ITZIAR ITUÑO MARTÍNEZ aktoreak (Basauri, 1974) mundu osoko milioika jarraitzaile ditu sare sozialetan, baina beti dago etxera itzultzeko prest. Bilboko Aste Nagusiko pregoilari ibili berri denez, AIZU!-k jaiak hasi aurretik harrapatu zuen. M. Egimendi. Argazkia: Mikel Martinez de Trespuentes.

Pozik zabiltza Euskal Herrian lanean?
Bai! Juanma Bajo Ulloaren El mal filma grabatzen ari gara Gasteizen, etxe ondoan! Elvira naiz, protagonista, sekulako erronka. Oso istorio zorrotza da, argi-ilunez betea, sakona. Hausnarketa handia egiten du gaiztakeriaren gainean, noraino den zilegi, morala edo moden araberakoa... Grabazioa urrian amaituko dugu, eta oso pozik nago.
Zenbateraino aldatu dizu bizimodua La casa de papel telesailak?
Mugarria izan da zentzu askotan, onerako eta txarrerako. Lehen, motxila hartu eta bidaiatxo bat egitera joan ahal nintzen, banku batean jarri eta inork ez zuen nigan erreparatzen. Orain, ez da posible: bat-batean ezagun bihurtu naiz eta kostatu egin zait ospeari neurria hartzea. Horretan nabil, zertan datzan ulertzen eta neure burua babesten, gauza zatarrak ere ailegatzen direlako. Onerako ere aldatu zait bizitza: proiektu gehiago heltzen zaizkit, aukeratu ahal dut. Hori luxu handia da aktoreontzat; gainera, asko ikasi dut eta gero eta gehiago ikasten ari naiz. Pozik nago egindako beharrarekin, eta oso eskertuta nagoen lekuan nagoelako.
Baduzu lanik El mal bukatzen duzunerako ere?
Bai, ez da oso paper handia, baina El cuco de cristal telesaila egingo dut Netflixentzat. Caceresen eta Madrilen grabatuko dugu azaroa eta martxoa bitartean. Eta baliteke 2025ean musikal bat euskaraz, agian bizkaieraz, egiteko proiektua sortzea. Izugarri maite ditut musikalak txikitan Singin' in the Rain ikusi nuenetik!

Gogorra da sare sozialetan milioika jarraitzaile izatea?
Oso gogorra! Batzuk jatorrak dira, baina beste batzuk arriskutsuak, edo erabat pitzatuta daude. Oso bortitzak ez, baina izan ditut arazoak: jendea nire bizitzan sartzea, etxeko atarian zain egotea... Gehienak, emakumezkoak. Batetik, halakoak direlako kultur kontsumitzaile gehienak. Baina, bestetik, telesaileko nire pertsonaiak tratu txarrak jasan zituen senar ohiarengandik, bere amak alzheimerra du, arazoak ditu alabarekin... Bada, arazo horiek sufritu dituzten emakumeak hurbiltzen zaizkit, baina pertsonaia hori fikziozkoa da, nik ezin diet lagundu. Jende askok ez du hori ulertzen. Erreferente behar handia dago, jende asko mugitzen da idoloen eta liderren atzetik, haiek egiten duten guztia ontzat emanez. Norberaren bizitza hankaz gora badago, agian nahiago dute beste batena bizi, baina norberak izan behar du bere bizitzako protagonista, bere argia bilatu eta aurrera! Zaila da, erraz esaten da, baina zenbat kalte egin digun sistemak buruan!

“Bat-batean ezagun bihurtuta, kostatu egin zait ospeari neurria hartzea”

“Erreferente behar handia dago, jende asko dabil idoloen eta liderren atzetik”

“Sakon-sakonean, opari lez hartzen ditut nire aurka sortzen dituzten polemikak”

“Nire iritziak publikoki adierazteagatik lan kontratuak galdu ditut”

“Kezkatuta nago, nerabe batzuen artean euskararekiko amorrua nabaritzen dut”

“Sustapena ez da diruz bakarrik egiten: sinestea falta da, eta konplexu asko daude”

Politikoki pertsona konprometitua izateagatik ere hainbat ika-mika sortu dizkizute. Nola kudeatu horiek?
Duela urte batzuk ere gertatu zitzaidan aurtengoaren antzeko polemika bat. Oso gogorra izan zen, ez nengoen ohituta horrelako jazarpena eta irainak pairatzen. Oso txarto pasatu nuen, baina gero maitasun olatu ikaragarria jaso nuen. Orduan, egun oso bat eman nuen negarrez, hunkituta. Oraingo honetan, kasurik ere ez, baina berriro etorri zen elkartasun olatua eta berriro negarra, baina eskertuta, maitatua sentitu nintzelako. Sakon-sakonean, opari lez hartzen ditut. Eraso egiten dizute, zure iritzien aurka, aurrerantzean ez dezazun lanik izan... eta kontrakoa lortzen dute. Maitatua sentitu naiz, neure herrian baino harago: La casa de papel-en jarraitzaile askok ere babestu ninduten. Halere, beldurra ere pasatu nuen: La deuda grabatzen ari ginela Madrilen, kalean, motorrean pasatu zen morroi batek irain piloa bota zidan. Grabaketa amaitutakoan, Daniel Guzman zuzendari eta aktorea besarkada bat ematera eta gertatutakoa sentitzen zuela esatera etorri zitzaidan. Hori geratuko zait gogoan. Dena den, kezkagarria da ezer aldatu ez izana: zentsura, sorgin ehiza... Ondo ezagutzen dugu euskaldunok; eta emakume euskalduna bazara, are gehiago. Halere, aurrera egiten dugu!
Ez zara lan aukerak galtzeko beldur?
Galdu ditut. Lleidan saria jaso, Sarri, Sarri kantatu, eta bi egunera bertan behera geratu zitzaidan guztiz itunduta zegoen lan kontratu bat. Telebista kate batzuekin gertatu izan zait, baina plataforma handiak kontu horien gainetik daude eta lana eskaintzen jarraitzen dute. Beraz, pozik: ez zait lanik falta, ezta Euskal Herrian ere.
Euskararen alde ere agertu izan zara askotan, zelan ikusten duzu egoera?
Kezkatuta nago. Nik ikasi nuenean, euskaltegira joaten ginenok gogotsu joaten ginen, ez gaur bezala titulu baten bila. Gazteriak ere kezkatzen nau. Eskola askotan ibili naiz eta Bizkaia aldean, behintzat, kalera irten bezain pronto gaztelaniaz hasten direla ikusi dut. Harritu ere egiten nau, nerabeen artean amorrua nabaritzen dudalako, kostatu egiten zaie. Hurrengo belaunaldia euskalduna izatea bermatuta genuela uste nuen, baina ez. Ez dakit zein den konponbidea, baina apurtxo bat atzera egin dugula iruditzen zait. Gauza bat da jakitea, baina plazara ateratzen ez baduzu, zelan biziko gara besteok euskaraz? Orain arte iraun badugu ere, oraindik arriskuan gaude. Nahiz eta, bueno, hainbatetan egon garen arriskuan eta beti egin izan dugun aurrera.
Zuk euskara AEKn ikasi zenuen. Bi arrazoi euskara ikasteko?
Bat, euskal mundua sustraietatik ezagutzeko. Ni oso euskaldun sentitzen nintzen gaztelania hutsean, baina euskara ikasi nuenean mundu oso bat zabaldu zitzaidan, hobeto ulertu nuen herri hau. Bigarrena, oso hizkuntza exotikoa dugula: bakarra munduan, rara avis bat. Ezin dugu hiltzen utzi! Loreak filma AEBetan estreinatu zenean ere, hango egunkari prestigiotsu batek hizkuntza exotiko batean egina zela esan zuen.
Zineman toki eskasa du oraindik euskarak. Interesa falta da?
Interesa egon badagoela uste dut, dirulaguntzak ere badaude, baina uste dut erakundeek ez dutela guztiz sinesten eraldaketa geure hizkuntzatik egin daitekeenik. Hemen gaztelania dela nagusi ikusten dute, eta garrantzitsuagoa zaie euren mezua zabaltzea geure hizkuntzan botatzea baino. Zenbat film egiten dira euskaraz hemen? Urtean hiru? Halere, euskal zinema, aurrekontu txikiekin bada ere, aurrera atera da, baina ez da nahikoa. Plataformetan ere borroka handia dago egiteko, hor dabiltza Pantailak Euskaraz eta. Txikiak gara, eta geure tokia lortzeko borrokatu behar dugu, baina aldatuko dira gauzak, badut itxaropena. Niri lana euskaraz eskaintzen badidate, ziur egingo diot lekua, Faisaien irla filmari bezala, euskara garrantzitsua delako niretzat.
Donostiako Zinemaldiak egin lezake gehiago euskal zinema bultzatzeko?
Rebordinos ezagutzen dut eta badakit zer jarrera duen, aldekoa erabat, baina filmak aukeratzeko irizpidea kalitatea dela esan zidan, ez hizkuntza. Nazioarteko jaialdia da eta epaimahaikideak leku guztietatik etortzen dira. Ez dakit gehiago egin ahal duen: bertoko jaialdia izan arren, espainiarra dirudi, horrela saltzen dute. Ez dakit oso ondo sosak nondik datozen, horrek ere izango du zerikusia ziurrenik. Noizean behin zortea dago, euskaraz harribitxiak egiten direlako: Handia, Loreak, orain Asier Altunaren Karmele... Hemen badago kalitatezko zinema, baina diruz eskas bazabiltza, ahal duzuna egiten duzu.
Nolako politika egin beharko lukete erakundeek?
Sustapena oso garrantzitsua da. Euskal Herrian bi film egiten badituzu, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, eta lehenengoa asko bultzatzen baduzu, badakizulako hemengo jende gehienak horrela ikusiko duela, eta besteari kasu apurtxo bat egiten badiozu, gure hizkuntzan egina delako, baina ez aurrekoari bezainbeste... Hori askotan gertatu da, bai zineman bai telebistan, eta alderantziz izan beharko luke. Zein da zure berezitasuna? Hizkuntza! Beste guztia oso globala da, hizkuntzak bereizten gaitu, hori bultzatu behar da. Birplanteamendu sakona beharko litzateke, epe luzerako helburuekin, euskararen presentzia munduan eta etorkizunean bermatzeko. Hori ez da diruz bakarrik egiten: sinestea falta da, eta konplexu asko daude.
Zeu animatuko zinateke filmen bat egitera?
Animatuko nintzateke, badut ausardia, kar-kar! Ingot musika taldean ere banabil, eta duela gutxi kanta baten bideoklipa idatzi eta zuzendu dut. Lau bat minutu iraungo duen arren, lan ikaragarria izan da! Auzolanean egin dugu, lagun artean: jantziak Agintzari dantza taldekoek utzita, hemengo neskatila batek hartu du parte, baita lagunek eta amak ere... Oso pozik nago, irailean argitaratu nahi dugu, baina hain gauza laburrak horrenbesteko beharra eman badit, zer izango ote da film bat egitea?! Aktoreak zuzentzen ausartuko nintzateke, uste dut badudala horretarako gaitasuna; egitea, ordea, beste kontu bat da. Eta, gidoiak idazteko, orain ez dudan denbora behar da, baina nahiko nuke film laburtxo bat sikiera egin, probatzeko.

KOLKOTIK

Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria? Israel Palestinatik aterata, berreraikuntza lanak hasi direla mundu osoaren laguntzaz.
Gustuko aktorea? Aitziber Garmendia eta Ramon Agirre.
Zuzendari bat? Agurtzane Intxaurraga.
Gustuko duzun musikaria edo musika taldea? Fermin Muguruza, Olaia Intziarte... Eta Zea Mays!
Aktorea ez bazina, zer? Igual, dantzaria... Gauzak eskuz egitea ere gustuko dut. Artista ez bada, artisaua, kar-kar!
Zerk kentzen dizu loa? Lanak, estresak eta maite ditudanekin penak edukitzeak.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Arnasa sakon hartu. Meditatzen ikasi dut eta on handia egiten dit.
Larunbat gauerako planik onena? Poteoa lagunekin, berbetan, barrezka eta, ahal bada, dantzan.
Eta igande arratsalderako? Antzerkia, zinema edo kontzertutxo bat. Edo film bat etxean, mantapean.
Baduzu animaliarik etxean? Ez. Bi kateme izan nituen, lagun batek esan zidan arte hori animaliak preso edukitzea dela.
Zer janari ez da falta inoiz zure etxeko sukaldean? Arrautzak, patatak eta entsaladarako tomatea.
Nola moldatzen zara kozinatzen? Ez dut askotan egiten, baina nahiko txukun.
Zer ateratzen zaizu oso ondo? Patata tortilla eta bizkotxoak egiten ez naiz txarra.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Batzuetan, begi zuloak, zimurrak, ile urdinak... baina ez nago hain txarto, aurrera!
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Beldurra ematen dit pentsatzeak, baina nahiko nuke lan apur bat egin, lagunekin disfrutatu...
Bizitzako plazer txiki bat? Amarekin kafea hartzea.
Nor da zuretzat heroia? Gurasoak. Eta lagun bat, Txemi, sekulako lezioa eman zidan iaz hil aurretik.
Labur, nolakoa da Itziar Ituño? Oso lotsatia izan arren, oholtzara igotzen ausartu den pertsona alaia.

 

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.