IÑAKI IGON GARITAONANDIA MURGIONDO ‘GARI’ (Legazpia, 1963) musikaz gainezka dabil: 27 urteko bakarkako ibilbidean sortutako 15 kantaren bilduma (Zuzenean 2022, Elkar) kaleratu berritan Maldanbera taldearekin, eta Hertzainak mitikoaren agurra prestatzen. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.
Nola doa Hertzainaken kontzertuen prestaketa?
Hainbeste urte pasatuta, ez da erraza hain errepertorio zabala eta lehen diskoetatik azkenekoetara dagoen soinu aldaketa lantzea. Gainera, kide bakoitzak oso bide ezberdina egin du; beraz, oso konplikatua izaten ari da hain mundu ezberdinak bateratzea. Kontuan izan, baita ere, taldea ez dela ordukoa. Josuk orain ezin du baxua jo, soinuarekin bakarrik aritzen da, eta horrek, sonoritate aldetik, beste mundu batera eramaten gaitu. Teknikoki ere tonu aldaketa piloa dago, nik orain ezin dut lehengo tonuetan abestu, bakarkako ibilbidean beste batzuk erabiltzen ditudalako. Txanpirekin ere lan ikaragarria egin dugu. Eta abiaduraz, zer esan!
Gasteizkoa, azkenean, nahi baino handiagoa?
Honelako proiektuetan sartzean, batetik, norberak ikusten duen argazkia dago; bestetik, ingurukoek ikusten dutena; eta gero, behin bidea hasita, argazkia eraldatzen doa. Gasteizko hasierako asmoa gauza intimoagoa egitea zen, baina ezinezkoa da. Bilbora duela urte batzuk etorri nintzenetik, nire ibilbidean garrantzitsua izan da oreka bilatzea eta, zarata handirik gabe, pauso txikiak egitea, ondo inguratuta. Hertzainakek, aldiz, nahitaez dakar desoreka ikaragarria norberaren egunerokoan, eta ni jada ez nago ohituta hainbeste elkarrizketa egin eta telefonoan hainbeste dei erantzuten. Garbi dut ez dela osasungarria niretzat, baina orain disfrutatzea tokatzen da, datorren urtarrilaren 6an amaituko baita guztia: istorio berezia Hertzainaken liburua behin betiko ixteko.
Zer pentsatuko zuen orduan taldeak ia 40 urte geroago Euskalduna bezalako lekuetan joko zuela jakinda?
Ordukoak beste esparru batzuk ziren, oso diferenteak, beste egoera bat zen. Garai hartan ez zegoen protokolorik. Adibidez, Bilboko La Casillan Hertzainak, Mikel Laboa, Oskorri, Zumetaren margoak agertokian proiektatuta, dena jendez gainezka, milaka lagun... Hori gaur egun ez da posible. Hertzainakek askotan abestu izan du "Euskadin rock and rollak ez du inoiz dirurik emanen", baina guk dirua sortzen genuen, gero guregana iritsi ez arren. Antolaketak beste modu batean egiten ziren, orain askoz ere profesionalizatuago dago guztia. Duela 40 urte, ez genuen hainbat galdera egiten, unea bizi genuen. Halere, oraindik hemen gaude, eta ez da gutxi.
40 urte agertokietan emanda, zelan dago erretiroa zuen belaunaldiko musikarientzat?
Oso inportantea da gai hau ondo aztertzea. Euskal Herrian, diruarekin konplexu ziztrin mordoa duen jende asko eta asko dago, eta ez esparru honetan bakarrik. Hertzainakek, edo edozein musikarik, bere lana egiten du, eta lan horren ondorioak txikiak edo handiak izan daitezke, baina lanaren ondorioak baino ez dira. Orain, musikak badu bere ukitu enpresariala ere; azken finean, musikariak langileak dira, ideia baten atzetik batzen direnak, ez diruaren atzetik, eta gai dira hainbat portutara iritsi eta portuotan etekinak disfrutatzeko. Gure kulturan, oso beharrezkoa da egitura profesional eta enpresarialak sortzea, ezin gara ibili beti konplexuen mende. Artista moduan, argi dut nire bidea txikia dela, neuk erabakitakoa, hori bai. Halere, beste artista batzuek erronka handiagoak dituzte, eta hori ere zilegi da. Inguruan kultura handiagoak ditugu, eta oso konplikatua da horren kontra borrokatzea gure kulturaren esparru hori beste modu batean sustatzeko. Horixe da gure errealitatea, ordea, horri egin behar diogu aurre, eta konplexuek ez digute batere laguntzen.
Zer ekarpen egin zion Hertzainakek euskal kulturari?
Orduko Gasteiz erdaldun hartan osatu zen taldeak euskaraz bakarrik abesteak badauka bere puntu berezi eta polita. Gainera, euskal kulturari beste leiho eta ate batzuk irekitzeko aukera eman genion, hortik haize freskoak eta zoragarriak etorri ziren, baita haize beroak eta xarmagarriak ere. Halere, euskal gizarteari eta kulturari astindua eman geniela azpimarratuko nuke: Gasteizen elkartutako bost kidek gaitasuna izan zuten Euskal Herri osoari astindu gogor eta zoroa emateko. Beste hainbat gauza ez, baina hasierako indar hura tinko grabatuta daukat memorian. Tsunamia izan ginen. Talde moduan, barnean genuen indar zoro hura errepikaezina da. Halako gauzak momentu berezi batzuetan gertatzen dira, eta kito.
“Orain, disfrutatzea tokatzen da: datorren urtarrilaren 6an amaituko da guztia”
“Hertzainak tsunamia izan zen”
“Musikalki, une ezin hobean nago”
“Euskara jakiteak hainbat kanta eder eta polit abesteko aukera ematen du”
“Euskal Herrian, diruarekin konplexu ziztrin mordoa duen jende asko dago”“Gure kulturan, oso beharrezkoa da egitura profesional eta enpresarialak sortzea”
RRVko taldeek gaztelaniaz kantatzen zutenean, zergatik zuek euskaraz?
Zer dakit nik! Ni Legazpitik nentorren eta han euskaraz kantatzen genuen, gehienbat adarra jotzeko, herrietako giroa oso itxia zelako: tradizioa, eliza, lege zaharrak, etxean ikusitakoak... guk horren kontra egiten genuen. Hertzainak jaio zenean, sortzaileen asmoa, ni sartu aurretik ere, argi zegoen: bazituzten zutabe edo printzipio oso inportante batzuk, eta bat hizkuntza zen, nahiz eta taldekideen artean Josu eta biok baino ez izan euskaldunak. Eta oso arrunta zen entzutea jendeak euskara ikasi nahi zuela abestien hitzak ulertzeko, jende pilo batek esaten zigun hori! Ez Euskal Herrian bakarrik: kanpora ere joaten ginen jotzera, eta harrigarriena zen Madrilen, Bartzelonan, Valentzian..., edo Europan zehar, beti agertzen zela baten bat euskara ikasi nahi zuela esanez.
Bi arrazoi gaur egun euskara ikasteko?
Batetik, euskara ez dela gure patrimonioa bakarrik, munduaren ondare ederra baizik. Ezin dugu euskara Euskal Herrira mugatu; fisikoki bai, baina hizkuntza honi eustea guztion lana da. Bestetik, hainbat kanta eder eta polit abesteko aukera ematen dizula.
Maldanberarekin kaleratu duzun Zuzenean 2022 diskoa etapa baten amaiera da?
Ez, inflexio puntua da. Kontuan hartu 27 urteko bakarkako ibilbidean oso zulo beltzak eta pasarte ikaragarriak egon direla. Inportanteena da gaur egun hemen naizela eta lan bat dagoela hor atzean. Ni zerotik hasi nintzen, oso garrantzitsua zen niretzat hori lantzea, horretan sinestea. Hortik elikatzen nintzen nire bideari eta bizitzari eusteko. Ordutik, denbora dezente pasatu da, zulo haietatik altxatu, bizitzari beste aukera bat eman eta, zorionez, beste bide batzuk ireki ditut. Eta, horiek landuta, musikari ofizioari eutsi, eta urte askotako eraldatze prozesua egon da, ezer itxi gabe. Musikalki, une ezin hobean nago, eta taldean ere ikaragarri ondo gaude. Bilbon sortu dudan sare moduko honetan, teknikariak, musikariak... denok osatzen dugu “familia” bat.
Nola egin duzu diskoan jasotzeko abestien aukeraketa?
Ez dut horretan parte hartu. Talde lana oso inportantea da, eta azken urteotan, horri esker, ibilbidea pixkanaka-pixkanaka zabaldu da. Gaur egun, niretzat ez da garrantzitsua diskoa, modu batekoa ala bestekoa, nola egin, baizik eta osatu dugun lantaldean sortzen diren harremanak eta sarea elikatzea. Finean, sorkuntza oso ondo dago, baita artistaren lana ere, baina gero eguneroko bizimodua dago, eta hori ondo elikatzen saiatzen gara, guztion artean. Ez dut inolako arazorik izan hautaketa taldekideen esku uzteko, ni dendari, nire negozioari, oso lotuta bainago. Askotan elkartzen gara, lan asko egiten dugu lokalean, eta bakoitzak badaki une bakoitzean zer ardura hartu behar duen.
Urteak dituzten kantak aldatu egin dituzu disko honetarako. Zer dela eta?
Musikariok oso aukera aberatsa dugu gure obretan edozein momentutan aldaketak egin eta beste bide bati ekiteko, edo guztia eraldatzeko. 27 urte hauetan, hainbat prozesu egin ditut, proba-porrota, proba-porrota, betidanik izan naiz oso artista ezegonkorra, ez naiz batere fidela izan neure bidearekin, baina putzu edo lokatz horietatik irten eta gero garrantzitsua izan da, pertsonalki eta artistikoki, bidea egonkortzea, buruan dabiltzan txoritxoei kapela barruan eustea, zoramen girorik gabe. Bai, aldaketak handiak dira kanta batzuetan, beste batzuetan ez, baina garrantzia eman diot disko honetan 27 urte horiek azaltzeari, hor islatzen den bizi prozesua azpimarratzeari. Izan dudan bizitza ikaragarria izan da, zentzu guztietan, nahiz eta une batzuetan faktura itzelak ordaindu. Harro ez dut esango, baina gaur egun uste dut ikasi dudala bizitza zer den, eta ez da gutxi.
Ba omen dituzu abesti berriak. Aurki beste disko bat?
Pandemian oso gaizki pasatu nuen, ez nuelako ezer sortzeko indarrik. Oso zentratuta egon nintzen denda aurrera ateratzen, eta adiskideen inbidia ere izan nuen: YouTuben bideoak zintzilikatzen ikusten nituen, eta nik ezin nuen. Behin hori pasatuta, kanta berriak idazten hasi nintzen, proiektua nolabait gauzatzen. Orain, kantu batzuk eginak eta formatu txikian grabatuak daude. Lehendik genuen zuzeneko disko bat egiteko asmoa, pentsatua genuen disko horrekin bira egin bitartean estudioko lan berria amaituz joatea. Baina Hertzainaken proiektua bat-batean sartu zaigu erdian eta, hori gauzatzeko, nahitaez baztertu behar izan dut, nolabait esateko, nire proiektua. Beraz, sorkuntza prozesua geldirik dago, zuzeneko diskoaren aurkezpenak ere egin behar ditugulako. Ikusiko dugu, baina asmoa da diskoa 2023an grabatzea, bai.
KOLKOTIK
"Azkena gure alde!" oihukatzean...
Festa giroa sortu, bidean geratu ziren hainbat eta hainbat lagunen lana gogoratu, eta omendu.
Lelo bat?
Lasai bizi eta utzi besteei lasai bizitzen.
Rock Radical Vasco gisa ezagutu zen kolektiboko talde bat?
RIP.
Gaur egungo talde edo musikari bat?
Txuma Murugarren eta Damon Albarn.
Musika entzuteko lekurik onena?
Antzoki bat edo barrarik gabeko klub txiki bat.
Musikaria izateak duen gauza on bat?
Asko, baina lehenengoa oso gustukoa dudala.
Eta txarra?
Nire kasuan, fama kudeatzen jakiteko laguntzarik eduki ez izana.
Agertokira atera aurreko maniaren bat?
Orain ez, baina lehen drogatuta egon gabe ezin nintzen irten.
Ahotsa zaintzeko erremediorik onena?
Gehienbat, egunerokoa zaintzea: ordutegiak, alkoholik ez, bizimodu nahiko sinplea.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Jogurtak, barazkiak, arrautzak...
Zer moduz konpontzen zara sukaldean?
Oso ondo. Baita etxeko lanetan ere.
Zer plater ateratzen zaizu ondo?
Koilaraz jateko guztiak eta arrainak labean.
Larunbat gauerako plan onena?
Etxean familiarekin lasai-lasai geratzea.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Bizirik ateratzea lortu duen pertsona bat.
Zerk galarazten dizu loa?
Oso erraz lokartzen naiz, baina lau ordura esnatu, eta akabo!
Nor da zuretzat heroia?
Nire neska-laguna.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Artista.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Bizikleta hartu eta Pagasarrira igo. Oso merkea da, ez da ez gimnasiorik ez psikologorik ordaindu behar.
Labur, nolakoa da Gari?
Biziraun izanak definitzen nau.