MIKEL REPARAZ EXTRAMIANA (Arbizu, 1975) kazetaria EITBko albistegietako nazioarteko arduraduna da. AEBetako berriemaile izan zen 2013tik 2018ra. Esperientzia haren fruitua da Las grietas de América (Gaztelaniazko Saiakera Onenaren Euskadi Saria). M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.

Orain euskaraz kaleratua, zer kontatzen du Amerikaren arrakalak liburuak?
AEBetako zatiketa eta gatazka, nola irabazi dituen eskuin muturrak erakunde guztiak. Eta, batez ere, nondik datorren hori eta nola eragiten dion munduari. Izan ere, AEBen sorrera supremazia zuriaren botereak definitu zuen, esklabotzaren jatorrizko bekatutik datorren egiturari eutsi zaio gaur arte. Egiturazko arrazakeriak hor dirau, Araknido Handiaren metafora erabili dut hori azaltzeko. Munduko lehen demokrazia modernoaren habeen eta zutabeen artean armiarma sare handia ehundu du supremazia zuriak. Eta erresistentziak sare hori desegin duen bakoitzean, supremazia zuriaren botereak, Araknido Handi horrek, berriz eraiki du sarea. Horixe ikusten ari gara orain Trumpen AEBetan.

“AEBen sorrera supremazia zuriaren botereak definitu zuen, eta botere horrek hor dirau”

“Euskal Herrian, Moskutik hain urrun, agian ez dugu mehatxua berdin ikusten”

“Baltikoko estatuetan, komunitate errusiarrak oso baztertuta eta pobretuta daude”

“Europa barruan gaur egun dagoen etsairik handiena eskuin muturreko alderdiak dira”

“Desinformazioak gazteengan duen eraginak beldurtu egiten nau”

“Beren burua kazetari gisa aurkezten duten askok lotsa ematen didate”

Araknido Handia gutxiengo baztertuek eskubideak lortzen dituztenean berpizten bada, otzan bizi behar dugu piztia ez asaldatzeko?
Ez, AEBen historia erresistentziarena ere bada. Hasieratik egon da supremazia zuriaren aurkako erresistentzia: jatorrizko herri indigenak, komunitate afroamerikarraren borroka, Gerra Zibil handia... Baina horrelakoak gertatu direnean, beti gailendu izan da supremazia zuria, etengabe: Gerra Zibilaren osteko Jim Crow lege segregazionistak; 60ko hamarkadan zenbait eskubide zibil lortu ondorengo lege arrazistak Nixonekin; lehen presidente beltza eta gero presidente zuriena... Egin dira aurrerapausoak, handik etorri zaizkigu konkista sozial asko (LGTBI mugimendua, feminismoaren parte baten iraultza 70eko hamarkadan...), baina Araknido Handiaren botereak hor jarraitzen du.

Nola akabatu armiarma hori?
Hori da arazoa, AEBen oinarrian dagoelako. Europan, AEBetako gauza asko ez ditugu ulertzen, armen kultura, adibidez, baina esentzia hor dago, oso herrialde berezia da. Euskal Herrian, AEBen kontrakoak gara, oro har, nahiko kritikoak inperialismoarekin, nahiz eta AEBek eragin on asko ere izan dituzten, batik bat XX. mendeko garapenean. Handik heldu zaizkigun kultur erreferente batzuk ere onak dira; halere, oinarria hor dago, eta zaila da horri aurre egitea, jende asko saiatu arren.
III. Mundu Gerraren atarian gaude?
Ez dakit, baina mundua asko ilundu da. Esanen nuke aurrez aurre ditugula munduko potentzia nagusia izan denaren gainbehera eta horren ondorioak. 2001eko irailaren 11n hasitako aroan gaude, eta Errusiaren eta Trumpen arteko hurbilketak kezka handiak pizten ditu orain. Europarrok, bereziki, kezkatuta egoteko arrazoiak ditugu.
Norengandik defendatu behar dugu?
Europako liderrak Errusiari begira daude, Ukrainako inbasioa bezalakoa Baltikoko estatuetan edo Europako Batasuneko ekialdean ere gerta daitekeelakoan. Mugako buruzagiek oso argi dute hori. Finlandiak, esaterako, tradizionalki neutraltasuna mantendu arren, NATOn sartzea erabaki du. Euskal Herrian, Moskutik hain urrun egonda, agian ez dugu mehatxu hori haien moduan ikusten. Ez da asko Estonian egon naizela erreportajeak egiten, hango herritarrekin eta bertako komunitate errusiarrekin hitz egin nuen, eta benetako gatazka dute: komunitate errusiarrak oso baztertuta eta pobretuta daude, eta haien hizkuntza, errusiera, ez dago legeztatua. Gerra oso hurbil ikusten dute, defentsa zibila antolatu dute armak erabiltzen ikasten ari diren herritar boluntarioekin. Hori errealitatea da Europan eta, Batasunak teorian ez duenez mugarik, guretzat ere gertukoa da.
Jendea prest egongo litzateke Europako armadarekin gerrara joateko?
Ez dut uste, espero hori inoiz ez iristea, baina Europako Batasunean hartzen ari diren hainbat erabakik horretara garamatzate. Derrigorrezko soldadutza berriz ezarri nahi dute agintari askok, aurrekontu militarra puztu... Gauza bat da segurtasuna eta defentsa garatzea, eta Europak politika horiek bateratzea, eta beste bat horrelako eskalada militarrean sartu eta herritarrak inork nahi ez duen egoerara behartzea.
Baina Europako Batasunak militarizaziorantz jo du.
Paradigma aldaketa dugu aurrean: Europa, II. Mundu Gerraz geroztik, AEBen satelite kultural, ekonomiko eta militarra izan da. AEBek aterkia eskaini diote Europari eta orain hori amaitu egin dela dioen presidentea dator, Europaren defentsa ez delako errentagarria haientzat, defizitarioa baizik. Trumpek erabaki du Errusiarekin konpontzea Ukrainako gatazka eta, hortik aurrera, Europa isolatzea. Horregatik indartu nahi du Europak defentsa, baina debate handia dago Europa osoan. Nik beti eduki izan dut ikuspegi antimilitarista, derrigorrezko soldadutzaren aurkakoa bere garaian, arma industriaren kontrakoa eta abar, baina historiako haizeak beste alde batetik datoz orain eta ikusi beharko nora daramaten Europa. Kontraesan ugari dago, eta neuk ere kontraesan handiak ditut.
Zertan eragin dezake egoera honek Euskal Herrian?
Bistakoena, ekonomian eta merkataritzan, muga zergak direla eta. Dena den, AEBetatik datorren eragin handiena da ultraeskuinaren diskurtsoa normalizatzea (immigrazioaren, feminismoaren eta aniztasunaren aurkakoa). Hemen ere badugu eragin hori jasotzeko arriskua, gero eta jende gehiagok hartzen ditu diskurtso horiek normaltzat. Egoera geopolitikoak ere eragin ahal digu, AEBetan gertatzen den guztia hona iristen baita azkenean. Beste gauza bat da zer egingo duen Europak etorkizunean: AEBekin izan duen aliantza historikoari eutsi ala beste norabait begiratu.
Badu etorkizunik Europako Batasunak?
Estatu bakoitzak bere interesak izan arren, baietz esanen nuke. Europako Batasunaren proiektuak bakean sinesten du eta mugak ezabatu nahi ditu bertako herritarrontzat, immigrazio politika berriekin hori ere mugatu arren. Europa barruan gaur egun dagoen etsairik handiena eskuin muturreko alderdiak dira. Gako nagusia ez da Errusia, Europako Batasunaren hainbat konkista eraitsi nahi dituen ultraeskuina baizik. AEBetan bezala buka dezakegu: hemen, oraingoz, ez dago hainbesterainoko arrakala sozialik, zorionez. Han, ezberdintasun sozioekonomikoak oso handiak dira, milioika eta milioika herritar dira oso-oso pobreak. Hemen, nahiz eta batez ere kanpotik etorritako populazioaren zati handi bat prekarietate egoera handian bizi, babes sozial handiagoa dago, nolabait. Horrekin amaitu nahi du, hain zuzen, handik datorren joerak.
Geure zilborrari begira, Gazako genozidioa ahaztu egin zaigu ia...
AEBek Israel eta Palestinarekiko duten politika ez da aldatu, Israelek erabateko babesa izaten jarraitzen du. Egia da, hala ere, Trumpek marra gorri asko gurutzatu dituela, Gazan milaka eta milaka hilotzen gainean eraiki nahi duen turismo gunea, adibidez. Hori guztiz mingarria da palestinarrentzat, baina ez du, nire ustez, atentzioa desbideratu behar, gertatzen ari dena Palestinaren erabateko okupazioa delako. Trumpek Gaza eta Zisjordania okupatzea babesten du, alegia, palestinarrek nahi duten estatua erabat ezabatzea. Prozesu horrek aurrera jarraitzen du eta Trumpek, bere horretan segitzen badu, lortuko du. Hori da kezka iturri handiena, proiektu ikusgarri horiek baino handiagoa.
Zenbaterainoko errua dute hedabideek Trumpen arrakastan?
Handia! Bere lehenbiziko agintaldian, CNNk eta beste kate batzuek nolabaiteko hausnarketa egin zuten. Trumpen gezurrak ez zabaltzea erabaki zuten, AEBetako presidentearen esanak izan arren, baina ordurako berandu zen. Bada, orain berdin daude, berriz ere. Kontakizunaren gatazkan, demokraten zein errepublikanoen aldeko hedabideek askotan ahaztu dute kazetaritza. Bi aldeetan gertatu da, nahiz eta askoz larriagoa izan Trumpen aldekoek esatea Joe Bidenen agintaldia ez zela zilegizkoa izan, hauteskundeak galdu zituelako. Maiz, informatzen ari zarenenean, oso kontziente zara horretaz, baina AEBetako presidenteak esandako zerbait da, titularra sarritan. Eztabaida hori (zenbateraino hauspotzen den Trump) asko entzuten da hango erredakzioetan.
Ez litzateke hobe hari kasu gutxiago egin eta azterketa pausatuagoak egitea?
Trumpek, Etxe Zurira iritsi denetik, erabaki asko hartu ditu, ehunka dekretu sinatu ditu, eta horietako askok eragin handia dute. Trump bere lehen agintaldian lortu ez zuena egiten saiatzen ari da, badakielako Kongresua, Epaitegi Gorena, enpresa eta hedabide handiak, eta sare sozialak aldeko dituela. Beraz, legegintza hauteskundeak egiteko geratzen diren bi urteetan, ahal duen guztia egingo du AEBak eta, ondorioz, mundua aldatzeko. Horretaz ere informatu beharra dago, baina hark oso ondo kontrolatzen du komunikazioa, eta enpresa teknologikoek botere handia dute. Elon Musk, Mark Zuckerberg eta Jeff Bezos bere alde ditu Trumpek, eta Musk Trump bera baino askoz beldurgarriagoa da.

KOLKOTIK

Nori egingo zenioke gustura elkarrizketa?
Jende askori... Putini berari.
Zein berri eman nahiko zenuke beste inork baino lehen?
Palestina eta Israelen arteko gatazkaren amaiera.
Non ikusten duzu zeure burua lanean 10 urte barru?
Asiako korrespontsala izatea, adibidez,
interesgarria izango da etorkizunean.
Konexiorik gabe geratzen bazara, zer?
Antsietatea. Uste dut nire bizitza profesional osoan ez dudala inoiz telefonoa itzali.
Zer dauka ona kazetaritzak?
Etengabeko ikasketa dela.
Eta txarra?
Bizitza xurgatzen dizula, gauzak etengabe gertatzen dira munduan.
Zerk beldurtzen zaitu zure lanean?
Desinformazioak gazteengan duen eraginak.
Eta zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Ego handiek, eta badaude nire lanbide honetan.
Zerk kentzen dizu loa?
Oso ongi egiten dut lo, edozein tokitan, ez daukat inolako arazorik.
Zerk ematen dizu lotsa?
Beren burua kazetari gisa aurkezten duten askok.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Mendiak izugarrizko lasaitasuna ematen dit, baita musikak ere.
Igande arratsalderako planik onena?
Liburu on bat irakurtzea.
Zer janari ez da falta inoiz zure etxeko sukaldean?
Soja saltsa, sukaldaritza japoniarra asko gustatzen zait.
Zer plater ateratzen zaizu oso ondo?
Semeei asko gustatzen zaie egiten diedan ramen-a.
Bizitzako plazer txiki bat?
Barre benetan egitea.
Nor da zuretzat heroia?
Amal, Gazan familiarentzat egunero otordu bat prestatu behar duen ama palestinarra.
Zure bizitzako leloa?
Bidaia da helmuga.
Zergatik ikasi euskara?
Bada, gure herriak eskaintzen duen guztiaz disfrutatu ahal izateko!
Labur, nolakoa da Mikel Reparaz?
Herabe, baina muinean sorpresaz betetako kutxa.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.