IKER GALARTZA (Amezketa, 1977) aktorea oso ezaguna da antzerkian eta telebistan, baina bera pailazo sentitzen da, batez ere. Hala, Poxpolo moduan alai eta umoretsu ibiltzen da Galartzak sortutako Gure Zirkuan, lehenengo zirku ibiltari euskaldunean. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.
Xuxen aplikazioak ez du zirkuterapia hitza onartzen, baina existitzen da, ezta?
Bai, eta Xuxenek ez luke zuzendu beharko. Pandemia dela eta, zimeldu egin gara: hastapenean, denok ibili ginen txaloka eta “zein onak garen” pentsatzen; orain, ordea, beste zerbait behar dugu, barre ez ezik, negar ere egin. Malko bati ihes egiten utzi nahi diozu eta norbaitek gauzak kontatzea behar duzu, zu hartzea eta beste mundu batera eramatea, bere indar eta energia guztiarekin, gorputz eta arima! Alegia, zirkura sartu, eta kito! Kanpoan dagoena hor geratu da, eta gu hemen barruan gaude, goza dezagun horretaz, gertatzen dena gertatzen dela. Huskeria dirudi, baina gauzak kontatzen dira, musuak banatzen ditugu, txaloak eragiten, Don Martin aurkezleari mingaina ateratzen diogu, argiak alde batetik bestera, musikariak ere hortxe daude...
“Zirkua familia ez bada, gaizki gabiltza”
“Asko eskertu behar diot telebistari ateak ireki izana”
“Telebistako formatu berriekin, batzuetan asmatzen da, baina ez beti”
“Gure Zirkua posible, egiazkoa eta kultura dela erakutsi dugu”
“Ez dugu mandoak bezalakoak izan behar, beti geureari begira”
“Euskara ikasten hasi, eta maitemindu egingo zaitu”
Zirkua atzerriarekin lotzen dugu askotan. Etxekoa baino hobea delakoan?
Eduki izan dugu atzerritarren bat uneren batean: hemendik pasatzean, curriculuma bidali digute, gu bi lesionaturekin justu genbiltzanean, eta gurekin lan egin dute une zehatzetan. Gauzak ikasten dituzu, beste teknika batzuk, lan egiteko beste modu batzuk, eta hori ere garrantzitsua da. Ez dugu mandoak bezalakoak izan behar, beti geureari begira, inguruari ere begiratu behar zaio. Euskaldunontzat Gure Zirkuan lan egitea aukera bat da, baina norbait zerbait eranstera baldin badator eta bolada batez pertsona horrengandik asko jasoko badugu, gurean eduki behar dugu.
KOLKOTIK
Zer da Poxpolo zuretzat? Iker Galartzaren erremintatxo bat marra zeharkatzeko, beti errespetuz eta inori minik eman gabe.
Haserretu zara inoiz berarekin? Batez ere, ileorde berde madarikatuarekin: beroa ematen dit, eta ez naiz erabat libre sentitzen.
Zeuk egindako zein antzezlanetan disfrutatu duzu gehien? Erdibana, Jose Ramon Soroizekin. Maisu batekin jardutea izan zen.
Orain, telesailak modan daude. Zalea zara? Ez, baina semearekin Cobra Kai ikusten dut, karatea gustatzen baitzaio.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Denbora aurrera doala, abiadura handian zahartzen ari naizela.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Zirkuan. Gazteei agintzen eta marmarka, niri noiz tokatzen zaidan galdezka.
Biharko egunkarian ikusi nahiko zenukeen albistea? Hurrengo mundu txapelketetan Euskal Selekzioak jokatuko duela.
Etxeko zeren falta nabaritzen duzu zirkuan bizi zarenean? Sofarena.
Eta zirkuko zer falta zaizu etxean zaudenean? Dena, bizimodua bera.
Zerk galarazten dizu loa? Ezerk ere ez. Pentsamendu txarren bat bururatzen bazait, baztertzeko abilidadea daukat.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Arnasa hiru aldiz hartu, eseri eta garagardo bat edan.
Pailazo izateak daukan gauzarik onena? Jendea irribarrez edo barre algaraka lehertu, eta zure lana eskertzen duela. Eta umeek zurekin argazkitxo batzuk atera nahi dituztela...
Eta txarrena? Inorekin hitz egiteko gogorik ez duzunean ere hitz egin behar duzula.
Sukaldean, zer ateratzen zaizu oso ondo? Hozkailuko soberakinekin egindakoa, horretan espezialista naiz.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Jarrera negatiboa duen jendeak. Eta builak eta errietak ezin ditut +++eraman3.
Zerk ematen dizu beldurra? Teknologiak, eta gure seme-alabei zer datorkien ikusteak. Umeek ez dakite aspertzen.
Zerk ematen dizu lotsa? Hizkuntza gehiago ez jakiteak. Frantsesa ikasteko aukera izan eta ez dut aprobetxatu.
Zerk eragiten dizu barre? Oso barre errazekoa naiz, oso basikoa... Bud Spencer-en filmek.
Bi hitzetan, nolakoa da Iker Galartza? Langilea eta hitza beti betetzen saiatzen dena.