OIHANA AZKORBEBEITIA (Abadiño, 1981) mendi lasterkariak sekulako palmaresa osatu du ia 20 urteko ibilbidean, bertoko zein nazioarteko probetan. Euskal Herriko Txapelketa (68 km) irabazi berri du Zubirin. Horren ostean eta Zegama-Aizkorri maratoiaren aurretik egin genuen elkarrizketa. M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.
2006an hasi zinen mendi lasterketetan, oso kirol berria zenean. Asko aldatu da?
Lehen lasterketa Izarraitzen (Azpeitia) egin nuen, 21 kilometrokoa. 40 bat lagun izango ginen, horien artean hiru neska, eta helburua amaitzea zen. Gaur egungoa lehia da: elikadura, pultsometroak, entrenamenduak... Eboluzio hori, nire ustez, txarra izan da, mendiko balioak galtzen ari direlako. Ni asko joaten naiz mendira, baina geldituz, arnasa hartuz, soinuak entzunez, txoriak, ganadua... Mendira entrenatzera doanak, kaskoekin eta denborari erreparatuz, galdu egiten du hori, ez daki non dagoen ere, berdin dio atletismoko pista batean egon. Ni mendizalea naiz, baina orain lasterketak lehiakortasun hutserantz doaz eta mendia bera ez da baloratzen.
“Oraingo gazteak 40 urte betetzerako nekatuko dira kirol honetan”
“Mendira entrenatzera doanak ez daki non dagoen ere”
“Ondo ibili nahi dut, ez helmugara erdi hilda heldu”
“Beti eman diot ezezko biribila espainiako selekzioan parte hartzeari”
“Emakumeak lasterketetara bakarrik joatea lortu behar dugu”
“Euskaraldiaren kontzientzia urte osora zabaltzeko erabili behar da”
Lasterketetan horrenbeste jende pilatzea ez da mendiaren kalterako?
Mendiak lehiatzeko leku bihurtzen ari dira. Egin daitezke lasterketak, bai, baina non gabiltzan kontziente izanda. 2009an egin nuen nire lehen Zegama-Aizkorri eta jendea zegoen, baina iaz ikustera joan, eta Aizkorri gaineko jende pilaketa ez zitzaidan gustatu. Horregatik izango da aurtengoa nire azken Zegama-Aizkorri. Mailagatik ere bai, baina larregi hazi dela iruditzen zaidalako, batez ere. Lekuz kanpo sentitzen naiz.
Badago Etiketa Berdea izeneko ekimena, ezta?
Ekimena baino, dekalogoa da. Lasterketa batek hartzen duen konpromisoa mendia eta ingurunea zaintzeko, parte hartzaile kopurua murrizteko eta ikusleei mendira ez igotzeko eskatzeko. Gera daitezela herrian lasterketa ikusten, mendiak eta animaliek sufritu egiten baitute. Helburua kontzientzia garatzea izanik, horrelakoak ondo daude, 60 lasterketak baino gehiagok egin dute Etiketa Berdearen aldeko hautua. Konpromiso hutsa da, etiketa ez da erosten, ez dago dirurik tartean. Tristea ere bada halakoak egin behar izatea jendea konturatzeko zelako kaltea egiten ari garen eta norantz doan kirol hau.
KOLKOTIK
Zer ematen dizu mendiak?
Askatasuna.
Eta kendu?
Ezer ere ez.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Palestinakoa konpondu dela.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Albaitaria.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Injustiziak eta hipokrisiak.
Sakelakoa etxean ahazten bazaizu...
Bai ondo!
Noiz arte mendian gora eta behera?
Gorputzak iraun arte.
Amesgaizto bat?
Geure umeei zer edo zer gertatzea.
Mendiarekin zerikusirik ez duen zaletasun bat?
Artzain txakurren mundua.
Zer janari ez da falta inoiz zure sukaldean?
Ogia.
Zer plater ateratzen zaizu ondo?
Umeak pozik egoten dira babak prestatzen ditudanean, kar-kar!
Zure mendi kutuna?
Untzillaitz, Astxiki, Alluitz, Anboto...
Lasterketarik gustukoena?
Gaur egun, Mañaritik Atxetara. Iaz egin zen lehenengoz.
Zer egiten duzu lasaitu beharra duzunean?
Txakurrak hartu eta mendira.
Larunbat gauerako planik onena?
Trago bat hartu eta lasai egon etxean, domekak mendira joateko direlako.
Eta igande arratsalderako?
Siesta ederra!
Bizitzako plazer txiki bat?
Norberarentzako denbora hartzea.
Nor da zuretzat heroia?
Ez daukat heroirik.
Labur, nolakoa da Oihana Azkorbebetia?
Ni neu, Alluitzen eta Ametsen ama, albaitaria, abertzalea eta askatasunzalea.