JOKIN ALTUNA pilotariak (Amezketa, 1996) ez du aurkezpen handirik behar: aurrelaria da, 11 urte daramatza profesionaletan eta, San Fermin torneoetakoak zenbatuta, 13 txapel irabazi ditu. Azkena, aurtengo buruz burukoa1, Iñaki Artolaren aurka. M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.

bideoa ikusgai

Bost-sei urterekin jokatu omen zenuen lehen partidu...
Hala da, bai. Etxeko sukaldean hasi nintzen pilotan, gurasoak beti kontuz ibiltzeko esaten, ezer ez hausteko2. Gero, amak piano eskolak ematen zituen bitartean, ondoko frontoira joaten nintzen batzuetan. Txiki samarra nintzen, baina nire betiko entrenatzailea izan denak, nolako afizioa neukan ikusita, berarekin hasi nahi nuen galdetu zidan...
29 urterekin, beteranoa zara dagoeneko. Azkarregi bultzatzen dira pilotariak maila profesionalerako jauzia3 egitera?
Nire ustez, gaur egun bai. Nik 18 urterekin debutatu nuen, baina orduan, adin horretan debutatzeko, afizionatu mailan ia txapelketa guztiak irabazi behar zenituen. Orain, askotan, jauzi hori egiten da pilotariari aukera bat emateagatik, baina pare bat urtean asko hobetzen ez badu, etxera doa. Lehen, debutatzea gehiago kostatzen zen, baina lortuz gero, bazegoen urtetxo batzuk egiteko bermea. Ez zait gustatzen oraingoa, aldatu egin behar da, ilusio asko zapuzten4 direlako; jende, familia eta ume askorenak. Oso-oso gazte debutatzeko, gauza asko lortu dituzulako izan behar du; bestela, hobe da pilotaria prestatuago egon arte pazientzia edukitzea. 18 urterekin ezin zaio heldutasuna eskatu.
Nola kudeatzen duzu beti faboritoa izatearen presioa?
Aurreneko urteetan, zaharragoen aurka, oso libre eta lasai jokatzen nituen partiduak. Kantxara atera, eta ez nuen irabaztean edo galtzean pentsatzen. Behin gauza batzuk lortutakoan, ordea, partidu guztietan faborito ateratzen hasten zara askotan. Eta galduz gero, nahiz eta partidu ona egin, edo bolada txarra pasatzen ari bazara, kalean jendea harrituta antzematen5 duzu. Denborarekin ikasten da gauza horiek normaltasunez hartzen. Oso lehiakorra banaiz ere, oso kontziente naiz irabazteko uneak izango ditudala, eta galtzekoak ere bai. Sarritan, nahiz eta irabazi, ez naiz gustura itzultzen etxera. Beste batzuetan, galdu arren, igual partidu ona egin dudan sentsazioa daukat. Saiatzen naiz, kanpora gehiegi begiratu gabe, nire esku dagoena egiten: ondo entrenatu, deskantsatu, nire jokoan zentratu, onena eman... Batzuetan eragiten dizu presioak, noski: oso-oso faboritoa bazara eta denek irabazi egin behar duzula uste badute, ahalegintzen zara ahazten, baina ez da erraza.
Zenbaterainokoa da hedabideen eragina? Erreparatzen diezu?
Leitu6 ez ditut egiten, baina partidu bat ikusten duzunean hor ibiltzen dira komentaristak, batek presioa daukala, besteak batere ez... Iruditzen zait gauza batzuez arinkeria7 handiegiz hitz egiten dugula. Nik ez dakit zu nola sentituko zaren bizitzako egoera jakin8 batean. Pentsatzen dut era batera sentituko zarela, baina mezu asko jakin gabe ematen dira. Eta zu mezu horiek entzun eta entzun ari bazara, nahi gabe ere barruan sartzen zaizkizu. Komunikabideek horretan indar handia daukate, bai. Niri gustatzen zait beste pilotari batzuen elkarrizketak irakurtzea, zer pentsatzen duten jakiteko, baina iritzi artikuluak ez ditut leitzen, norberaren gustuak dira.

Irabaztera ohitzea arriskutsua izan daiteke...
Dezente irabaztea tokatu zait, baina atzera begiratuta ez dut ikusten nire ibilbidean irabazi bakarrik egin dudanik. Era guztietako txapelketak eta partiduak eduki ditut, gustura nago irabazitakoengatik, baina beti saiatu izan naiz ikasten, baita galdutakoetatik ere. Asko irabazten baduzu, eta zeure buruari beti irabaztea exijitzen hasten bazara, helburu guztiak hor jartzen badituzu, frustrazioak eta pena handiak etor daitezke askotan.

“Iruditzen zait gauza batzuez arinkeria handiegiz hitz egiten dugula”

“Batzuetan, goizegi debutatuta, ilusio asko zapuzten dira”

“Beti dago zer hobetu, edozein lanetan bezala. Gose hori ez dut galdu”

“Kirolari batek galtzen duenean, hura lasai ikusteak izorratzen nau gehien”

“Ez ditut pilotari buruzko iritzi artikuluak leitzen”

“Helburu guztiak irabazteari begirakoak badira, frustrazioak eta pena handiak etor daitezke”

 


Finalean 22ra iritsi, txapela jantzi, herrian ospatu eta oheratu bitartean, arratsalde horretako zein une hautatuko zenuke?
Dutxakoa. Finalaren aurretik, askotan pentsatzen dut zer emango ote nukeen horra iristeagatik edo txapela janzteagatik. Bada, txapeldun geratu, eta dena oso azkar gertatzen da: sari banaketa, elkarrizketa ETBn, jende piloa inguruan... Gero, herrira heldu eta plaza beteta, jende piloa afarian... Lasai egoteko, bakarrik, une bat ere ez. Eskatu izan diot lagunen bati aldagelan9 bakarrik egoten uzteko, dutxako momentuan, behintzat, pultsazioak pixka bat moteltzeko. Orduan baloratzen duzu zer egin duzun. Bestalde, emozio ugariko eguna izaten da, polita da herrian nolako ilusioa dagoen ikustea, zenbat jende etortzen den afaltzeko garaian... Egun eder horiek familiarekin eta lagunekin bizitzea pribilegio ikaragarria da, baina kontziente izan behar da ez direla beti izango.

Lan handia dago txapelen atzean, nolakoa da zure egunerokoa?
Urtean bi zati egoten dira: bata irailetik ekainera eta bestea uda. Bigarrena oso gogorra den arren, gutxiago entrenatu behar da, asko jokatzen dugulako. Irailetik ekainera, aldiz, astean partidu bat jokatzen dut, eta egunero entrenatu. Eta lehen baino garrantzi handiagoa ematen diet beste gauza batzuei: askotan joaten naiz fisioarenera, masaje asko hartzen ditut... astea ederki betetzen dut. Pilota kirol gogorra da, baina pilotari bizimodua asko gustatzen zait. Niretzat ez da egunean bi ordu entrenatu eta kito; igandean lehia garrantzitsua baldin badaukat, inportantea da aste barruan bizimodu lasaia egitea: atseden hartzea, ondo jatea, lo orduak errespetatzea... partidu prestatzea da.
Zer-nolako garrantzia du Jokin Etxanizek zure garaipenetan10?
Gaur egun, erabatekoa. Urte asko daramagu harekin entrenatzen, kristoren zortea daukagu. Partidu txarra jokatu ondoren ere, hurrengo egunean edo bi egun barru harekin entrenatzera joaten garenean, guztiz lasai egoten da, ez zaigu gaizki egindakoak kontatzen hasten. Oso partidu ona egin dugunean, berriz, agian esango digu zerbait ez genuela hain ondo egin, ez dizkigu loreak botatzen11. Konfiantza handia daukat berarekin edozertaz hitz egiteko, babes handia da niretzat aste osoan.
Magia egiten omen duzu. Oraindik baduzu zer ikasi?
Ikasteko beti dago zerbait. Askotan, 21-22 urterekin zenuen freskotasuna hartuko zenuke, igual, baina kirolaria 26-28 urterekin finkatuago egoten da. Gauzak lasaiago bizitzen ikasten duzu, ez mendi errusiar batean bazeunde bezala, irabazita ondo eta galduta gaizki. Ni, egia esan, hobeto sentitzen naiz orain, baina beti gelditzen zaizu ikasteko zer edo zer, beti daukazu zer hobetu, edozein lanetan bezala. Gose hori ez dut galdu, eta saiatzen naiz hobetzen.
Galtzen ere ikasi beharko da...
Bai, noski. Ni kantxan nahiko beroa naiz, baina neure buruarekiko. Gauzak errespetuz eta zuzen egin behar dira, baina jokoaren intentsitatea galdu gabe. Kirolari batek galtzen duenean, hura lasai ikusteak izorratzen12 nau gehien. Gustatzen zait galdu osteko mina ikustea, bere buruarekin haserretzea, egiten duena benetan inporta zaiola ikustea. Nahigabetuta ikusten badut, identifikatuta sentitzen naiz berarekin. Halere, galtzen jakitea ez da minik ez sentitzea, baizik eta aurkariarekin errespetuz jokatzea, hura zoriontzen jakitea... Hortik aurrera, norberaren autokritika egin behar da. Niri galtzeak beti ematen dit min; hobetu nahi baldin baduzu, min eman behar dizu. Beste gauza bat da galtzen jakin ez eta bikotekideari keinu txarrak egitea pilota bat galtzen badu, edo hari agintzen saiatzea, edo aurkariari edo epaileari keinu itsusiak egitea... hori ez.
Euskal Selekzioak lortu du Nazioarteko Federazioak antolatutako txapelketa jokatzea... Gustura jokatuko zenuke Euskal Selekzioaren kamisetaz?
Guk, oraingoz, ez dugu aukerarik, baina oso berri ona izan da. Neuri ilusio handia egingo lidake halako partiduak jokatzeak, eta pilotako nire lagunei ere bai, hala uste dut behintzat. Pausoak egiten ari dira, benetan eskertu behar dugu horretan borroka asko egin duen eta egiten ari den jendearen lana. Geuk ere gustura jokatuko genuke, oroitzapen polita izango litzateke.

Frontoietako aldageletan hitz egiten da euskaraz?
Bai, noski, pilotan aditzen da euskara. Gaztelania ere bai, errioxarrak edo euskaraz ez dakien norbait tokatzen denean, baina gu beti saiatzen gara euskaraz egiten. Horrela jarraitu nahi genuke, hori ez da galdu behar.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Jendea euskara ikastera eta ikasten segitzera animatuko nuke, bai hemen jaiotakoak bai kanpotik etorriak, euskara delako euskaldunok benetan ezberdintzen gaituena. Ezagutu izan dut kanpotik etorri den eta urte gutxian ikasi duen jendea, niretzat oso garrantzitsua da hori. Leku bakoitzak bere hizkuntza dauka, eta oso gauza polita da euskara entzutea, niri ilusioa egiten dit. Beraz, animo denei euskara ikasten jarraitzeko! Ea denon artean lortzen dugun euskara gehiago hitz egitea eta erabilerak beherantz ez egitea. 

KOLKOTIK

Txikitan gustuko zenuen pilotaria? Martínez de Irujo.
Pilotaria ez bazina, zer? Gustura ariko nintzateke kirol irakasle umeekin.
Zer dauka ona pilotak? Laguntasuna, lagunartea.
Eta txarra? Oso indibiduala dela.
Non dauzkazu irabazitako txapelak? Etxeko horma batean, markoetan sartuta.
Horietatik, zein maite duzu gehien? Igual, lehenengoa. Eta azkena: lagun bat hil zitzaigun finala baino egun batzuk lehenago.
Gogoan duzu debut profesionaleko partida? Bai, Abel Barriolarekin, Titin eta Tolosaren aurka. 22-20 irabazi genuen.
Partxisean ere galdu nahi ez duten horietakoa zara? Ez, hori esatea modan egon arren.
Zer moduz moldatzen zara sukaldean? Nahiko ondo, ikasi dugu, kar-kar!
Zer ateratzen zaizu primeran? Arroz saldatsua barazkiekin eta kokotea labean patatekin.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Arnasketak; eta oso gustuko dut irakurtzea, deskonektatzeko.
Zein sare sozialetan zabiltza erosoen? WhatsApp bakarrik daukat, eta behar baino gehiago erabiltzen dugula uste dut.
Zerk galarazten dizu loa? Lokartu aurretik sakelakoan ibiltzeak.
Zerk ematen dizu lotsa? Lagunekin edo familiarekin nabilenean behatua13 sentitzeak.
Zerk beldurtzen zaitu? Lesioekin zortea izan dut, eta horrela jarraitu nahiko nuke.
Pilota utzi eta gero... Ez dakit, baina jakin-mina sentitzen dut, nondik jo motibatuko nauen zerbait aurkitzeko.
Bizitzako plazer txiki bat? Igandeetan, partidaren ondoren, hiruzpalau lagunekin afaldu eta trago bat hartzea.
Biharko egunkarian ikusi nahiko zenukeen berria? Bakea; oraintxe bertan hainbat lurraldetan dauden gerrak ikaragarrizko injustizia dira.
Labur, nolakoa da Jokin Altuna? Gertukoa eta alaia.

1. Buruz buruko: bi aurkariren arteko partida.
2. Hautsi:
puskatu, apurtu.
3. Jauzi:
salto.
4. Zapuztu:
truncar (es), briser (fr).
5. Antzeman:
nabaritu, sumatu.
6. Leitu:
irakurri.
7. Arinkeria:
ligereza (es), légèreté (fr).
8. Jakin:
zehatz, konkretu.
9. Aldagela:
arropa aldatzeko gela.
10. Garaipen:
victoria (es), victoire (fr).
11. Loreak bota:
hitz politak esan, goraipatu.
12. Izorratu:
molestatu.
13. Behatu:
observar (es), observer (fr).

 

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.