ALBINA STARDUST drag artista eta aktibista trabesti burlatarra da. Izar diskoa sortu du, ETB1eko Biba Zuek! saioan kolaboratzen du, Flop Kultura saioa dauka Euskalerria irratian, Albinaren erreferenteak argitaratzen du Pikara Magazine aldizkarian... M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.
Zerk du lehentasuna: arteak ala aktibismoak?
Elkarrekin doaz ia beti, biak dira beharrezkoak. Batzuetan, nahi dudan bezala janztea gustatuko litzaidake, Lady Gaga sentitzea... Gustura egon eta kito! Halere, trabestismoa beti doa aldarrikapen politikoarekin, arte iraultzailea da. Gauza askoren alde eta gauza askoren kontra borrokatzen naiz. Generoa asmatutako zerbait da, ez da biologikoa. Hortaz, trabestiok genero adierazpen molde berriak erakusten dizkiogu munduari, generoa ez delako bitarra, ez da bakarrik femeninoa ala maskulinoa. Draga generoaren performancea da, bitartasunetik atera eta jolastea. Azkenean, edonor izan daiteke nahi duen bezalakoa. Hausnarketa ere eragin nahi dugu: zergatik janzten gara janzten garen moduan? Nork sortu ditu arau hauek? Emakumea banaiz, arropa hauek jantzi behar ditut, ez beste horiek; edo alderantziz. Genero rolak desagertu egin behar dira mundu guztia pixka bat gehiago askatzeko.
“Draga generoaren performancea da, bitartasunetik atera eta jolastea”
“Gizonek ikasteko, desikasteko eta eboluzionatzeko ardura hartu behar dute”
“Euskal Herrian askoz seguruago sentitzen naiz beste leku batzuetan baino”
“Kolore arrosa politikoa delako erabiltzen dut”
“Hemen artista gisa baloratzen gaituzte, beste artista batzuen lekuan gaude”
“Hedabideek eta jendeak nire lana euskaraz egiteko eskatzen zidaten”
Maiatzaren 17an, Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Eguna. Balio dute zerbaitetarako egun horiek?
Halakoetan, jende askok egiten digu kasu, beraz, beharrezkoak dira. Azken hiru urteotan, Ordiziako Transloratzen Jardunaldietan hartu dut parte, eta bertan LGBT diagnostiko bat aurkezten da beti. Ezinbestekoa da horrelakoak egitea eta jendeak gure errealitatea ezagutzea, oraindik ere gaur egun ez dagoela arazorik aditzen baitugu. Ez da horrela, oraindik ere kezkagarria da egoera: salaketak jartzen dira, baina zenbat? Zein da poliziaren jarrera? Hori egunero erakutsi behar dugu.
Lehen diskoa kaleratu duzu: Izar.
Nire showetan abesteko kantuak dira, espero dut jendeak gozatzea. Trabesti gisa egin dut, mamarratxeotik abiatuta; badakit ez naizela abeslaria eta ez dudala ahots zoragarririk. Mezua transmititzeko modua ere bada, baina ez dut espero jendea nire musikarekin txoratzea, ez da horretarako. Jendeari gustatu zaio eta ni pozik. Jarraituko dut musika egiten, baina patxadaz, beste erregistroren bat jorratuz: agian ilunagoa, elektronikoagoa, mezu sinpleagoekin...
KOLKOTIK
Gogokoen duzun sare soziala?
TikTok.
Erabili dituzun takoi altuenak?
21 zentimetrokoak.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Albina Stardust, Sanferminetako pregoilari.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Lasaiago, kar-kar!
Sakelakoa etxean ahazten bazaizu...
Etxera itzuliko naiz, ezin naiz gabe atera.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Gizonek.
Zerk kentzen dizu loa?
Etorkizunak.
Zerk ematen dizu lotsa?
Gero eta gauza gutxiagok. Lotsa kendu behar dugu, erridikulua egin.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra daukazunean?
Nire mutilarekin egon, Danelekin.
Larunbat gauerako planik onena?
Etxean, afaria eta pelikula bat.
Eta igande arratsalderako?
Etxean, Switchean jolastea.
Zer janari ez da falta inoiz zure sukaldean?
Humusa.
Zer plater ateratzen zaizu oso ondo?
Ez naiz batere sukaldari ona.
Bizitzako plazer txiki bat?
Hozkailutik ateratako ur hotza edatea.
Nor da zuretzat heroia?
Nire ama.
Taberna batean sartu eta zure musika badago jarrita?
Lotsa ematen dit, horrek bai! Kar-kar!
Noren kontzertua ez zenuke galduko?
Kai Nakairena.
Agertokira irten aurreko maniaren bat?
Perfumatzea.
Labur, nolakoa da Albina Stardust?
Superizarra!