UDANE JUARISTI (Azkoitia, 1985) da Udatxo margolaria. Koadroez gain, horma irudiak ere pintatzen ditu, argazkietan oinarrituta. Street Art 360 webguneak Udatxok Oviedon egindako lan bat munduko 100 onenen artean sartu zuen 2019an, 66. postuan. M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.
Txikitan ere gustuko zenuen etxeko paretak pintatzea?
Ipuin guztiak moztu eta zirriborratzen nituen, gerora hasi nintzen hormak margotzen. Arte Ederretan sartu bezain pronto egin nuen collagea nire logelako paretan, kristoren kaosa: irudiak, marrazkiak, txapelak, gorroak...
Nahiko azkar egin zinen ezagun. Argi zegoen benetako artista zinela edo zorte pixka bat ere behar da?
Arte Ederrak ikasten hasi aurretik ere egin nuen erakusketa bat, eta herrian lan txiki batzuk margotu nituen. Hasieran, poliki-poliki hasten zara, agian koadrotxo bat egiten etxe baterako; pixkanaka etortzen dira gero eta enkargu garrantzitsuagoak. Zortea izan dut, jendeari gustatu egin zaiolako nire lana, baina ez diot meriturik kendu nahi neure buruari: oso langilea izan naiz, eta beti saiatu izan naiz lanak erakusten eta mugitzen. Hortaz, bietatik pixka bat.
Zer esaten dizu horma huts batek?
Kalean etengabe ibiltzen naiz lekuak aztertzen, bai fatxada handiak bai interbentzio txikiak egiteko tokiak. Pasadizoan aurkitzen ditudan txokoak ikusi, eta ideiak bururatzen zaizkit. Orduan, argazkia ateratzen dut, noizbait zerbait egiteko; edo, fatxada handia bada, margotzeko baimena eskatzeko. Gauza txikiak egiteko ez dut eskatzen, baina beti egiten ditut abandonatutako fabriketan edo inorenak ez diren toki zaharretan. Asmoa da horiek berpiztea, beste bizitza bat ematea.
Zein duzu lanerako prozesua?
Koadroak eta muralak argazkietatik ateratzen ditut. Ez dakit asko argazkilaritzaz, baina gustatzen zait kalean nabilela gauzei, pertsonei... erretratuak ateratzea. Horiek bozetoak egiteko erabiltzen ditut, eta irudi batean hainbat argazkitako elementuak sartzen ditut. Adibidez, pertsonak, neuk ateratako argazki batetik; atzean ageri diren autoak edo tranbiak, berriz, argazki zaharretatik. Konposizioa egin ondoren, hurrengo pausoa pintatzea da.
Oviedoko horma irudia bultzada handia izan zen?
Boom moduko bat eragin zuen, oso polita izan zen sailkapen horretan azaltzea. Urtero egiten da eta sar zaitezke ala ez, mural ederrak egiten dituen artista piloa dagoelako. Neu ere gustura geratu nintzen lanarekin, fatxadak berak xarma handia zuelako: oso zaharra zen, eta testura eta pintura geruza asko zeuzkan. Gauza asko mantendu nizkion, ahal beste, horma ahal nuen gutxienarekin edertzeko.
“Arte urbanoa gero eta gehiago balioesten da”
“Horma irudiaren ezaugarria da efimeroa izatea”
“Gertatu izan zait murala, denborarekin, politago geratzea”
“Grafitia bandalismotzat jo ohi da, baina ez dauka zertan”
“Artearen zeregina emozioak sortzea eta mugiaraztea da”
“Euskara garrantzitsua da euskaldunok ezagutzeko eta garena ulertzeko”
Jaialdiak, ibilbide turistikoak... indarra hartzen ari da arte urbanoa?
Bai, gero eta gehiago. Euskal Herrian bertan ikusten dut udalek-eta muralen aldeko jarrera dutela. Lehen, halako ekintzak kanpoan bakarrik ikusten nituen, eta orain hemen ari da mugitzen. Oso aberasgarria da, artea ez delako eremu pribatuan geratzen, kanpora ateratzen da eta hor gauza asko aldatzen dira. Horma irudiek uste duguna baino gauza gehiago ematen diote jendeari, nork bere istorioak sortzen ditu horiek ikusita. Oparia da artea kalera ateratzea, publiko egitea eta denontzat izatea. Artea beti egon da barrera baten atzean bezala, jendeak askotan dio ez duela ulertzen. Bada, muralekin barrera hori puskatu egiten da, artea gertu du edonork. Gainera, jendeak prozesua ere ikusten du, nola egiten den, lan horrek ingurua nola aldatzen duen...
Zure lana denboraren poderioz hondatzeak ez dizu pena ematen?
Horma irudiaren ezaugarria da efimeroa izatea. Kanpoan lagatzen duzun unetik, gauza askorengatik aldatuko da: eguzkia, euria, fatxadaren egoera, gainean egindako zirriborroa... Onartu behar da epe jakin bat iraungo duela, eta denborarekin politago geratzea ere gertatu izan zait.
Grafitiak gustuko dituzu ala eraso moduan sentitzen dituzu?
Grafitiena beste arte mota bat da, artelanak dira eta besteak bezalaxe errespetatu behar dira. Gustatu egiten zait grafitien estetika, baina igual gutxiago ulertzen da, edozein lekutan egiteak polemika sortzen duelako jendearen artean. Nik neuk maiz sartzen ditut grafitiak nire koadroetan, argazkiak abandonatutako lekuetan-eta ateratzen ditudanean.
Eta norbaitek grafiti bat egiten badu zure lanaren gainean?
Behin edo behin gertatu izan zait. Grafitiak baino, zirriborroak. Grafitia bandalismotzat jo ohi da, baina ez dauka zertan. Azpimarratu egin nahi dut hori, grafiti hitza txarrera eramaten delako, baina ez da hala: grafiti egile asko oso onak dira eta kristoren artelanak egiten dituzte.
Zer eginkizun bete behar du arteak?
Nik neuk behar dut artea, berez sortzen zait pintatzeko beharra; eta jendearengan ere gauza positiboak pizten ditu. Egiten duenarentzat barrua husteko edo sentimenduak adierazteko modua da. Agian hitzez adierazi ezin dituzun mezu asko irudien bidez zabal ditzakezu, edo abestuz, edo dantzan. Eta jasotzen duenari zerbait mugitzen zaio barruan. Nik ezin dut bizitza emozio horiek gabe imajinatu. Hori da artearen zeregina, emozioak sortzea eta mugiaraztea.
Nolakoa da zure egun arrunt bat estudioan?
Lana beti da ezberdina. Orain, adibidez, pare bat horma irudi pentsatu behar dut; beraz, ordenagailuz bozetoak egin behar ditut. Koadro batzuk ere enkargatu dizkidate oparitarako; Donostiako Arteuparte galeriarako margo batzuk prestatu behar ditut; eta, iaz bezala, martxoan Madrilgo Justmad feriara joango naizenez galeria horrekin, harako lanak ere hasita dauzkat.
Margotzetik bizi zara. Asko kostatu zaizu hona iristea?
Ez, lasai egotea kostatu zait. Beti izan dut bide honetan jarraitzeko babesa, baina hasieran ez nengoen lasai, egunen batean lanik saltzen edo enkargurik jasotzen ez banuen zer egin pentsatzen. Halere, beti datoz lanak bata bestearen atzetik eta, hala ez bada, nire burua beti dago martxan, beti bilatzen dut zerbait. Orduan, lasaitasun horretara iristea kostatu zait, nire lana hauxe dela eta beste edozein bezalakoa dela konturatzea.
Nola lotzen dira artea eta merkatua?
Beti gustatu izan zait nire artea edonork erosi ahal duela pentsatzea, eta horretan saiatzen naiz. Baina galeria batean sartzen zarenean eta merkatua nola dagoen ikusten duzunean, derrigor igo behar duzu prezioa, zure lana estima dadin. Beraz, pixkanaka prezioa igo behar izan dut. Eta zenbat eta aurrerago joan, orduan eta gorago. Azkenean, hori norberaren esku ere badago. Dena den, nire koadroek 2.000 euro balio badute, beti saiatzen naiz beste gauza batzuk egiten, merkeagoak, originala erosi ezin duenarentzat. Ez da erraza, azkenean merkatuak agintzen duelako, baina beti ahalegintzen naiz horretan. Batzuetan gaizki pasatzen dut, eta prezioak jaisteko joera ere izan dut.
Zure lanetik zer gustatzen zaio gehien jendeari?
Paisaia urbanoak, asko. Gai ugari jorratu ditut, baina estetikoki beti eduki dut ezaugarri urbano hori: kaleko giroa, jendea motxilekin, autoak, bizikletak, tranbiak... horiek dira nire betiko eszenak. Gai organikoa ere hasi naiz lantzen: loreak, abstraktura jotzen duten pintzelada batzuekin... Zenbaitek esan didate hori gehiago gustatzen zaiela; beste hainbatek, ordea, hor ez dutela betiko Udatxo ikusten. Denetik dago.
Gorde duzu zeuretzat saldu nahi ez duzun margoren bat?
Nire lan guztiak atsegin ditut, neureak dira eta denak maite ditut gehiago edo gutxiago, baina orain beste era batera ikusten ditut. Ezin ditut denak niretzat gorde: mordoa bilduko nuke eta ezingo nintzateke hortik bizi. Halere, etxean badaukat hasierako bat. Oraingo lanekin alderatuta, nahiko koadro iluna da, oso oinarrizkoa, elementu gutxirekin... Orduan asko gustatu zitzaidan, berezia zen niretzat, unibertsitateko garaian margotu nuelako edo oroitzapenak ekartzen zizkidalako. Garai hartan ez nuen saldu nahi izan eta hortxe geratu da.
Herriko euskara oso presente dago zure margoetan, Ibilixen (ibilian) izeneko erakusketa ere egin zenuen...
Asko estimatzen dut nire herriko hizkera, nire nortasuna da. Behar denean, ez daukat inongo arazorik batua erabiltzeko, gauza positiboa da; dena den, ahal badut, neure hizkera azkoitiarrari eusten diot. Beste herri batzuetako hizkera entzutea ere gustatzen zait, oso aberatsak iruditzen zaizkit euskarak dituen hitz eta doinu ezberdinak, herri bakoitzean nola aldatzen den hitz egiteko era... Hori ezin da galdu.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Hizkuntzarik gabe oso zaila delako herritarrekin harreman ederra izatea, herri baten nortasuna da. Euskara garrantzitsua da euskaldunok ezagutzeko eta garena ulertzeko. Euskara altxor aparta dela begi-bistakoa da, hizkuntzarik zaharrenetakoa, biziraun duena, nahiz eta hizkuntza gutxitua izan. Beraz, euskaraz hitz egitera animatzen dut jendea. Zaila da, beste ezeren antzik ez duelako, baina aldi berean sorpresa asko ditu aztertzen hasten zarenean.
KOLKOTIK
Gogoan duzu non egin zenuen lehen erakusketa?
Azkoitiko Torre Zuri aretoan, unibertsitateko ikaslea nintzela.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Kar-kar! Neu!
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Arrautzak eta patatak.
Ondo konpontzen zara sukaldean?
Ahalegintzen naiz, bai!
Zer ateratzen zaizu primeran?
Patata tortilla. Oinarrizkoa, e?
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Minbizia eta beste gaixotasun degeneratibo batzuk sendatzeko behin betiko irtenbidea aurkitu dutela.
Larunbat gauerako planik onena?
Lagunekin irten, pote bat hartu, zerbait afaldu eta berriketan jardun.
Eta igande arratsalderako?
Antzezlan bat ikusi, erakusketaren bat, zinemara joan... kultura.
Zein margolani begira emango zenituzke orduak?
Adibidez, Sorollaren erakusketan orduak eman nituen.
Ikusle moduan gogokoen duzun museoa?
Bilboko Arte Ederren Museoa ondo dago.
Zerk ematen dizu lotsa?
Jendearen aurrean hitz egiteak, bastante.
Zerk ematen dizu amorrua?
Enpatia faltak.
Zure bizitzako leloa?
Momentu bakoitzean ahalik eta zoriontsuen bizitzea.
Bizitzako plazer txiki bat?
Bazkalondoko lo kuluxka.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Margotu edo musika entzun.
Non marraztuko zenuke horma irudi bat?
Leku askotan, baina New Yorken, adibidez.
Eta zer marraztuko zenuke?
Une honetan, zapatila erraldoiak, agian.
Zergatik Udatxo?
Laburra delako eta tx horrek euskara erakusten duelako.
Labur, nolakoak da Udane Juaristi?
Bada... sentibera eta pertsona ona.