JOSEBA ARGIÑANO (Zarautz, 1985) gozogilea eta okina da. Abizenak salatzen du zein familiatan jaio zen: aita, sukaldari famatua; izekoa, gozogile ezaguna. Haiek bezala, telebistan ateratzen da (Sukalerrian, ETB1), eta dagoeneko liburu bat kaleratu du. M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.

Aurrekari horiekin, ezinbestean izan behar zenuen sukaldaria?
Ezinbestean ez, baina bide errazagoa izan, bai, noski. Egia esan, gaztetan, etxean “arre” denean, zuk “so” nahi duzu. Mekaniko edo suhiltzaile izan nahi nuen, baina ez nintzen oso ikasle ona, eta etxean gastronomia mundurako ateak irekiak nituen: hasi, eta asko gustatu zitzaidan, horixe ikasi nuen eta bertan geratu nintzen.

“Pottoken artean, beste animalia bat sentitzen naiz, lurrari lotua”

“Ohore handiz daramat abizena, zoriontsu”

“Txiki-txikitatik sartzen digute lehia, gatazkak ikusle kopurua handitzen du”

“Sukaldaritza saioak oso baliagarriak dira buruhausteak argitzeko”

“Pena sukaldaritza saioak ezin direla etxetik usaindu!”

“Ia nahi gabe ateratzen zaizkigu liburuak, lantaldean”


Abeltzain izan zintezkeen? Pottokak hazten dituzu...
Aitaren baserrian, anaia batzuk baratzean ibiltzen ziren; beste batzuk, larrea mozten; eta ni, animaliekin. Beti eduki dut oso harreman ona haiekin, beraz, lursail bat eta pottokak hartu nituen. Orain, maiteminduta nago, oso gustura eta gozatzen. Zergatik pottokak? Bada, bertako arraza delako, arriskuan dagoena, eta oso baserrikoak direlako. Gure landetan oso ondo egokitzen dira. Lan handia emango dutela dirudien arren, landa nahiko handia denez, libre bizi dira. Hortaz, haiek gustura eta ni ere bai.
Erleak ere badauzkazu...
Bai. Ardiek, txakurrek... eguneroko lana eskatzen dute, egunero egon behar da haien gainean; erleek, aldiz, askatasuna ematen dizute. Hilean behin edo bitan bisitatu eta eskatzen dutena eman, une oro gainean egon behar izan gabe. Leonera (Espainia) asko joaten naiz, bikotekidearen familiak erleak ditu han, eta bertan sartu zitzaidan harra. Hobbya da, bost erlauntza dauzkat, batzuetan birekin geratzen naiz, edo udaberrian biderkatu eta sei/zazpi eduki ditzaket. Hortxe ibiltzen naiz, liztorrekin borrokan. Oso polita da, baina baita gogorra ere, gauza asko dituztelako aurka. Dena den, hor nabil, gustura eta gozatzen. Etxerako adina ezti ematen digute, propolia ere bai. Gure elikaduratik olio, irin eta azukre birfinduak kendu beharko genituzke ahalik eta gehien. Askoz hobeto biziko gara produktu naturalak jaten baditugu.

Animalia horiek erlaxatzeko balio dizute?
Bai, pottokek eta erleek zeure tokian jartzen zaituzte. Presaka zoazenean, atzerapausoa egiten duzu. Lasai joan behar duzu. Erleekin, adibidez, hauspoa ondo piztu, trajea jantzi, protokoloa lasai bete... Ez du balio arrapaladan ibiltzeak. Pottokekin, berdin, larre batetik bestera mugitu, inoiz makilarik erabili gabe, ogi pusketa batekin, patxadaz... 10 minutuan egiten ez bada, 50ean, lasai. Haien artean, beste animalia bat sentitzen naiz, lurrari lotua. Hor burua asko askatzen zait.
Nola daramazu “Karlos Argiñanoren semea” izatea?
Egia esan, oso ondo. Niretzat ohorea da Argiñanotarra izatea. Ez dakit zer izango nintzen bestela, halaxe jaio, hazi eta hezi naiz. Ohore handiz daramat abizena, zoriontsu, eta harro nago horregatik.
Zuk, baina, izeko Evaren bidea hartu zenuen. Gozozalea zarelako?
Gozozalea banaiz, baina gero eta gutxiago. Orain, mikatza, garratza eta mina gehiago gustatzen zaizkit txikitan baino. Egia esan, bizimoduak eraman ninduen horretara. Sukaldaritza ikasi eta kanpoan lanean aritu ondoren, Argiñano jatetxean hasi nintzen. Han, izeko zen etxeko gozogilea, baina Aiala sukaldaritza eskolara joan zen irakasle eta Argiñanon hutsunea sortu zen. Negu oso bat eman nuen harekin bertako ogiak, pastelak, turroiak, izozkiak, bonboiak... egiten, harik eta errezeta liburua eman eta hau esan zidan arte: “Joseba, errezeta hauek zuretzat dira, eta toki hau ere bai”. Orduan sartu nintzen buru-belarri gozogintzan eta sei bat urte egon nintzen bertan, neure gozotegia ireki nuen arte. Bizimoduak ekarri nau hona, gozatzen dut eta gustura nabil.
Karlos Argiñanoren saioa (Antena 3) eta zurea (ETB1) ordu berean ematen dira. Bada zuen arteko lehiarik?
Aitarenak izaten du beti ikusle gehiago, baina ni batzuetan bietan egoten naiz aldi berean, astean bitan zehazki. Dena den, lehia baino, elkar aberasten dugu, batak bestea elikatzen du. Horrela gertatu da, ez dugu guk aukeratzen non eta zer ordutan egon telebistan. Hala jarri gintuzten eta gu gurera: lan egin eta istorioa aurrera atera.
Master Chef saioari buruz, Karlosek esan zuen halakoek sukaldaritzarekin zerikusirik ez dutela eta lehiakideen arteko haserreak bultzatzen dituztela. Iritzi berekoa zara?
Daramagun bizimoduan txiki-txikitatik sartzen digute lehia, bai eskolan azterketak egiten hasten garenean bai herriko kiroletan edo eskolaz kanpoko jardueretan. Beti lehiatzen jardun behar dugula dirudi, eta, antza, telebistan ere horrelako zerbait gertatzen da. Badirudi jendeari liskarra gustatzen zaiola entretenitzeko. Master Chef saioaren arlorik handiena sukaldaritza da, Sukalerrian-en gauzarik garrantzitsuena gonbidatuaren elkarrizketa den bezala, baina gatazkak ikusle kopurua handitzen du eta hori dute helburu. Tira, jendeak ondo pasatzen badu, inor molestatu gabe, jarrai dezatela horrela.
Oraingoa Sukalerrian-en seigarren denboraldia da. Horrenbeste ikusle dago?
Hasieran, 30 saio eskatu zizkiguten, udarako. Primeran joan zenez, neguan jarraitu genuen, eta orain negu eta uda, uda eta negu, abuztuan atseden hartuta. Gastronomia puri-purian dago, telebistan mota askotako saio ugari daude, baina sukaldaritza denontzat da balekoa, mundu guztiak jaten du egunean bi, hiru, lau edo bost aldiz. Hala, jendeak ideiak behar ditu, eta aldi berean entretenitu; bitartean zer edo zer ikasten badu, bikain, ezta?
Baina zure saioaren aurretik beste bat dago ETB1en: Txoriene.
Bai, eta denok ditugu ikusleak. Zigor dago Txorienen, orain bikotekide finkoarekin, Jaione Mariezkurrenarekin, oso sukaldari ona. Oso bikote ona osatzen dute. Jendeak asko ikusten du sukaldaritza eta ikusle kopuruek datu onak ematen dizkigute. Ez dakit ez ote duten hirugarren saioa jarri beharko, kar-kar!
Zergatik uste duzu gustatzen zaizkiola hainbeste jendeari?
Oso aproposak direlako: denbora-pasa polita, eta telebistaren aurrean aldi berean zerbait ikasten duzu. Horrez gain, etxean beti daukagu kezka zer jarri, zer erosi, zer aldatu... horrelako buruhausteak argitzeko oso baliagarriak dira. Gainera, jateko zerbait prestatzen ikustean, denok jartzen gara lerdea ahoan, horixe jateko gogoz. Pena ezin dela etxetik usaindu!
Zergatik dira saio gehienak gizonezkoenak?
Emakumezkoek izan dute protagonismo handiena etxeko ia sukalde guztietan, baita jatetxeetan ere. Haiek eraman izan dute beti sukaldea aurrera, baina dominak gizonezkoek jantzi dituzte. Orain, zorionez, Txorienen emakume bat dago; ETB2n, Gabriela Uriarte; eta aitaren saioan, izeko Eba. Emakumeek gero eta presentzia handiagoa dute, eta gero eta handiagoa eduki beharko lukete. Nik uste pixkanaka orekatuko dela, hala beharko luke, behintzat.
Sukaldaritza eskoletan emakume gutxiago dago?
Gure eskolan, Aialan, ez nuke esango gizonezko gehiago dagoenik, nahiko pareko daude azkenaldian. Emakumeak oso finak dira, normalean txukunagoak eta zorrotzagoak gauzak egiten. Iruditzen zait gero eta gehiago egongo direla, eta gero eta gehiago miresten direla sukaldaritzan.
Liburua ere argitaratu duzu. Esperimentu asko egin behar dira horrenbeste errezeta osatzeko?
Ez dut esango nahi gabe ateratzen zaigunik, baina nik gozotegiko errezetak (40 kilo irin, 20 kilo gurin, bi kilo azukre...) txikitu egin behar izaten ditut telebistan prestatzeko. Astero ari garenez horretan, ia prest egoten dira errezetak liburua osatzeko. Gero argazkia ateratzen zaienez egiten ditugun platerei, urtearen amaieran nahi gabe prest duzu errezeta mordoa: aitak 500 errezeta berri, nik beste 200... Desberdinak denak, bakoitzari ukitu berezia ematen diogulako, ez errepikatzeko. Ia nahi gabe ateratzen zaizkigu liburuak, lantaldean. Aukeraketa ere egin behar da, baina aitak urtean prestatutako guztiak sartzen ditu liburuan, horregatik ateratzen zaizkio hain potoloak!
Cocina con Joseba Argiñano du izena zure liburuak. Hurrengoa, euskaraz?
Plazera izango litzateke hurrengoa euskaraz idaztea, ilusio handia egingo lidake. Hau gaztelaniaz da Estatu mailan lan egiten dugulako, urrutiago heldu ahal izateko, baina ez dizut esango ez denik euskarazko libururik etorriko.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Euskal Herrian bizitzeko ate asko irekitzen dizkizulako, eta harremanak herritarrekin hobeto egiten dituzulako. Nik beti diot aita euskaraz dakielako dagoela telebistan: bere garaian, sukaldaritza saio bat euskaraz egin nahi zuten, eta orduko lauzpabost sukaldari handik ez zekiten euskaraz. Aitak bai, eta horregatik aukeratu zuten. Hemen bizi nahi badugu, bertan komunikatu eta bertako ateak ireki, euskara da gure hizkuntza.

KOLKOTIK

Gabonetan zuen mahaian faltako ez den jakia? Zopa, horren haragiarekin egindako kroketak eta entsaladilla.
Gabonen osteko dieta? Barazkiak, zopa, lekaleak... kantitate txikiagoan. Eta gozorik eta koparik ez.
Saiatu arren, gustatzea lortu ez duzun jaki bat? Lehen, kaparrak, baina ikasi dut eta ikaragarri gustatzen zaizkit.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko sukaldean? Gatza, olioa eta baratxuria.
Nork egiten ditu enkarguak zure etxean? Natalik, bikotekideak.
Nork kozinatzen du zure etxean astegun buruzuri batean? Bazkaria, Natalik. Afaria, biok. Eta saiatzen gara umeek parte har dezaten.
Beste herrialde bateko sukaldaritza aukeratzekotan, nongoa? Perukoa. Oso nahasketa polita da, eragin asko dituelako.
Nolakoa zara txisteak kontatzen? Adibideak jartzen, ona. Txisteak kontatzen, txarra.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Kopeta handiagoarekin eta ileurdin, kar-kar!
Biharko prentsan ikusi nahiko zenukeen berria? Inork ez dago goseak munduan eta amaitu dira herrialdeen arteko borrokak.
Nor da heroia zuretzat? Familia.
Bizitzako plazer txiki bat? Bikotekidearekin eta seme-alabekin gosaltzea, eguna ondo hasteko.
Zerk galarazten dizu loa? Munduan hainbeste gose eta gerra egoteak, ez dut ulertzen.
Zerk ematen dizu amorrua? Gure zaborrak ez birziklatzeak: errekak zikintzea, mendian denetik botatzea...
Eta lotsa? Gauza gutxik, kar-kar! Lapurtzeak, adibidez.
Larunbat gauerako planik onena? Lasai afaldu eta azkar lokartu, igandean fresko esnatzeko.
Zure bizitzako leloa? Ondo pasa eta ez pasa!
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Batzuetan garau bat, beste batzuetan poro bat, edo bizarra moztu behar dudala, kar-kar!
Bi hitzetan, labur, nolakoa da Joseba Argiñano? Xilbestrea.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.