ARANTZA SANTESTEBAN PEREZ (Iruñea, 1979) zinemagilea Dokumental Sortzaile diplomaduna da, 2012tik. Ezker abertzalean militatu eta, 2007an atxilotu zuten. Kartzelako gauek jarri diote izena jaialdietan aurkezten eta sariak lortzen dabilen dokumentalari. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zer kontatzen du 918 gau filmak?
Espetxealdiaren istorioa da, baina aurrekoarena, espetxealdiarena eta ondorengoarena. Lehen pertsonan kontatuta, nire barruko hausnarketak, pentsamenduak... azaltzen ditu, prozesu horretan guztian. Film esperimentala da, ez du ohiko narratibekin funtzionatzen; halere, denbora tarte hartan izandako sentsazio eta egoteko modu batzuen narrazioa egiten du.
Zein ondorio nahi duzu ateratzea ikusleek?
Film honek ez du irakaspenik, sekula ez dut nahi izan inor ondorio jakin bat ateratzera eraman, baina ez gaude horretara ohituta. Lehen, askoz ere joera handiagoa zegoen abstrakziorako, baita euskal kulturan ere: Mikel Laboa kantugintzan, Mirentxu Loiarte zinemagintzan... Ikusleak ez zuen beharrik sentitzen guztiari erantzun bat, tesi bat, ondorio bat, eta bakarra, ateratzeko. Orain, kultura kontsumitzeko dugun moduagatik, gero eta gehiago kontsumitu nahi dugu etxera tesi batekin joateko aukera emango digun kultur edo arte adierazpena, nork bere iritzia finkatzeko edo errefusatzeko. Hori ez zait interesatzen. Nire asmoa bide bat proposatzea da, sentsazio eta burutapen batzuk partekatzeko. Bidaia horretan norbaiten barruan zerbait mugitzen bada, pozik geratuko naiz. Ikusle mota askok ikusi dute pelikula hau. Nazioartean estreinatu dugunez, euskal giroa, euskal gatazka, euskal kultura eta euskara ezagutzen ez dituen jendeak ikusi du, eta zerbait iritsi zaio. Hemen, arte mundukoek, euskalgintzakoek, akademiatik datozenek... ikusi dute, eta askotariko iritziak jaso ditut.

“Artea deszifratzeko premia obsesiboa baztertu behar dugu”

“Zerbait ulertzen ez dugunean, ez dela artea esateko joera dugu”

“Ez nuen sekula uste izan 

918 gau filmak sariak izango zituenik”

“Militantziatik ikasi ditudan balio asko ditut nire bizitzan”

“Hurrengo proiektuan, fikziorantz joko dudala uste dut”

“Donostian bizita, Iruсeko euskal komunitatearen falta nabaritzen dut”


Ikusleok hezi beharra daukagu?
Bai. Zerbait ulertzen ez dugunean, ez dela artea esateko joera dugu, edozeinek egin dezakeela, gaizki egina dagoela... baina horrek gehiago erakusten du norberak izan dezakeen ezagutza, ohitura edo gogo falta. Oso bidezkoa, bestalde. Ikuslea gero eta akritikoagoa da artearekin, eta diskurtso orokorrekin ere bai: dena irensten da, mastekatuta, gehiegi pentsatu behar izan gabe. Hala ere, interesgarria da ulertzen ez dugun horren kargu egitea, pixka bat gehiago, edo beste tresna batzuekin, pentsatuz. Izan ere, arteak norberaren barruan dauden esparruak irekitzeko balio du: desira, desadostasuna, anbiguotasuna, ustekabea, zalantza, beldurra.... Horrekin guztiarekin bizi gara, eguneroko bizimoduan denak estaltzen saiatzen bagara ere. Lasaitu egin behar dugu, sentsibilitatea landu eta sentsazioen aurrean jarrera irekia eduki. Artea deszifratzeko premia obsesibo hori baztertu, eta gauzei sortzen utzi behar diegu.

Nola hartu dute filma militantzia kide izandakoek?
Denetarik egon da, besteak beste, pelikula espektatiba jakin batekin ikustera joan eta frustratuta atera den jendea, euskal gatazka zer den bere osotasunean kontatuko nuela pentsatzen zuelako. Nik hasieratik utzi nuen oso argi ez zela hori, baina oraindik kontatzeko asko dagoenez, eta tamalez hain gauza gutxi egin direnez horrela, lehen pertsonan kontatuta eta, zerbait ateratzen denean jendeak horri heldu nahi dio. Beraz, frustrazio horiek ere iritsi zaizkit, baina gehiago pelikulak alde batetik edo bestetik ukitu dituen pertsonak.
Sari asko irabazten ari da. Zer dakarkizute zuri?
Ez nuen sekula uste izan pelikulak sariak izango zituenik. Lehena, Doclisboa jaialdikoa izan zen, eta sari nagusia jasotzea oso gauza handia izan zen, 918 gau film umila delako, oso gutxirekin egindakoa, oso aurrekontu eta talde txikiekin. Gero, beste sari batzuk etorri ziren, Torinokoa, adibidez. Bertako sail ofizialean, nire erreferenteak zeuden: Dora García, Vincent Meessen... Horiei irabaztea sekulako sorpresa izan zen! Sariek, batetik, pelikulari on egiten diote, baina, bestetik, sekulako zama jartzen diote, oso pelikula xumea delako. Dena orekaz bizitzen saiatzen naiz, saria jasotakoan oso gora joan gabe eta ematen ez didatenean oso behera erori gabe.
Izan duzu zirkuituetatik kanpo geratzeko beldurrik, politikagatik?
Pentsamendu hori izan dut, bai, baina une honetan halako pelikula bat kontu politikoengatik ez sartzea... Pentsatu nahi dut, halaber, jendartea gero eta irekiago dagoela: Maixabel Zinemaldian egon zen eta, fikzio konbentzionala izan arren, egurra jaso zuen. Bi aldeetatik, edo alde askotatik, etorriko dira gauzak; hala behar du, munduko gatazka guztietan pasatu da: behin gatazka neurri batean desagertuta, askotan bertan egon izan direnek eta beste askotan haien ondorengo belaunaldiek gertatutakoaren interpretazioa egiten dute. Zein aldetatik datorren baino, begiratu behar dugu ea lan horrek gauzak pentsatzeko edo egoera batzuei irudiak eta hitzak jartzeko aukera berriak irekitzen dituen. Maixabelek pentsatzeko hainbat alor garrantzitsu ireki zituen: damua zer den, nondik datorren, barkatzea zer den... gauza horiez guztiez hitz egin beharra dugu. Alde batetik zein bestetik etorri, halako narratibak oso beharrezkoak dira.
Politika aktiboa utzita, orain zinema erabiltzen duzu militantzia politikoa egiteko?
Zinema eta beste gauza batzuk. Militantzia eredu zehatz baten oso mendekoak izan gara. Inkontzienteki, XX. mendeko militantziaren iruditeriarekin lotu dugu: oso maskulinoa, beti aktiboa, zalantzarik gabea, kalea, ekintza... Ni, orain, ez nago modu horretan, baina militantziatik ikasi ditudan balio asko ditut nire bizitzan. Zinema egitean, adibidez, taldean elkar zaintzen dugu, kide gehienak emakumezkoak izan dira, pelikula euskaraz egin dugu, gauza batzuei ezetz esan diegu printzipio batzuengatik... Hori, edo kultur elkarte batean modu asanblearioan parte hartzea, jarrera militantea edukitzea da. Gero, jakina, beste egoera edo une batzuetan, aktiboki hartu beharko da parte, kalean, bileretan eta abarrean, hori ere oso garrantzitsua baita aurrera egiteko.
Nondik datorkizu zinemarekiko zaletasuna?
Militantzian buru-belarri nenbilenean, bizitzako esparru asko horrekin beteak nituen, beste gauza batzuk azken lerroan utzita: txikitatik idazten nituen bertso paperak, lehiaketak irabazi ere bai, olerki errezital talde bat ere antolatu genuen... Kartzela ustekabean gertatzen den geldiunea da, baina ez oporraldia: aurreko bizitza gelditu eta beste bat hasten da, oso gogorra. Badakit askori orduan sortu zaiela idazteko edo irakurtzeko zaletasuna, baina prebentiboak ginelako edo, beti tentsioan eta bost espetxetatik pasatuta, ni shock egoeran bezala egon nintzen, eta ez zitzaidan garai hartan sortu pelikula egiteko gogoa. Atera nintzenean, ordea, zinemaz asko zekien pertsona garrantzitsu bat ezagutu eta bat-batean oso modu indartsuan konektatu nuen esparru horrekin. Historia karrera amaituta, Bartzelonara joan nintzen Dokumental Sortzaile ikasketak egitera.
Zergatik dokumentalak eta ez fikzioa?
Nire kasuan, askoz ere errazagoa zen dokumentalak egitea, fikzioak talde eta aurrekontu handiak behar dituelako, denborak eta prozesuak asko luzatzen direlako... Bideragarritasun kontua izan zen, dokumentala lagunekin eta aurrekontu murritzarekin egin nezakeelako. Beraz, hortik hastea pentsatu nuen. Fikzioa ere egin daiteke oso modu apalean, baina exijentzia maila askoz ere handiagoa da.
Eta ez zaitu tentatzen?
Bai, asko! Badut zerbait buruan, ez dakit zer aterako den, baina 918 gau filmeko eszena batzuk fikzioa balira bezala grabatu genituenez, probatu nuen pixka bat. Hortaz, hurrengoan fikziorantz joko dudala uste dut, doktoretza amaitu eta gero. Hori egindakoan ekingo diot proiektu berriari. Ezin dizut gehiago esan, oso gauza lausoa baita, kar-kar!
Iruindarra izanda, nola bizi duzu zure jaioterriko erakundeen euskararekiko jarrera?
Pelikula egin aurretik, Hiriartea proiektua koordinatzeko plaza atera nuen Iruñean. Udal gobernua aldatu zenean, Navarra Sumak egin zuen lehen gauza egitasmoa eta nire plaza bertan behera uztea izan zen. Arrazoi asko zeuden erabaki horren atzean, baina bat euskara izan zen, ezin zutelako onartu euskara, izenetik bertatik hasita, presente zuen kultur proiekturik. Dena den, hori adibide txiki-txiki bat besterik ez da, zonifikazioa ere hor dago... Instituzioak alde batera utzita, ordea, errealitate sozial eta kultural berezia dago. Donostian, bizita, Iruñeko euskal komunitatearen falta nabaritzen dut, han euskararekiko sentipena oso anitza delako, gauza asko eta askotarikoak egiten direlako euskaraz, maila kulturalean zein politikoan.
Bi arrazoi euskara ikasteko?
Niretzat, amaren ibilbidea erreferentea da. Erriberan jaioa, Milagron, AEKn euskara ikasi, eta Txantreako AEK-ko irakaslea izan zen. Horrelako pertsonek egindako bidea balioetsi egin behar dugu, posible dela erakusten dutelako. Bestalde, euskara da gure altxor, baliabide eta komunikatzeko modu berezi eta onena.

KOLKOTIK

Zenbatero joaten zara zinemara? Bi astean behin, gutxienez. Batzuetan, gehiagotan.
Askotan ikusi duzun filma? Wim Wenders-en Der Himmel über Berlin.
Irten zara inoiz zinema aretotik filma bukatu aurretik? Behin bakarrik, Zinemaldiko sail ofizialeko pelikula argentinar batetik.
Inoiz Oscar sariren bat lortuko bazenu, nori eskainiko zenioke? Gurasoei.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzean? Zahartzen ari den norbait, kar-kar!
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Lanean, ahal delarik kultur esparruan eta, ahal dudanetan, filmak egiten.
Biharko egunkarian ikusi nahiko zenukeen albistea? Artearen diziplina guztietan diharduen jendeak soldata izango duela.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Gazta.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Arnasketa abdominalak.
Larunbat gauerako planik onena? Afaria lagunekin, ordu mugarik gabe, luze jo dezakeena.
Eta igande arratsalderako? Zinema.
Autoan, irratia ala musika? Irratia.
Zerk galarazten dizu loa? Nire pentsamendu obsesiboek, oso larriak izan ez arren.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Gauza askok, kar-kar! Adibidez, zineman, ondoan norbaitek arnasa oso sakon hartzeak.
Zerk ematen dizu lotsa? Jendaurrean jarduteak. Ezingo nintzateke aktorea edo dantzaria izan.
Bizitzako plazer txiki bat? Mendi buelta bat.
Zinemagile izateak daukan gauzarik onena? Lan handia eskatzen duenez, pelikula bat bukatu ondotik sentitzen den plazera.
Eta txarrena? Fisikoki eta mentalki oso gogorra dela, presio handia dagoelako.
Esaldi batean, edo bi hitzetan, nolakoa da Arantza Santesteban? Sua, kar-kar! Ez berotzen eta argitzen duen sua, baizik eta piztu eta kontsumitu ibiltzen dena, gora eta behera beti.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.