OLATZ ARRIZABALAGA (Gautegiz Arteaga, 1997) Portugaldik itzuli berritan harrapatu dugu, Europako XI. Pilota Txapelketan Euskal Selekzioarekin urrezko hiru domina lortuta. Itxaso Erasunekin batera, Emakume Master Cup 2024 ere irabazi berri du. M. Egimendi. Argazkia: Mikel Martinez de Trespuentes.
Europako hiru dominek ez dute ia oihartzunik izan euskal hedabideetan...
Iaz mundiala irabazi genuen eta berdin gertatu zen. Txapelketa hori da gaur egun Euskal Herriko selekzioarekin jokatzeko aukera bakarra. Txapelketa ofizialak Espainiako selekzioarekin jokatu behar ditugu, Euskal Herrikoa ez delako ofiziala, baina lehiaketa hau beste erakunde batek antolatzen du, eta hor onartua dago Euskal Herria selekzio moduan. Ez dugu ez dirulaguntzarik ez ezer, ilusioa egiten digulako joaten gara: euskaldunontzat zoragarria da han ikurrinaz lehiatzea.
Egiten da nahikoa Euskal Selekzioa bultzatzeko?
Beti egin ahal da gehiago. Azkenean, pilota gure kirola da, eta Euskal Selekzioa gure selekzioa; beraz, erakundeek gehiago inbertitu eta lagundu beharko lukete, eta hedabideek ere oihartzun handiagoa eman ahalko liokete. Badakigu ez dela erraza eta gauza asko daudela egiteko, baina ea hemendik urte batzuetara jendeak jakiten duen zerbait irabazi dugula. Kontua da nork egin lehen pausoa, nork hartu erabaki hori.
Emakume Master Cup lehiaketan, binakako bosgarren txapela irabazi duzu, hirugarrena jarraian.
Txapelketak daramatzan zortzi urtean, zazpi final jokatu eta bost txapel irabazi ditut. Horrek esan nahi du urte horietan guztietan lan ona egin dudala goi mailan jarraitzeko. Azken hiru urteotan, disfrutatu egiten dut binakako partidu guztietan ere, oso gustura ibiltzen naiz edozein bikotekiderekin. Oso harro nago txapel honetaz, erakusten duelako nire maila hobetzen doala emakumeen pilotaren eboluzioarekin batera.
"Euskaldunontzat zoragarria da euskal selekzioarekin ikurrinaz lehiatzea"
"Oso kritikoa naiz neure buruarekin, ez dit balio partida bat irabazteak"
"Elitean lehiatzeak duen gauzarik politena da txikientzako erreferentea izatea"
"Neskato batek bere adinera egokitutako txapelketak eduki behar ditu"
"Zortzi urte daramatzagu urterik urtera final guztietan frontoiak betetzen""Oraindik goiz da emakume pilotari profesionalak egoteko"
Oraindik buruz burukoa falta zaizu. Aurten bai?
Ez dut asko obsesionatu nahi txapelketa horrekin, kolpea gogorragoa izaten delako gero. Aurtengo moduan jarraituko dut, ondo entrenatzen, beti nahi dut jokoa hobetu. Etortzen bada, hobeto, pisu hori gainetik kenduko dut, urteroko komentarioa izaten delako ea noiz lortuko dudan. Baina tira, etortzen bada etorriko da, eta, bestela, hurrengo urteetan ere saiatuko naiz, finalak hor egongo direlako eta oraindik urte asko gelditzen zaizkidalako elitean lehiatzen.
Oso lehiakorra zara, alde txarra ere badu horrek?
Bai, asko kostatu zait neure buruarekin ondo konpontzea. Oso kritikoa naiz, eta ez dit balio partidu bat irabazteak, beti nahi dut hobetu. Urtetik urtera helburu batzuk jartzen ditut, gauza teknikoak eta hobetzeko, baina ez direnean ondo irteten, haserretu egiten naiz. Lehiakortasun horrek kalte egiten du, presioa dago, beti nahi duzulako goian egon eta onena izan, baina kudeatzen ikasi behar da. Azken urteotan, horretan ari naiz. Norgehiagoka batzuetan oraindik irabazi egiten dit presioak, baina ea... apurka-apurka.
Eskarmentuarekin ere ikasiko da...
Bai, gauzak ez baditut ondo egin, beste modu batean planteatu beharko dut partida, igual ez jokaldi onenak edo politenak egiten, erraz jokatuz ere irabazten delako. Hori azken urteko ikasbidea izan da: lehen, dena polito egin nahi nuen, zaleen txaloak bilatu eta, gainera, irabazi. Larregi zen. Azken txapelketa honetan, eta batez ere finalean, jokoa igual ez zen ikusgarriena izan, baina bai eraginkorrena, eta disfrutatu egin nuen, aurrekoetan ez bezala.
Gizonezkoak bezala, zuek ere hasi zarete alor psikologikoa lantzen?
Ni, behintzat, bai. Buruz burukoan izan zen une kritikoren bat, presioa ondo kudeatu ezin partidaren batean, eta psikologoak asko lagundu zidan horri buelta ematen. Azken batean, txapelketa bat besterik ez da, eta txapelketa asko daude. Uste dut orduan hasi nintzela pilotaz gehiago disfrutatzen, eta oso eskertuta nago. Izan ere, kanpoko presioaz gain, geure buruari jartzen dioguna dago. Azken bi urteotan, Amaia Aldai eta biok egon gara finaletan, denbora osoan ibili gara elkarren kontra. Beti finalean egon behar hori ez da beharrezkoa, besteek ere jokatzen dute pilotan eta irabazi ahal digute.
Dagoeneko erreferentea izango zara entrenatzen dituzun umeentzat...
Munitibar, Aulesti eta Ispasterren ibiltzen naiz. Haientzat oso polita da entrenatzailea edo beren klubeko pilotari bat, neska zein mutil, goi mailan egotea eta telebistan ikustea. Nire finalak ikusten ere egon dira, eta klubeko neska txikientzat, batik bat, oso garrantzitsua da ikustea eurak ere hel daitezkeela elitean lehiatzera eta telebistan agertzera. Elitean jokatzeak duen gauzarik politena da txikientzako erreferentea izatea eta bidea zabaltzea. Hori ere bada presio puntua eta erantzukizuna, baina ederra.
Badago nesken harrobirik?
Bai, gero eta gehiago, baina gehiago behar dira. Kantitate handiagoa, emakumeen pilotak mutilenak bezain oinarri sendoa eduki dezan, egitura finko eta hobea. Master Cup hasi zenean, oso neska gutxi zeuden, eta azken urteetan izugarri hazi da kopurua, telebistan agertzeari eta Emakume Master Cupek, Federazioak eta klubek egindako lanari esker. Harrobia badago, baina hasi baino ez gara egin.
Badute non lehiatu?
Bai, lehen urteetan mutilekin ibiltzen dira, adin horretan ez dagoelako alde handirik. Gero, gorputzak aldatu ahala, banatu egiten dira. Nik txikitan jokatzen nuenean, ez zegoen txapelketarik neskentzat, eta ezin ginenean mutilekin lehiatu, pilota utzi behar izaten genuen; hori gertatu zitzaigun orain elitean gaudenoi. Orain badituzte txapelketak, beren pilota ibilbidean aurrera egin dezakete, eta gu baino hobeak izango dira. Hori gertatzeak esan nahiko du gauzak ondo egin direla.
Zer falta da oraindik?
Batetik, neska gehiago. Oraintxe bertan, elitean oso gutxi gaude eta erreleboak behar ditugu. Bestetik, egitura sendoa, neskato batek bere adinera egokitutako txapelketak edukitzea urtero. Nirekin 14 urteko gazte batzuek jokatzen dute, eta nik 27 ditut, tarte handia da. Hamalau urtekoek beren adinekoekin jokatu beharko lukete, baina ez dute aukerarik, ez dagoelako neska nahikoa. Emaiezu neskei egitura on bat eta haiek egingo dute beste guztia, jokatu eta lehiatu. Azkenik, komunikabideek ikusgarritasun handiagoa ematea nesken pilotari, partida gehiago telebistan eta inbertsio handiagoa.
Zuk orain partida asko dituzu.
Bai, ez gaude kexatzeko moduan, baina larregi ere badira batzuetan. Udan, adibidez, 40 bat jokatzen ditugu, eta hori ere ez da onena. Neska gutxi gaude eta hilabete batean, agian, lau txapelketa jokatzea tokatzen da. Federazioaren txapelketak eta Emakumeen Master Cupekoak batzeak, esaterako, astean behin jokatzeko moduan, on egingo lioke emakumeen pilotari. Orain, txapelketak han eta hemen ditugu, eta dena jokatu gura dugu. Hala, batzuetan eskuak oso txarto izaten ditugu. Hori ekiditeko, azken urtean erabaki dut txapelketa batzuk apurtxo bat aparte uztea, garrantzitsuenetan enfokatzeko, Master Cupeko binakakoan edo buruz burukoan, adibidez. Halako erabakiak hartu beharra dago; beraz, partida asko bai, baina tarteka ezetz esaten jakin behar da.
Gaur egun ikusleak ez doaz zuen partidak militantziagatik ikustera, ezta?
Master Cupeko lehen urtean hori gertatu zela esan daiteke. Aurrenekoa zen, izugarri zabaldu zen, Zornotzako frontoia bete egin zen... Lehen urterako, ados, aitzakia horrek balio dit, baina zortzi urte daramatzagu urterik urtera final guztietan frontoiak betetzen. Jendea gu ikustera dator, eta telebistan ere nahiko ikusle kopuru onak lortzen ditugu, beraz, aitzakia horrek jada ez dit balio.
Frontoietan bada errezelorik oraindik gizonen aldetik?
Hasieran, batez ere, entzuten ziren komentarioak, gure jokoa mutilenarekin konparatzen zelako. Orain gutxiago, baina txapelketa batzuetan oraindik sentitzen dugu kupoa betetzeko gaudela hor: gutxieneko interesarekin, emakume partida bat jartzen da, kupoa bete eta kito. Aitortu behar da interesa duten gero eta txapelketa gehiago daudela, baina gu ez gaude kupoak betetzeko, lehiatzeko baizik.
Noizbait pilotari profesionala izateko aukera helduko zaizula uste duzu?
Ez dakit, noizbait profesionaltasunera heltzeko pausoak ondo egiten ari gara, baina oraindik goiz da emakume pilotari profesionalak egoteko: egitura behar dugu eta, hamar pilotari egonda elitean, ezin gara denok profesionalak izan. Pixkanaka, hemendik hamar urtera, edo bostera, igual profesionalak izango gara, baina urrun ikusten dut. Orain bat-batean enpresa bat sortuko balitz diru piloa inbertituta, baliteke, baina oraindik gauza asko egin behar dituzte Federazioak eta klubek emakumeak profesional izatera ailegatzeko.
KOLKOTIK
Txikitan gustuko zenuen pilotari gizonezkoa?
Martinez de Irujo.
Eta orain?
Jokin Altuna.
Pilotaria ez bazina, zer?
Txikitan, gimnasia erritmikoan ibiltzen nintzen, jarraitu egingo nuen igual.
Zer dauka ona pilotak?
Lagunarteko giroa, lagun itzelak egin ditut.
Eta txarra?
Eskuek asko sufritzea eta neure buruari jartzen diodan presioa.
Gustuko frontoia?
Gautegiz Arteagakoa.
Bikotekide estimatuena?
Nora Mendizabal.
Arerio gogorrena?
Amaia Aldai.
Non dauzkazu irabazitako txapelak?
Logelako apalategian.
Pilota jokoan duzun armarik onena?
Ezkerreko eskua.
Eta eskasena?
Esplosibitate falta.
Pilota ez den beste kirol bat?
Eskalada.
Zergatik ikasi euskara?
Hain da berezia... Zoragarria da ikastea, gure identitatea delako.
Zelan moldatzen zara sukaldean?
Ondo, gustatzen zait musika apur bat jarri eta zerbait prestatzea.
Zer ateratzen zaizu primeran?
Dilistak.
Bizitzako plazer txiki bat?
Txakurrarekin jolastu edo paseatu.
Zelan ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Pilota munduan, entrenatzaile; eta lanen bat edukitzea ere espero dut.
Biharko egunkarian ikusi nahiko zenukeen berria?
Pilotako Euskal Selekzioak ofizialtasuna lortu du.
Labur, nolakoa da Olatz Arrizabalaga?
Lehiakorra eta alaia.