BEÑAT GAZTELUMENDI (Donostia, 1987), final handiak lehiatzen ohitua (Bertsolari Txapelketa Nagusikoa, 2013, 2017 eta 2022an), bi aldiz izan da Gipuzkoako txapeldun. Udazkenean egingo da berriz txapelketa hori, baina oraindik ez du horretaz aritu nahi. M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.
Zergatik?
Azken txapela 2019an jantzi nuen, pandemia aurreko azken txapelduna naiz. Beste herrialde guztietan egindako txapelketen ondoren asko aldatu da panorama. Hortaz, lotsa pitin bat ematen dit Gipuzkoan oraindik neu izateak txapeldun: hemen ere asko aldatu dira gauzak eta anakroniko samarra da 2019ko txapeldunak segitzea. Uda tarteko, kosta egiten zait neure burua txapelketaren testuinguruan, irailean, kokatzea. Halako noraezean nago, inongoa ez den lurrean: joan zena urruti dago eta etorriko dena ere urruti samar ikusten dut. Hortaz, kosta egiten zait horri buruz hitz egitea.
“Hedabide batzuetan, txapelketan bakarrik agertzen gara bertsolariok”
“Oso polita da, baina ekonomikoki ez da bereziki ideia ona bertsolaritzatik bizitzen saiatzea”
“Inportantea da Donostiak Añorga bezalako auzo bat edukitzea”
“Euskal gizartean eragiteko lekua izatea da bertsolaritzatik gehien gustatzen zaidana”
“Ez nuke esango bertsolaritza bereziki gune itxia eta estua denik”
“Neure osasunarengatik ez nago sare sozialetan, nahikoa dut bertsolaritzaren sarearekin”
Txapelketa dagoeneko hasia dago bertso eskoletan.
Bai, ehun bertsolari inguru izanik, denak ez gara kabitzen udazkenean. Bi itzuli egingo dira, bertsolariek kantatzeko aukera gehiago izateko, askok saio hori bakarrik egiten dutelako. Horregatik egiten da aurretik beste kanporaketa bat, beste ikuspegi bat emateko. Bestalde, Txapelketaren helburua beti da saio gutxi antolatzen diren edo bertso eskolak hain indartsu ez dauden lekuetan eragitea; edo, bertso eskolak oso indartsu daudenean, lan hori erakustea. Horregatik antolatu da bertso eskolekin elkarlanean: herri bakoitzeko saioaren ondoren, bertso eskolakoek mokadutxoa eskaintzen dute, giro hori herrian bertan ikus dadin. Gainera, aurten betetzen direnez 50 urte aurreneko bertso eskolak sortu zirenetik, beste helburu bat da lehenbiziko eskola haiek omentzea.
Ez dirudi bultzada berezirik behar dutenik...
Ez, baina guretzat ez dira bertsotan ikasteko lekua bakarrik, bertso saioak antolatzeaz eta herriko eragileekin aritzeaz ere arduratzen baitira. Alde horretatik, indartsu dago bertsolaritza, baina txapelketak beti aprobetxatzen dira bertso eskolak indartzeko. Euskararen egoera ez da leku guztietan berdina, eta bertso eskola bada horretan eragiteko lekua ere, euskararen presentzia kalean indartzeko eta herrian euskara hutsean funtzionatuko duten eremuak eskaintzeko. Helburu ere hori badago, eta inportantea da, igual hainbeste aipatu ez arren. Txapelketak bertsolaritzari ziurrenik bestela lortuko ez lukeen ikusgarritasuna ematen dio: euskarazko hedabideetan bestela ere hor gaude, baina beste hedabide batzuetan txapelketan bakarrik agertzen gara.
Zenbaterainoko garrantzia izan dute bertso eskolek bertsolaritzaren pizkundean?
Joseba Sarrionandiak uste omen zuen euskal zinema izugarrizko loraldian eta bertsolaritza erdi desagertua aurkituko zituela Kubatik itzulitakoan, baina alderantzizko zerbait ikusi omen du. Bada, horren atzean bertso eskolen mugimendua dago: 80ko hamarkadaren hasieran, ez zetorren gazterik, zaila zen jendea zaletzea eta bazirudien bertsolaria jaio egiten zela, naturak aukeratutako jendea zela, nolabait. Halere, batik bat Amurizaren eta beste batzuen lanari esker, metodo baten bidez bertsotan edonork ikas zezakeela ikusi zen (gero, ikasitakoarekin zer egin, norberaren esku). Hortik sortu ziren bertso eskolak, demokratizatu egin zen mugimendua, eta horrela heldu da bertsolaritza orain dagoen lekura.
Bertsolaria zara lanbidez, autonomoa. Hortik bizitzea posible da egun?
Bizimodu oso polita da, baina ekonomikoki ez da bereziki ideia ona bertsolaritzatik bizitzen saiatzea. Lanean nahiko gazte hasi nintzen, eta nahiko gazte lortu nuen plazaz plaza dezente ibiltzea ere. Urte batzuetan, biak uztartu nituen, baina 2018an bertsoari denbora gehiago eskaintzea erabaki nuen. Geroztik, horrela nabil, lehen aurreztutakotik bizitzen, ahal dela hilaren bukaeran hasieran baino gutxiago ez edukitzen. Oreka zail horretan, badaude bolada onak eta okerragoak; zailena da ez jakitea hemendik sei hilabetera lanik etorriko den ala ez. Normalean, etortzen da, baina beti sortzen zaizu antsietate puntu bat, askotan, denari baietz esan beharra. Hala ere, niretzat kristoren zortea izan da hau egin ahal izatea, pila bat gustatzen zait bertsotan bai neure burua lantzea bai plazan ibiltzea eta jendearekin egotea. Gero, bertsolaritzatik harago, beste enkargu mordoa ere hartzen dugu, baina pozik nago.
Harro agertzen zara Donostiako Añorga auzokoa izateaz. Badu berezko izaera?
Bai. Donostiatik Hernani, Lasarte eta Usurbilerako bidean dago, edo alderantziz. Fisikoki, urrun dago Donostiatik, eta izaeraz ere nahiko desberdina da, porlan fabrika bat egin zelako hemen. Goizueta ingurutik pila bat langile etorri zen, eta langile eta hizkuntza kontzientzia handiko auzoa da. Horrek, Donostiarekin alderatuta, desberdintasunak sortzen ditu. Bere garaian, asko aldarrikatzen genuen Añorga apartekoa zela, baina Donostian eragiteko lekua ere bada. Inportantea da Donostiak horrelako auzo bat edukitzea, hiri ezberdina izan daitekeela erakusteko, ez beti agertzen den postal hori.
Orain, gatazka du Udalarekin, masifikazioa eta auzo izaera galtzeko arriskua aipatzen dira...
Nahiko txikia da, bi mila biztanle gara, eta ez dugu ez kultur etxerik ez kiroldegirik, ez osasun zentrorik ez botikarik; zerbitzu guztiak, Antiguan. Eta orain, bat-batean, 240 etxebizitza eraikiko dira. Beste 800 bat pertsona etorriko dira, eta horrek sekulako inpaktua izango du egunerokoan, baita hizkuntzaren ikuspegitik ere. Ez dago azpiegiturarik; adibidez, eskola ezin da handitu, mendi hegalean dagoelako. Arazo ugari aurreikusten dugu, baina ez dugu ikusten Udala neurriak hartzen ari denik. Horixe exijitzen dugu. Ahaztutako auzoa izan da urte askoan, eta orain bat-batean halako proiektua ekarri dute ezer ez dagoen lekura. Kezka daukagu horrekin.
Inoiz ez da sortu herri bihurtzeko gogoa?
Auzoa bera hiru auzotan banatua dago. Egun, nahiko eskuragarri dugu dena, baina garai batean N1 errepidea pasatzen zen erditik eta Añorga Txikitik Añorgara etortzeko eskailerak igaro behar ziren, lur azpiko pasabidea... Oso urruti egon dira auzuneak bata bestetik, eta auzoa garela onartzea ere asko kostatu zaigu. Horretan lan dezente dago oraindik egiteko, ez dut ikusten auzo udal bat edo horrelako zerbait sortzeko grinarik. Nik uste aukera batzuk emango lituzkeela, gauzak oso ezberdin ikusten direlako Donostiatik edo Añorgatik pentsatuta.
Bertsolaritza jendartean eragiteko modu eraginkorra izan daiteke?
Euskal gizartearen miniatura dela uste dut: bertsolaritzak mugimendu gisa duen garapena euskal gizarteak izango duenaren isla da, neurri batean. Alde horretatik, bertsolaritza bada euskal gizartean eragiteko lekua. Bere ederrean eta aberastasun guztian, agian pertsona batzuentzat urruti egon da: gorputz batzuk ikusi ditugu oholtza gainean eta beste batzuk ez, gizon asko eta emakume gutxi, pertsona arrazializaturik ez ia... Baina baditu eragiteko leku are hobea bihurtzen duten ezaugarriak ere. Bat, erabat publikoa dela: bertsolaritzan gertatzen dena jende aurrean gertatzen da, eta publikotasun horrek beste eragin bat du; bestetik, oso mugimendu antolatua da, elkarte indartsua dago atzean. Horrek erraztu egiten du eragitea, gune ezberdinen arteko harremanak eginda daudelako. Beraz, erabakiak modu zabalean adosten direnean, gauzatzeko tresna piloa du bertsolaritzak. Hala, oso leku ona da eragiteko, hori da bertsolaritzatik gehien gustatzen zaidana.
Zer iruditu zaizu Jon Sarasuaren hitzaldiak sare sozialetan sortutako kalapita?
Bi gauza diferente dira hitzaldia bera eta ondoren sare sozialetan sortutakoa. Ni ez nabil sare sozialetan eta Sarasuaren hitzaldian ez nintzen egon. Eztabaida esparrua ez da nahiko genukeen bezain zabala, baina beti saiatzen gara hedatzen; ez nuke esango bertsolaritza bereziki gune itxia eta estua denik kantatzeko. Oso bertsokera, iritzi eta gorputz ezberdinak ari dira une honetan bertsolaritzan, alde horretatik inoiz baino pluralagoa dela esango nuke. Zenbat eta gorputz diferente gehiago ikusi, norberaren kontraesanak ere ageriagoan geratzen dira, eta niretzat hori lantzea da bertsolaritzaren gauza ederrenetakoa.
Baduzu Facebook, baina ez zara sare sozialen oso zalea, ezta?
Ez nago kontra, tarteka sartzen naiz, eztabaidak pixka bat jarraitzeko, gizartea zertan ari den jakiteko... baina nire jarduna nahiko publikoa da, eta bertsoa bera bada nahiko sare sozial eta publikoa. Neure burua babesteko beharra sentitzen dut oholtzatik jaitsi eta etxera joaten naizenean, neure osasunarengatik ez nago sare sozialetan. Bertsotan jardungo ez banu, egongo nintzateke, ziurrenik. Ez zait txarra iruditzen, aberasgarria da, erabileraren arabera, baina une honetan nahikoa dut bertsolaritzaren sarearekin.
Zertarako ikasi euskara, zortziko txikian?
Zertarako ikasi
behar den euskara,
oraindik ulertu nahi
ez duenik bada.
Hizkuntza kode baten
murgilduta, hara,
mundu berri batera
iritsiko zara.
KOLKOTIK
Gogoan duzu zure lehen plaza? Igeldoko festetan, 10 urterekin edo, bertso antzerki batean.
Jokatzea tokatu zaizun pertsonaia bitxi bat? Askotan, norbera izaten da bitxiena.
Gaur egungo bertsolari bat? Zaila bat aukeratzea, baina Maialen Lujanbio.
Txikitan erreferente izan zenuena? Garai batekoen artean, Pello Mari Otaño. Gero, Jon Sarasua, Amets Arzallus eta Jesus Mari Irazu.
Zer dauka ona bertsolaritzak? Jende pila bat ezagutzen dela.
Eta txarra? Jende pila bat ezagutzen dela.
Non dauzkazu irabazitako txapelak? Gurasoen etxeko horma batean jarrita dauzka amak, nireak eta anaiarenak.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Arrautzak.
Zer moduz moldatzen zara sukaldean? Aniztasun handirik ez, baina egiten dudana ondo egiten dudala uste dut.
Zer ateratzen zaizu primeran? Bakailaoa saltsan.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Egunero gauza ezberdin bat.
Bihar ikusi nahiko zenukeen berria? Herri honetan hizkuntz politikaren gaineko akordio erradikal eta zabalera iritsi garela.
Nor da heroia zuretzat? Auzoan lanean ikusten dudan jendea.
Zerk galarazten dizu loa? Kafeak.
Zure bizitzako leloa? Esan behar duzuna ez bada isiltasuna baino hobea, segi isilik.
Zerk ematen dizu lotsa? Neure buruak.
Eta beldurra? Jendaurrera ateratzeak, gero eta gehiago.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Besteren lekuan jartzen ez dakien jendeak.
Labur, nolakoa da Beñat Gaztelumendi? Baikorra, pausatua eta lotsatia.