko dut zuk zure buruan daukazuna?! Ezinezkoa da, baina ikasi egiten da onartzen.

KOLKOTIK

Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Pozik, lanean eta ortu batekin.
Ilustratzean, gustuko kolorea?
Paperaren zuria.
Gutxien erabiltzen duzuna?
Laranja, baina hurrengo lanean erabiliko dut!
Horiak zorte txarra dakar?
Ez, hori gezurra da!
Agertokira igo aurreko maniaren bat?
Arnasa hartzea.
Bizitzako plazer txiki bat?
Siesta!
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
37 urteko emakumea.
Zerk ematen dizu lotsa?
Askotan lotsagorritzen naiz, baina ondo disimulatzen dut, asko hitz eginez.
Eta beldurra?
Inguruko jendeak sufritzeak.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Beren musika sakelakoaz sozializatzen duten pertsonek.
Zer berri irakurri nahiko zenuke biharko egunkarian?
Pandemia bukatu dela!
Antzeztu nahiko zenukeen fikziozko pertsonaia?
Orain arte antzeztu ez dudan edozein.
Zein zuzendarirekin egin nahiko zenuke film bat?
Bat aukeratuz gero, besteak kanpoan utzi behar...
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Musika jarri.
Aktore izateak daukan gauzarik onena?
Agertoki gainean, besterik egin ezin duzula jakitea. Toki eta une horretan, ez dago multizereginik.
Eta txarrena?
Ezegonkortasuna.
Eta ilustrazioan?
Ona, askatasuna. Txarra, epeak.
Zer asmo berri duzu aurtengorako?
Bizitza umore gehiagoz hartzea.
Bi hitzetan, nolakoa da Ane Pikaza?
Langilea eta irekia.

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.