Amaia Zubiriak (Usurbil, 1947) 44 urteko musika ibilbidea osatu du: disko ugari kaleratu, kontzertu piloa eskaini, zinemarako soinu bandak sortu... Horregatik guztiagatik jasoko du Adarra saria, Donostian, hilaren 21ean, Musikaren Egunean. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.
Zer gogoratzen duzu atseginez musika ibilbide luze horretatik?
Dena, oro har; memento asko, une txarrak gutxi izan dira. Kontzertuak, adibidez, oso ederrak izan dira, eta musikariek egin dizkidaten konponketak ere oparia izan dira niretzat. Oparoak ere izan dira, denek eman didatelako oparitxoa, ahal zuten neurrian, instrumentazioan, interpretazioan… eta maitasuna. Oraindik lagun ditut, hori seguru, eta haiek ere lagun naute. Horrek zerbait esan nahiko du. Atzera begiratuta, sufritu ere egin dugu, denek bezala, baina aurrera egin behar da. Gauzak zail jarrita ere, nik posible zirela sentitzen nuen; ez beti, batzuetan etsipenez ere betetzen bainintzen, baina gehienetan itxaropena edukitzea erabaki izan dut.
Eta zerbaitez damutzen zara?
Ez, ez, damurik ez! Ezta politikan ere, garai hartan oso politizatuak egon arren. Beti agertu behar zen norberaren iritzia gertatzen ziren gauzen gainean, eta nire defentsa beti izan da zalantza, zalantzak salbatu nau. Gaur egun ere, jendeak ziurtasun handiz hitz egiten duenean, ezin izaten diot sinetsi. Nola erakuts daiteke halako ziurtasuna, bizi izan ez duzun esperientzia baten aurrean eta erabakiak zein ondorio ekarriko dituen jakin gabe? Ustez kalterik txikiena ekarriko zuten erabakiak hartu izan ditut, nahikoa dut hori.
Haizea taldeko abeslari hasi zinen 1977an. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Urte hartan banandu nintzen senarrarengandik, eta urte hartan atera genuen lehen diskoa. Horren aurretik, baina, hamar urtez egon nintzen ezkonduta, eta lau haur izan nituen, hiru bizi zaizkit. Izugarrizko arrakasta izan genuen, eta bat-batean Haizeak eta Amaiak bat egiteak gainditu egin ninduen: ez nekien ezaguna izaten, umeak zituen etxekoandre bat nintzen… Banandu ginenean, epaitua eta zigortua izan nintzen herrian. Kontzientzia txarra nuen, egoerak umeak aitarekin uztera behartu ninduelako, baina ahal nuen neurrian komunikatzen nintzen haiekin, eta beti prestatzen nuen neure burua etorriko ziren unerako, ordurako taxuzko zerbait egin nahian. Ez nuen zalantzarik musikan jardun nahi nuela, baina ez nuen oso argi zein bide hartu. Gogorra izan zen, baina egoskorra eta tematsua izan naiz, eta ezin nuenez psikiatrarik ordaindu, beste bide bat aurkitu nuen: banekien kantak egiteak sendatuko ninduela, eta halaxe izan zen. Hor dago grazia: egiten duzun horretan trebezia izatea zure bizitza kontatu ahal izateko, azalpenik eman gabe. Hor agertzen da guztiaren zergatia, baina entzuleak ere behar du abilezia pixka bat, aurreiritzirik gabe entzuteko eta ulertzeko.
Izan duzu trabarik musikaren arloan emakumea izateagatik?
Hasi nintzenean, musika eskolak denontzat zeuden irekita, baina familiak ez zeuden prest neskak hara bidaltzeko, eta beranduago hasi ziren. Agian, amatxo askok interes berezia jarri zutelako alaben lehenengo eginkizuna ikasketak izan zitezen. Hori ez dago gaizki, tortura bihurtzen ez bada, horrela ikasten dena azkar desikasten baita. Nire garaian, ez nuen ezagutu musikari emakume asko, eta artean ez zegoen oso hedatua emakumeen arteko elkarlana. Orain bai, orain emakumeek ikasi dute emakumeak maitatzen, ez sexualki bakarrik, baizik eta kamarada gisara. Lengoaia aldatu egin da, aberastu egin gara, eta sinesten dugu horretan. Ikusi da posible zela emakumeok beste andrazkoen arrakasta handi eta txikiekin poztea; horretan aurrera egin dugu, eta gure lagunen lagunak gara, gizonak beren artean diren moduan. Emakume musikari batzuk ezagutu ditut, baina ez ziren nire konplizeak. Gerora bai, baina nik jada banituen nire lagunak, nire kamaradak mutilak izan dira. Seguru sufritu dudala, eta litekeena da oraindik ere izatea, Stockholmeko sindromea. Gizonek badakite elkar hartzen, beti jakin dute, babesteko modu bat da. Emakumeok, pixka bat ahaldunduz gero, beldurra ematen diegu, eta elkartu egiten dira. Musikaren munduan, egoera hori ez da oso larria izan, baina sufritu dut horrekin, bai. Hainbat kontu beti gelditzen ziren nire neurosiak balira bezala, nik ondotxo jakin arren ez zirela nire neurosiak. Halere, badakit maite nautela, eta ona hartu nahi izan dut, txarra ahaztuta.
Emakume musikari asko azaltzen ari da azken boladan euskal panoraman...
Loraldia dago! Bitartekoak izan dituzte, laguntza etxean, ezagutza, asko ikasi dute… eta, gainera, bertutea ere bazuten, berezkoa, alegia; berezkorik ez bada... jai! Eta hori ez da ahots ona bakarrik. Ahots lakarra izan arren, komunikatzeko gaitasuna baduzu eta izugarri ona bazara zure kantuak eskaintzen, hori da garrantzitsuena: musika transmititzea, sentimenduak, besteei sentiaraztea musika hori zu zeu zarela eta zeurea dela, zeuk egin duzula eta zeure sentimenduak direla. Hori da bertutea, eta hori edukiz gero, lortuko duzu, nola edo hala. Laguntzarik edo erraztasunik gabe ere lortuko duzu; beste modu batean bada ere, Édith Piafen garaian bezala. Hark ez zuen horrelako abantailarik izan, eta begira zer izan zen, bertutea berezkoa zuelako. Baina oso ondo dago laguntza izatea, oso ondo dago gurasoek bultzatzea eta animatzea! Gure herri txiki honetan, honelako lorategi bat edukitzea, kalitatezkoa, ez da txorakeria. Letrak bikainak dira, kontzeptualak… Izaro, adibidez, asko gustatzen zait, ikaragarri. Ahots berezia dauka, eta hitzak, bereak badira, chapeau! Agian norbaitek lagunduko dio, eta hori ere ondo dago, baina bete-betean lortzen du transmititzea. Tartean, badira mutikoak ere, eta oso ondo dabiltzan taldeak. Dena den, ni betetzeko, hitzek kontzeptualak izan behar dute, agian nire adinagatik. Kontua ez da edozer esatea. Hori nahi badute eta jarraitzaileak badituzte, hobeto, a zer zortea! Baina nik kontzeptua behar dut: zer ari zara azaltzen? Zer esan nahi didazu? Non da zure mina? Non da zure poza? Non, zure malkoa? Hori badago gaur egungo musikariengan. Eta ez dira bat edo bi, asko baizik.
Ekainaren 21eko kontzertuan, bidean lagun izan dituzun musikariak zure ondoan egongo dira. Maitatua sentitzen zara?
Bai, bai, nik ere asko maite dut eta! Baina ez dut ezer espero, jakin egin behar da maitatzen, eta mundu guztiak ez daki. Batzuentzat gorrotoa errazagoa da, baina nik, norbaitek nire umeen aitaz-edo zerbait txarra esaten badu, ez dut onartuko. Ez dut hori aukeratu nire bizitzan, gorrotoa min egiten digun sentimenduen minbizia baita. Hortaz, nik maitatu arren, ez dut espero jendeak hori itzultzea; tira, agian barru-barruan bai, baina ez dut gogoan izaten. Halere, ez naiz harritzen maitasuna jasotzen dudanean. Norbaitek dei egin eta “pitxurrina” edo “maitia” esaten didanean, sinetsi egiten dut, ez dut zalantzan jartzen.
Duela bi urte pasa eskaini zenuen azken kontzertua, Edorta Amurua semearekin. Transmisio lana bete duzu?
Asko gustatzen zait semearekin kantatzea, eta badaukagu gure publikotxoa; oso entzule onak, gainera. Baina nik ez dut semea musikara bideratu, hark egin du bere bidea. Ekaineko kontzertuan, iloba bat ere egongo da, hura ere ez dut nik bultzatu, ez dut ardura hori hartu nahi. Berak aukeratu behar du, bestela ez da inoiz konforme egongo. Badaki ondo kantatzen duela, ahots itzela daukala, eta libre da horretarako, hori nahi baldin badu. Gu ez ginen libre izan, ezkutuan ibili behar izaten genuen beti, masaileko galantak hartzen, ostiaterapia oso normala zen orduan.
Eta musikari moduan, zerbait ikasi duzu semearengandik?
Semearekin kantatzeak asko irakatsi dit. Batzuetan, agertokian bertan hartu behar dira erabakiak, eta ama-semeak izatea oztopoa da. Esan izan diot musikariak badaudela gehiago, baina ez dudala semea galdu nahi. Hark, berriz, agertokian ez duela amarik behar. Bada, irentsi egin behar. Piloa ikasi dut harengandik, noski, maitagarria da.
Ematen zaio behar besteko garrantzia umeak musikan hezteari?
Kantu txapelketena, adibidez, ideia ona izan zen. Ez telebistan egiten diren horiek, e? Arrakasta azkarra bilatzen duten horiek gorroto ditut. Badaude fenomenoak, baina bi egunetan erretzen dira, izugarria da. Kantu eskola beste gauza bat da, mantsoa, egunerokoa… Pentsatu nahi dut horko irakasleek izango dutela lasaitasuna, eta pedagogia ezberdina. Kontua ez da musikariak egitea, baizik eta denok izatea musika maitatzeko aukera. Musikarekin disfrutatzeko aukera ematea zoragarria da. Ez da beti lortuko, errutina laster sartzen delako pertsonongan, erakundeetan eta eskoletan, baina, berez, ona da. Eduki dezagula horri eusteko modua, betiere gogoan hartuta ez goazela musikariak egitera. Nahi duena izango da, ezagutzen ditut karrera osoa egin duten gazteak, aupa horiek! Baina ez da nahitaezkoa. Musika jakitea, edozein unetan musika egin ahal izatea… Europa osoan egiten da, eta hemen ere dezente hobetu da.
Kolkotik
Gustuko musikaria?
Ufa! Asko!
Zeuk egindako soinu banda duen film bat?
Segoviako ihesa.
Noren kontzertu batera ez zinateke joango inoiz?
Oso kontzertu gutxitara joaten naiz.
Musika tresna bat?
Denak!
Ahotsa zaintzeko erremediorik onena?
Kantatzea.
Musikaria ez bazina, zer?
Ez naiz musikaria, kantu egilea baizik. Baina hori ez banintz, auskalo, ezta bizi ere!
Nori edo zeri ez zenioke inoiz kanturik eskainiko?
Mugarik ez!
Agertokira igo aurreko maniaren bat?
Ez, maite dut agertokia.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Ez daukat ia ezer, denetik falta da, kar-kar!
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Pandemia hau bukatu dela.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Tai ji pixka bat.
Zerk eragiten dizu barre?
Edozein txorakeriak.
Zerk ematen dizu amorrua?
Injustiziak.
Eta lotsa?
Hori gaitza nuen, baina sendatu naiz.
Eta beldurra?
Gauza askok, oso beldurtia naiz... Espazio sideralak.
Nor da heroia, zure ustez?
Ez dago heroirik, mitoak dira.
Zure bizitzako leloa?
Erori eta altxa!
Bi arrazoi euskara ikasteko?
Plazera dela, batetik, eta gauza bat gehiago jakingo duzula, bestetik. Komunikabide ederra da, oso hizkuntza polita.
Bi hitzetan, nolakoa da Amaia Zubiria?
Jator-jatorra! Kar-kar!