JOANE SOMARRIBA (Gernika, 1972) ez da edonor txirrindularitzan: beste lorpen askoren artean, hiru Tour, bi Giro eta Erlojupeko Munduko Txapelketa irabazi zituen 1999 eta 2003 artean. Orain, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldearen enbaxadorea da. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Bizikleta 2005ean aparkatuta, nolatan itzuli zara txirrindularitzara?
Proiektuak erakarri nau. Erretiratu ostean, hiru seme-alaba izan nituen, eta niretzat oso garrantzitsua izan da haiekin egotea. Bizikleta hartu zutenetik, beren lasterketetan ibili naiz disfrutatzen, baina, bestela, nahiko urrun egon naiz mundu horretatik. Telebistan ikusi dut txirrindularitza, maite dudalako eta barru-barruan daramadalako, eta Laboral Kutxa nirekin harremanetan jarri zenean, proiektuarekin maitemindu nintzen. Sekulako ilusioa ikusi nuen, taldeari baliabide guztiekin laguntzeko gogoa. Oso harrituta geratu nintzen eta argi izan nuen proiektua hurbiletik jarraitu nahi nuela.
Asko aldatu da emakumezkoen txirrindularitza zure garaitik. Zer aldaketa nabarmenduko zenuke?
Antolakuntza, dauzkaten lasterketa guztiak. Orain, Paris-Roubaix klasikoa badago emakumeentzat ere. Soldatak asko azpimarratzen dira, baina, nire ustez, gure garaian baliabide falta zen okerragoa. Egun, ikusgarritasun handia dago, lasterketek jarraipen handia dute, eta hori oso garrantzitsua da gure txirrindularitzak hartu duen bidean hazteko. Gure garaian, askotan ez genuen talderik, eta selekzioarekin joan behar izaten genuen. Eta Tourra ala Giroa aukeratu behar genuen, zegoen diruaren arabera. Eskerrak gauzak asko aldatu diren!
Pentsatu duzu inoiz nolakoa izango zen zure palmaresa gaur egun aritu bazina?
Ez dakit hobea edo okerragoa izango zen, baina orain emakumea eta txirrindularia izanik lasterketa horietan parte hartu eta disfrutatzeak hain ederra izan behar du... Atzean lanean dabilen jendea, sekulako taldeak, autobusak... Orain, txirrindularitza da euren lana eta baliabide guztiak dituzte, gizarte segurantza eta gutxieneko soldata duina ere bai.
Zer gehiago behar da neska gazteak txirrindulari profesional izatera iristeko?
Talde gehiago! Oso gutxi daude. Oso kirol exijentea da, izugarri eman behar da: entrenamenduak, asko zaindu... Oso garrantzitsua da lasterketak egotea, erritmoa hartzeko. Junior mailara heldutakoan aurrera egiteko talderik ez badago... Hutsune handia dago hor, gerta daiteke 19 urterekin munduko onenekin lehiatu behar izatea lasterketa batean. Talde gutxi daude maila horretan, baina oso garrantzitsuak dira prestakuntzarako, mentalki prestatzeko, taldean jokatzen ikasteko...

“Maite dut txirrindularitza, barru-barruan daramat”

“Gure garaian, baliabide falta zen soldatarik eza baino okerragoa”

“Puntako emakume txirrindulari asko geratu dira bidean laguntza ezagatik”

“Tourreko irteerak eta horrelakoak oso onak dira zaletasuna sortzeko”

“Laboral Kutxa taldea erreferentea da neska gazteentzat”

“Zelan galduko dugu euskara, gure hizkuntza bada?”

Bizkaia-Durango eta Sopela Women’s Team desagertu egin dira berriki, ezin zituztelako gutxieneko soldatak eta gizarte segurantza ordaindu...
Pena izan da, baina Continental mailan ezin bada, zergatik ez maila jaitsi, ez desagertzeko? Bestela, txirrindulari asko aukera barik geratzen dira, hainbeste urte eman eta gero. Van Vleuteni entzun nion Espainian ez dagoela puntako emakume txirrindularirik, eta amorrua eman zidan. Nola ez dagoela?! Zenbat galdu dira bidean?! Egon badaude, noski, baina zaindu egin behar dira, laguntza handia behar da irakasteko eta maila igotzeko, gauzak ezin dira aldatu urte batetik bestera. Laboral Kutxako emakumeek zelako lana egiten duten ikusten ari naiz orain, izugarria da. Nutrizioan adituak, egundoko entrenamenduak, xehetasun guztiak begiratuta... lan piloa egiten dute! Altean (Alacant) ikusi nituen neguan, eta badakite zer, zenbat eta noiz jan behar duten, zenbat erretzen duten, hidratazio maila, serieak egitean jarri behar duten indarra... Informazio asko dute eta kontrol handia daramate, eta hori oso garrantzitsua da gero ehuneko ehuna emateko, oso talde profesionala dira. Han zegoen Bahrain taldea ere, Pello Bilbaorekin, eta nik ez nuen desberdintasunik ikusten.
Orduan, nola eman gazte mailatik profesionalerako jauzia?
Ez da ezinezkoa, baina... Laboral Kutxak batzuk har ditzake, baina World Tour mailara igotzeko puntuak lortu behar izatea ere gogorra da. Oso zaila da, talde gehiago behar dira, eta asko dabiltza lanean, baina laguntzak ere behar dira, babesleak. Lasterketetara joateko, diru asko behar da, eta txirrindulariek soldata ere behar dute. Ezin dira orain arte bezala ibili, goizean lanera eta arratsaldean entrenatzera.

Txirrindularitza eskoletan garai batean baino ume gutxiago omen dabil...
Askoz gutxiago! Gure garaian, ume piloa zegoen; orain, aldiz, kopurua asko murriztu da, baina Tourreko irteerak eta horrelakoak oso onak dira zaletasuna sortzeko. Espero dut aurten hori igartzea eta ume gehiago ateratzea lasterketetan. Neska asko ere badabiltza, baina zikloturismoan; errepideetan gero eta gehiago ikusten dira, eta hori oso inportantea da. Erreferenteak ere beharrezkoak dira, eta hori da Laboral Kutxa orain: alabak 14 urte egingo ditu laster, eta horra iritsi nahi zuela esaten zuen ni taldean sartu aurretik ere. Lehen, ez zeukaten etorkizun ikuspegirik, baina orain bai, helburu bat dute.
Semeak ere txirrindulariak dituzu. Aita Gonzalez Arrieta txirrindulari ohia izanik, abizenen presioa izan dute?
Guk ez ditugu presionatu. Hainbat urtean izan dituzte bizikletak alboan, lasterketetan parte hartzea pentsatu barik. Baina, halako batean, seme nagusiak esan zigun lehiatzen ziren lagun batzuk ezagutu zituela institutuan eta haiekin hasiko zela. Esan nion argi izan behar zuela hor konpromisoa zegoela, jende asko sakrifikatzen dela txirrindulari gazteei laguntzeko, eta ezin zela ibili egun batean entrenatu eta hurrengoan ez. Lasterketak hasitakoan konturatu zen, entrenatu ezean, abizenek ez dutela ezertarako balio. Kirol gogorra da, eta maila oso altua. Junior mailan, ia profesionalak direla dirudi: dietistak, entrenatzaileak, wattak gora eta behera... oso profesionala lar gaztetatik. Nik gozatzeko esaten diet, ondo pasatzeko eta lagunak egiteko, hori da helburua. Gero, profesional mailan jarraitzen badute, ezberdina izango da, baina bitartean adin horretan txirrindularitzak hobbya izan behar duela oso argi dugu Ramontxuk eta biok. Nik asko exijitu izan diot neure buruari, eta azkenean horrek kalte egiten du.
Laboral Kutxak laguntza ekonomiko sendoa eskainiko dio taldeari, 2029ra arte, proiektu oso bat bultzatzeko...
Bai, helburua lehen mailara (UCI Women's World Tour) iristea da. Aurten oso gertu egon da, puntuak falta izan dira, baina hurrengo aukeran (2026rako) seguru baietz! Eskerrak eman behar zaizkio Laboral Kutxari, halako babesle bat aurkitzea oso zaila delako. Txirrindularitzaren alde egiten ari den lana, gizonezkoen zein emakumezkoen kategorian, oso garrantzitsua da, txirrindulariek aukera apartak dituztelako talde hauetan.
Enbaxadore titulua jarri dizute...
Oso zoriontsu egiten nau taldean egon eta gauzak zelan aldatu diren ikuste hutsak. Niretzat oparia da txirrindulariak zelan dauden zainduta ikustea, taldea hobetzeko egiten dituzten ahaleginak, nola ematen duten kirolariek ehuneko ehuna... Hainbeste ilusio eta hainbeste jende lanean! Izugarrizko familia da.
Lasterketetara joango zara?
Badaukat asmoa, baina oraintxe bertan ez nabil ondo osasunez. Crohn-en sindromea dut eta agerraldiak gogorrak izaten dira. Hor nabil, baina bai, joango naiz eurekin lasterketetara. Altean, adibidez, entrenamenduak autotik ikusten nituen.
Haientzat ere oso garrantzitsua izango da zu lako erreferente bat edukitzea taldean...
Bueno, bai, nondik gatozen jakiteko, panorama zelakoa izan zen ikusteko, soldata eta baliabide mailan. Zorte handia dutela konturatzen dira, uneak disfrutatu behar direla. Diziplina handiko kirola da, asko zaindu behar duzu zeure burua, kanpoan dezente denbora igaro... Baina ilusioa ere hor dago: Strade Biancherako (Italia) gonbidapena jaso dute, eta sekulako giro ona dago euren artean.
Gustura zaudete bertoko eta atzerriko kirolariekin osatutako taldearekin?
Oso gustura! Talde indartsua da, eta kideak oso ondo moldatzen dira elkarrekin. Oso profesionalak dira, mentalki asko aldatu dira, eta hori igarri egingo da. Primeran dabiltza, poliki ari dira lanean: beren burua asko zaintzen dute, egunero lauzpabost orduko entrenamendu gogorrak egiten dituzte... Azkenean, lan horrek beti ematen ditu emaitzak, eta hori espero dugu.
Euskaldunok oso zale onak omen gara. Emakumeen lasterketetan ere bai?
Bueno, hori behar dugu. Lehen, askotan, jende gutxi egoten zen gure probetan, oso tristea zen errepideak huts-hutsik ikustea, baina orain gero eta zale gehiago dago. Gogoan dut erlojuaren aurkako prologoa 2001ean, emakumezkoen Tourra Bilbon hasi zenean. Harrituta geratu nintzen! Ez nuen espero, inondik inora, halako jendetza etortzea. Kanpoko txirrindulariak ere, erabat harrituta! Oso harro sentitu nintzen, oso giro polita egon zelako. Pasa den Itzulian ere etapa guztiak egin nituen autoan, eta jendea ikusi nuen, oso giro ederra. Gero eta gehiago egotea espero dut, hori ere etorriko da.

KOLKOTIK

Txirrindularia izan ez bazina, zertan egingo zenuen lan? Sukaldaria izango nintzela uste dut, etxean jatetxea izan dugulako.
Zer da Tourreko mendate handiak lehen aldiz igotzea baino gogorragoa? 2002ko Tourrean Alpeetan izan nuen txakalaldia, euri eta hotz handiarekin.
Bizikletak daukan gauza on bat? Dena dauka ona.
Eta txarra? Trafikoa, auto artean ibiltzea.
Bizitzako plazer txiki bat? Ondo sentitzea, ondoez edo min barik. Gaixotasun bat duzunean, gehiago balioesten da.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Arnasketak, diafragma landu.
Nor da heroia zuretzat? Basauriko Elikagai Bankura joaten naizenean, han ikusten ditudan pertsona guztiak.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria? Bakea munduan.
Txirrindulari bat? Miguel Indurain.
Txirrindularitza ez den beste kirol bat? Guztiak.
Zerk galarazten dizu loa? Seme-alaben ardurak, ama baten kezkak.
Larunbat gauerako planik onena? Etxean film bat ikustea seme-alabekin.
Zure bizitzako leloa? Bizi eta utzi bizitzen.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko sukaldean? Txitxirioak, indabak, pasta, arroza...
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Seme-alabak errepidean animatzen, arriskuekin asko sufritzen dudan arren.
Zerk ematen dizu lotsa? Oso lotsatia naiz. Adibidez, agertoki batera igotzeak, ufa!
Eta amorrua? Munduan gertatzen ari diren gauzek, gerrak eta...
Zergatik ikasi euskara? Gure nortasuna delako. Zelan galduko dugu, gure hizkuntza bada?
Labur, nolakoa da Joane Somarriba? Pertsona xumea, familiakoa. Eta asko gustatzen zait probetxugarria sentitzea.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.