LIDE HERNANDO MUÑOZ (Donostia, 1991) Liher rock taldeko ahotsa eta gitarra izan da (2015-2023). Ispirit gospel taldeko kidea eta Berria kazetako zutabegilea ere bada egun. Berriki, Bele proiektua eta Izotz ura (Susa) nobela aurkeztu ditu. M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.
Eleberria, Liher bandaren azken kontzertua, Bele proiektuaren lehen diskoa (Herrari)... dena batera.
Beleren hasieran, Liherren bageneraman denboratxoa atsedenaldia bilatzen. Une batean, biak batera ibili ziren: Liher biran eta Bele abestiak sortzen, ez nuelako geldialdi luzerik egin nahi. Liburua, berriz, aurreko bi urteetan idatzi nuen, hori izan zen tarte lantsuena. Argitaletxera bidali, eta Susari momentu horretan oso ondo zetorkionez irailean editatu eta Durangorako plazaratzea, bada, aurrera! Banekien, dena elkartuta, Big Bang moduko bat egongo zela nire bizitzan, baina lan guztia aurretik egina zegoen, nahiz eta orain ikusi emaitzak.
“Singlea ateratzea efektiboagoa da, gaur egun, disko osoa ateratzea baino”
“Musikari baten proposamen legitimo eta garrantzitsuena diskoa da oraindik”
“Ipuinak oso ona izan behar du irakurlea orri gutxiko istorio batekin konkistatzeko”
“Gizarte kapitalista honetan, gure sorkuntza produktu bihurtu beharra daukagu”
“Emakume musikariok kontrajartzen gaituzten inertzia asko daude oraindik”
“Hemen bizi eta kulturgile izan nahi badut, euskaraz sortzeko erantzukizuna dut”
Belen Liherreko Iñigo Etxarrirekin jarraitu duzu, estiloa guztiz aldatuta. Jauzi handia izan da?
Niretzat ez, Liher existitzen zenean, Ispirit taldean ere banengoen. Musika ez dut estilo bat egiteko sortzen: niri musika gustatzen zait, abestea eta interpretatzea. Kameleoi izaera gustatzen zait, oholtza gainean estiloa eta izaera aldatzea. Belen, aldaketatxo bat egon da (pop, dancehall eta soulera), baina ni ez naiz aldatu, eszenaratzea da ezberdina. Iñigorentzat handiagoa izan da, instrumentua aldatu duelako, gitarraren ordez bateria jotzen du.
Singleez gain, 11 abestiko diskoa atera duzue...
Singlea ateratzea efektiboagoa da, gaur egun, disko osoa ateratzea baino, baina esango nuke musikari baten proposamen legitimo eta garrantzitsuena diskoa dela oraindik, baita artista handienentzat ere. Hasiera indartsua izaten duten artista berri askok lehenbiziko bidea singleekin egiten dute, eta gero, agian hiru urtera, lehen diskoa plazaratzen dute; orduan sentitzen dira benetan harro. Zineman zuzendari amateur bat film laburrak eginez hastea eta gero film luzea egitea bezalakoa da.
Edo literaturan ipuinekin hastea bezala? Zu, ordea, nobela batekin abiatu zara...
Idaztea aspaldiko zaletasuna dut, baina bururatzen zitzaizkidan gauza guztiak luzeak ziren, ez dakit zergatik. Kristoren trebezia iruditzen zait narrazio laburrak idaztea, ipuinak oso ona izan behar du irakurlea orri gutxiko istorio batekin konkistatzeko, eta niri ez zait hain istorio onik bururatzen, kar-kar! Abestien hitzak idazten ditut, poemarik ez, oraingoz, neure burua horretarako gai ikusi arren, baina abestiak eta poemak emozioekin lotzen ditut; ez dira narratiboak, lirikoak baizik.
Literatur kritikarien beldur izan zara?
Ez dut gustuko kritikak irakurtzea, beldurragatik, asko baldintzatzen nautelako. Nik erabateko konbentzimenduz egin dudan zerbait gustatu ez bazaie, hurrengo batean hori ez egitea eragin ahal didate. Asko mugatzen dute nire sorkuntza, eta hori ez dela gertatu behar uste dut. Hau da, kritikariak horretarako daude, neuk ere egiten ditut telebista kritikak; beraz, ulertzen dut haien lana eta ez dut inondik inora leku txarrean utziko, baina azkenean gauza subjektiboa da.
Jarraituko duzu idazten?
Bai, hau ez da izan idazteko gogoa sortu zaion musikari baten kapritxoa. Aspalditik izan nahi izan dut idazle, eta bide errazena hartu dut lehen liburua egiteko, ez dudalako ikerketa lan handirik egin behar izan, gaiak behintzat ez dit lan gehigarririk eskatu: musikaren mundua ezaguna dut, pertsonaien buruan sartu ahal nituen iritzi asko ezagutzen ditut... Halere, baditut anbiziotsuagoak diruditen beste ideia batzuk, nire buruan, behintzat, gauzatzen ausartu gabe.
Izotz ura idazteko, hausnarketa sakona egin duzu musika industriaz. Alor horretan, zer duzu gustuko?
Oso gustukoa dudan arte mota batean oinarritutako industria dela, musikaz eta proposamen ezberdinez ari gara, nahiz eta industria izan. Eta industriak, askotan, digeritzen errazena jarri nahi izan arren fokuan, beti dago, bilatzen baduzu, oso sorkuntza freskoa, kultura moduan aurrerantz bultzatzen gaituena, Euskal Herrian zein edozein gizarte txikitan.
Eta zer ez zaizu gustatzen?
Industria bera, artea komertzializatu beharra, bestela ezin delako honetaz bizi. Gizarte kapitalista honetan, ez dago besterik: gure sorkuntza produktu bihurtu behar dugu. Horrek kontraesan asko sortzen ditu sortzailearen buruan: zer saldu, zer ez, nola saldu zure artea eta sorkuntza, zure barruko emozio puruenetatik atera den zerbait... Estadio aske batetik sortu den zerbait kaxa batean sartu behar duzu, paper politez bildu eta saldu, ile lehorgailua balitz bezala. Hori da gustatzen ez zaidana, baina honetaz biziko bagara, ez dago besterik. Beste errealitate batean, denok edukiko bagenu bermatuta bizitzeko adina, beste modu batean egingo nuke lan, baina horrek ez du esan nahi hobea izango litzatekeenik: zalantza dut musikari guztiok berdin kobratzea bidezkoa iruditzen zaidan ala ez, denon lan egiteko moduak eta sorkuntza senak ez direlako berdinak. Baina orain kontrakoa bizi dugu, kapitalismo basatiena.
Eskerrak eman dizkiezu liburuan euskal emakume musikariei. Sarea sortua da?
Existitzen da emakume musikarion arteko sarea izendatzen duten hori, baina, agian, ez oso kontzienteki. Batzuetan egiten ditugu elkartzeko ahalegin kontzienteak, baina ez ditugu egunerokotasunean txertatuta. Halere, pixkanaka ari gara elkartzen eta gerturatzen gure artean; gehiagotan hitz egin behar dugu, pertsona normalak garela eta printzipioz, behinik behin, geure artean ondo konpondu nahi dugula erakusteko. Dena den, oraindik badaude kontrajartzen gaituzten inertzia asko: industria oso lehiakorra da eta, nahi gabe sortzen zaizkizun emozioei eta jarrerei ez badiezu gehiegi erreparatzen, konturatu gabe lehiakortasun itsusietan sar zaitezke. Ni beti saiatzen naiz horri arreta jartzen, matxismoarekin eta arrazismoarekin alarma gero eta azkarrago pizten zaigun bezala, hemen ere piztuta une oro.
Langabezia, pentsioak, bajak, dirulaguntzak... kontzeptu ohikoak dira lan munduan, baina ez artistikoan.
Ikusten denez, zaila da artista langilea dela ulertaraztea. Uler dezaket, hein batean, nondik datorren hori: emozioekin oso konektatutako lanbidea da, eta geu gara emozio horien kanala. Horrek kortozirkuitua eragiten du jendearen buruan, lana beti lotzen dugulako gauza arrazional, hotz eta industrialekin. Gainera, askorentzat zaletasuna da hasieran, gustatzen zaizunaz bizi zarela dirudi, baina hori lana da, eta sakrifizio handia.
Eta kultur langileen estatutua?
Hor beste arazo bat dago: musikan gertatzen da, batik bat, zineman, antzerkian eta dantzan ez bezala. Arazoa da musikariok ez dugula bat egiten, bizimodu oso ezberdinak daramatzagulako. Batzuek zaletasuna izaten jarraitzea nahi dute; beste batzuek, lanbidea. Horrek lanbidea ekonomikoki nola erregulatu ezin jakitea dakar. Jende piloari normala irudituko zaio banda baten kontzertua 500 euroan saltzea, eurentzat hobbya delako eta nahikoa dutelako gastuak ordaintzearekin, baina beste batzuok horretatik bizi nahi dugu. Orduan, beti daude liskarrak, eta batzen ez garen bitartean ez da egongo estatutua idazteko modurik. Aktoreak, bikoizleak, dantzariak... ados jarri ziren, badituzte pauta eta kuota batzuk idatzita, ordubeteko lanagatik zenbat kobratu, adibidez. Musikariok, aldiz, ez.
Zergatik hautatu zenuen euskaraz abestea?
Gurasoek ez zekiten euskaraz eta ni jaiotzerako hasi ziren gauza batzuk ikasten, presaka bezala, haien ilusio handiena etxean giro euskalduna sortzea zelako. Nik txikitako eszena gehienak euskaraz gogoratzen ditut, baina gurasoek beren artean errazago hitz egiten zutenez gaztelaniaz, ni ere halaxe hasi nintzen nerabezaroan, beti izan dut egoera elebiduna etxean. Musikan hasi nintzenean, hauta nezakeen gaztelania, berdin pentsatzen baitut hizkuntza batean zein bestean, baina hemen bizi eta kulturgile izan nahi badut, erantzukizuna sentitzen dut. Hemen bi hizkuntza daude, bata gutxitua, eta akabatu egin nahi dute; hortaz, nire erantzukizuna da hizkuntza horri, nire txikitasunetik, eustea. Niretzat abestiak tatuajeak bezalakoak dira: egin, eta hor geratzen dira; bada, nahiago dut helduagoa naizenean atzera begiratu eta egin dudan hori hizkuntza zahar eta gutxitu honetan egin dudala ikusi. Harro egongo naizela uste dut.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Euskal Herrian bizitzeko hautua egin baduzu, edo hemen jaio bazara eta ez baduzu euskara txikitatik ikasi, gaztelania eta frantsesa oso hizkuntza zapaltzaileak direlako gurean, bada, benetan merezi du euskara ikastea, gure hizkuntza delako. Milaka urte atzerako arbasoena, baina baita gaur egungoa ere. Hiltzera kondenatua dagoela dirudi, baina ez, leku askotan hitz egiten da eta badu etorkizunerako proiekzioa. Ahalegin asko egiten ari gara gizartean, administrazioan... euskara egoera gutxituan egon ez dadin. Eta kanpoan bizi arren, ikasi nahi baduzu, oso hizkuntza ederra topatuko duzu.
KOLKOTIK
Nerabezaroan gehien entzun zenuen musika?
Asko, baina Avril Lavigne.
Noren kontzertua ez zenuke galduko gaur egun?
Beyoncérena.
Taberna batean sartu eta zure musika badago jarrita…
Atera egiten naiz.
Agertokira irten aurreko maniaren bat?
Saltoka hasten naiz, gorputza berotzeko.
Ahotsa zaintzeko erremediorik onena?
Jengibre ura eta lo egitea.
Zer janari ez da falta inoiz zure etxean?
Arrautzak, kar-kar!
Zer moduz moldatzen zara sukaldean?
Oso ondo!
Zer ateratzen zaizu primeran?
Patata tortilla!
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Pozik, espero dut.
Bihar ezagutu nahiko zenukeen berria?
Palestinako sarraskia amaitu dela.
Nor da heroia zuretzat?
Aitatxi.
Oporretarako leku on bat?
Islandia, aurten joango naiz.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Nahiko nuke jakin zer egin!
Bizitzako plazer txiki bat?
Bi zaporeko izozkia, hurra eta txokolatea.
Zerk galarazten dizu loa?
Gauzak ondo egin ez izanaren kezkak.
Zerk ematen dizu lotsa?
Lagun artean, edo jende gutxiren aurrean, abesteak.
Eta beldurra?
Inguruko jendea galtzeak.
Zure bizitzako leloa?
Gauzei beti alaitasunez aurre egin.
Labur, nolakoa da Lide Hernando?
Urduria, baina ilusio handiko pertsona, kar-kar!