GORKA IZAGIRRE (Ormaiztegi, 1987) txirrindulariak urrian utzi zuen lehiarako bizikleta, 16 denboraldi elitean ibilita. Urte askoan, Ion anaiarekin batera. Segitu izan balu, aurtengo denboraldia prestatzen ariko zen orain, baina bizimodua aldatu du. M. Egimendi. Argazkiak: Javi Colmenero.
Altsasuko Itsasi AEK euskaltegian aurkitu zaitugu, C1 mailan. Nolatan?
Etorkizunari begira, suhiltzaile izateko oposizioak egitea gustatuko litzaidake. Horregatik hasi naiz, titulua edukitzeak puntutxo batzuk ematen dituelako.
“Italiako Giroa aurkeztu dute duela gutxi, eta ez dut ikusi ere egin”
“Oso ondo egokitu naiz bizimodu berrira, ez zait kostatu aldaketa egitea”
“Sare sozialak uztea erabaki nuen: gauza handirik eman ez eta denbora kentzen didate”
“Txirrindularitzan, materiala aldatu da gehien, aldea markatzen ari da”
“Ion anaia ondoan edukitzeak asko lagundu izan dit”
“Amorrua ematen dit dauzkagun gobernuek gure kulturarekiko duten utzikeriak”
Horrez gain, zergatik merezi du euskara ikastea?
Euskara gure herri honetako hizkuntza da, baina badakigu gaur egun nola daukagun, baita nola egon den ere. Aurrerapausoak egin badira ere, euskararen herri euskalduna nahi baldin badugu, euskara jakin egin behar da, eta dakienak erabili egin behar du. Asko ibili naiz munduan zehar, euskararen gure herri honetan ere bai, eta asko erreparatzen diot toponimiari: leku izenak, mendi eta erreka izenak, bailara izenak... Esango nuke gure herri honen % 80, oraindik ere, 2025. urtean, euskaraz idatzita dagoela. Hor oinarri bat dago, muina... zergati bat ere bai. Hau maite duenak... zer gauza hobea euskara ikastea baino! Eta ikasten duenak, erabiltzea.
Tropelean ibili zaren 16 urteotan, gauzak asko aldatu dira. Zuk zertan nabaritu duzu gehien?
Gauza asko aldatu dira, bai, baina aldea markatzen ari dena, azken urteotan gehien aldatu dena, materiala izan da, bizikletak beraiek eta osatzen dituzten materialak: bielak, gurpilak, gomak... boom teknologiko handia dago arlo horretan. Bospasei talde oso aurreratuta daude, beste batzuk atzetik doaz, eta pauso bat bakarrik izan arren, asko nabaritzen da.
Erorikoek larriagoak ematen dute orain. Derrigortuta sentitzen da txirrindularia ikuskizuna ematera?
Ez, txirrindulariari ez zaio exijitzen espektakulua ematea. Presioa lasterketak berak jartzen du. Gaur egun, lasterketak asko borrokatzen dira, batez ere World Tour mailakoak, eta ez momentu puntualetan bakarrik: beste faktore batzuek ere aurrean ondo kolokatuta joatera behartzen zaituzte. Tropelean bertan handitzen da presioa pixkanaka, irratiak ia sutan. Eta beste gauza bat: orain, ibilbideak denok ezagutzen ditugu, baina duela 15 urte Euskaltelekin Itzulian parte hartzen genuenean, geuk bakarrik genekin non zeuden ibilbideko zirrikitu eta txoko asko, hemengoak ginenok. Orain, denek dakite dena: Internet, mapak, GPSa, ibilbideak aurkeztu egiten dira... Ezin duzu inor ezertan edo inon harrapatu.
KOLKOTIK
Gogoan duzu profesionaletako lehen garaipena?
Luxenburgoko Itzuliko azken etapa, 2010ean.
Txikitako txirrindulari idoloa?
Miguel Indurain.
Orain oso gustuko duzuna?
Mathieu van der Poel.
Bizikleta gainean disfrutatzeko mendate bat?
Usurbe. Gogorra da, baina goitik oso ikuspegi polita dago. Igotzera animatzen zaituztet.
Bizikletak daukan gauza on bat?
Askatasuna.
Eta txarra?
Sufrimendua.
Txirrindularitza ez den beste kirol bat?
Esku pilota.
Zerk galarazten dizu loa?
Jakingo banu, konponbidea emango nioke.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Baratzera joan.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen titularra?
Euskararen herri osoan euskara ofiziala da gaurtik aurrera.
Larunbat gauerako planik onena?
Emaztearekin afaltzera joatea.
Non jarri dituzu irabazitako trofeoak?
Hainbat etxetan sakabanatuta dauzkat. Denak biltzea oraindik egiteko dudan lana da.
Zer janari ez da falta inoiz zuen etxeko sukaldean?
Esnea.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Bilobak zaintzen.
Bizitzako plazer txiki bat?
Betiko lagunekin, kuadrillakoekin, lehengo kontuez hitz egitea.
Zerk eragiten dizu barre?
Asmo txarrik gabeko bihurrikeriek, hitzez zein ekintzez egindakoek.
Zerk ematen dizu lotsa?
Gure kulturarekiko jende utziak auzo lotsa punttua ematen dit.
Eta amorrua?
Dauzkagun gobernuek gure kulturarekiko duten utzikeriak.
Labur, nolakoa da Gorka Izagirre?
Naturala, sinplea... Hala ikusten dut neure burua.